Gabon zoriontsuak istorio pertsonal gogor batzuei aurre egiteko
Saint Benedict Menni Mental Health Center zentroko “María Josefa Recio” Susperraldi Unitateko pazienteek afari berezi batekin eta opari-banaketarekin -baten batek inoiz ez zuela jaso oparirik esan zuen- ospatu dituzte Gabonak. Pozik egoteko eta gozatzeko uneak dira, baina beren irribarreen eta keinu alaien atzetik Liberian eta Afrikako beste herrialde askotan gaixotasun mentala duten pertsonek izaten duten bazterkeriari buruz hitz egiten diguten istorio pertsonalak daude.
Kateatuta
Gure pazienteetako bat 36 urteko emakume bat da. Bere familiak uste zuen deabruak hartuta zuela. Hori dela-eta eliza batera eraman zuten. Han, kateatu eta bere gorputzaren zati batzuk erre zituzten. Oraindik erredurek eta eskumuturrean izandako kateek utzitako orbain handiak ikusten zaizkio. Urte asko daramatza bere seme-alabak ikusi gabe. Ospitale batean utzi zuten. Ahizpa bat bakarrik kezkatzen da, baina oso urrun bizi da eta bere bi seme-alabak zaintzen ditu.
Zuhaitzetan lo eginez
Unitateko beste pazienteetako bat 45 urteko emakume bat da; eskizofrenia paranoidea du. Berreritzeetan norbait haren atzetik doala eta hilko duela uste du, eta horregatik etxetik ihes egiten du eta kaleetan bizi da. Gauetan zuhaitzen adaburuetan lo egiten zuela dio, gizonek ez bortxatzeko edo harriak ez botatzeko. Hori guztia nahiz eta zuhaitzak inurri gorriez beterik egon eta haien ziztada oso mingarria izan. Gogoratzen du ero esaten ziotela, eta urrun zedila. Pertsona bat bakarrik izan zela atsegina berarekin esan zuen; eta jateko zerbait eman ziola.
Kalean bizitzen
Adin ezezaguneko emakume batekin ere ibili ginen. Adimen-desgaitasuna zuena: ez daki noiz jaio zen, eta ez daki ez irakurtzen, ez idazten. Bere ahizparekin bizi zela esan zuen, baina etxeko jabeak kalera bota zuela bere desgaitasunarengatik. Bere ahizpak ez zuen ezer egin, eta hortik aurrera kalean bizitzen egon da. Ez daki ezer bere familiari buruz. Jendeak urruntzeko agintzen zutela gogoratzen du. Ero esaten zioten eta harriak botatzen zizkioten. Kalean bizi zen bitartean, etxe aberats batean hileta bat egiten ari zirela ikusi zuten. Goseak jota, oturuntzan janaria lapurtzera sartu zen. Hildako emakumearen alabak ikusi zuen, eta topaketa horri interpretazio sinboliko eta espirituala emanez, zentro espezializatu batera eramatea eta tratamendua eta mantenua ordaintzea erabaki zuen. Pazientea gure zentroa dagoenetik, bere laguntzaile pertsonalak bidali ditu zenbait alditan bere egoeraren berri izateko eta behar duen edozer gauza ekartzeko.
Bere emazteak eta familiak zapuztuta
Beste kasuetako bat 25 urteko emakume batena da. Eskizofrenia paranoidea ere du, eta bi seme-alaba ditu. Gaixotu zenetik bere familiak ez du onartu, eta senarrak utzi du. Bere amak psikosia ere duela dio, eta zentro batean dago. Antza gaixoak kateatuta dituzte eta otoi egiten dute bakarrik haiengatik.
Ospitale batean bortxatuta
Beste paziente bat 25 urteko emakumea da. Depresio psikotikoa du. Aurretik egon zen ospitale batean bortxatu zuten. Bortxaketa beste paziente batzuek ikusi zuten. Berak dio antzeko eraso baten ondorioz haurdun geratu zen emakume gazte bat ezagutu zuela.
Jipoiak
Beste emakume batek 36 urte ditu, eta eskizofrenia paranoidea du. Psikiatriko batean egondako azken aldian alta emanda, kamioi batean ihes egin zuen Ginearaino, eta han hainbat urtetan desagertuta egon zen. Bere familiak dio bortxaketak jasan dituela. Zenbait hortz falta zaizkio ahoaren beheko aldean, emandako jipoiengatik. Bere familiak azkenean aurkitu zuen eta Liberiara ekarri zuten berriro. Hor, Ahizpa Ospitalarien unitate batean sartu zuten.
Hori da gaixotasun mentalaren atzetik Liberian dagoen errealitatea, eta milaka kilometrotara bizi garenontzat oso zaila da hori ulertzea baliabidez beterik dagoen ongizatearen gizarte batean.
We Are Like You programak gaixotasun mentala duten emakumeek Afrikan duten egoera ezagutzera ematen du, estigmatizazioa eta giza eskubideen urratzea salatzeko. Bestalde, gutxieneko arreta ematen saiatzen da, pertsonak gisa duintasuna berreskura dezaten eta inguru komunitarioetan bizi daitezen.