Futbolean oinarritutako Oroipen Tailerra abian da Deustuko Eguneko Zentroan ere
Deustuko (Bilboko) Aita Menni adinduentzako Eguneko Zentroa, joan den astearteaz geroztik, martxoak 14, Futbolean oinarritutako Oroipen Tailerraren edizio berri baten jokalekua da; narriadura kognitiboa duten adineko pertsonei zuzenduta dago, eta elkarrekin bultzatzen duteFEAFVk (Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioa) etaAFEk (Espainiako Futbolarien Elkartea), Athleticeko Jokalari Ohien Elkartearen zein talde txuri-gorriaren partaidetza eta laguntzarekin.
Deustuko Eguneko Zentroak, horrenbestez, futbolari lotutako oroitzapenak erabiliz estimulazio kognitiboko terapiak garatzen ari diren eta Aita Mennik kudeatzen dituen adinduentzako hiru zentroekin bat egin du: Bilboko adinduentzako Txurdinagabarri egoitza, zeina Euskadin aitzindaria den eta dagoeneko bi edizio hartu dituen, Durangoko Joxe Miel Barandiaran egoitza eta Arrasateko Aita Menni Ospitalea.
Oroipenaren terapia terapia ez farmakologiko moduan erabiltzen da, dementzia duten pertsonen estimulazio kognitiborako, eta bere oinarrian dago iraganeko uneak oroitzea. Eskuarki, argazkiak eta objektu ezagunak erabiltzen dira oroipena errazteko. Ildo horretan, futbolak aukera ematen du esperientziak partekatzeko eta bizitzaren hainbat alderdi inplikatzeko, kirolari lotutako oroitzapenetatik abiatuta.
Hasierako saioan izan ziren, Eguneko Zentroko partaideez, hurbileko senideez eta langileez gain, Aita Menniko Psikologia Klinikoko Departamentuko buru Jose Antonio Ezquerra,; Deustuko Eguneko Zentroko arduradun eta Aita Menniko Gizarte Laneko Departamentuko buru Elena Berecibar; Athleticeko futbolari profesional ohi eta FEAFVko lehendakari Jose María Zorriqueta; eta Andoni Ayarza, futbolari ohi eta kazetaria, FEAFVeko komunikazioko zuzendaria eta FEAFV & AFE Futbol “Oroipena” proiektuaren koordinatzaile nagusia.
Saioak astearteetan egingo dira 12 astetan, eta 2 orduko iraupena izango dute; bertan erabiliko dituzten materialak izango dira irudiak, abestiak, bideoak, himnoak eta objektuak (kamisetak eta baloiak, garai batekoak eta modernoak…). Gainera, hiru saio berezi egingo dira, jokalari txuri-gorrien bisitekin eta leku enblematikoetako irteera programatuekin, hala nola San Mames Estadiora edo Lezamako kirol instalazioetara, bertan entrenatzen baitu lehen taldeak, “lehoikume” gazteak prestatzeko sehaska ere izanik.