Futbolean oinarritutako Deustuko Erreminiszentzia Tailerraren grabazioa Tele 5 / Cuatron
Atlas ekoiztetxeko telebista ekipo bat Deustuko adinduentzako Eguneko Zentroan izan zen, maiatzaren 23an, Futbolean oinarritutako Erreminiszentzia Tailerraren saioa grabatzeko; bertan Rafa Alkorta, Javi Gonzalez eta Patxi Ferreira Athleticeko jokalari ohiak izan ziren. Grabazioaren helmuga Cuatro edo Tele5ko albistegiak izango da.
Tailerrak erreminiszentzia lantzen du, futbolari lotutako oroitzapenenen bitartez, Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak (FEAFV) eta Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) antolatzen dute, eta telebista kate horien arreta bereganatu du, Alzheimer gaixotasunari lotutako informazio kanpaina bat prestatzen ari baitira. Horrenbestez, ekipo bat bidali zuten tailerraren garapena grabatzeko eta antolatzaileei eta parte hartzaileei elkarrizketak egiteko.
Txurdinagabarri Egoitzako –Euskadin aitzindaria da horrelako tailerretan– zuzendari Jose Antonio Ezquerrak eta Deustuko zentroko psikologo Joana Lopezek erreminiszentzia terapiaren onurak azaldu zituzten, baita futbolari lotutako erreminiszentzia berezi egiten duten ezaugarriak ere; FEAFVko lehendakari Juan Maria Zorriqueta horrelako esperientzien jatorriaz mintzatu zen, eta FEAFVk tokian tokiko futbolari beteranoek espainiako hiriburu ugaritan nola jarri dituzten martxan esplikatu zuen; eta Rafa Alkortak, gonbidatutako “lehoi” ohiak ordezkatuz, FEAFVri eta gure zaharrei futbolaren inguruko une dibertigarri eta atsegin batez disfrutatzen lagundu ahal izateagatik duen poza nabarmendu zuen.
Atlaseko taldeak tailerraren protagonisten lekukotza ere jaso ahal izan zuen, tartean Isaac, Julia, Begoña edo Isidrorena, eta horiek azaldu egin zuten nola gauza batzuk oso erraz oroitzen dituzten –hala nola Athleticen aurreko lerro mitikoaren osaera, Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzak osatu zutena–, baina beste batzuk gehiago kostatzen zaiela.
Andoni Ayarza tailerraren koordinatzailea eta FEAFVko Komunikazio arduraduna da, eta hainbat jarduera eta jolas proposatu zituen, oroimena eta jarduera kognitiboa estimulatzeko helburuarekin. Marce, Juana, Isidro, Isaac, Julia, Candi eta Begoña –egunero joaten dira Zentrora eta tailerrean parte hartzen dute– Andoniren galderei erantzuten saiatu ziren, oraingo honetan luxuzko laguntzaile batzuekin: Rafa Alkorta, Javi Gonzalez eta Patxi Ferreira “lehoi” ohiak. Haiekin batera, gure erabiltzaileek Athleticen himnoa abestu zuten, iraganeko pasadizoak kontatu zituzten, taldeak eta jokalariak ezagutzera jolastu ziren, une zuri-gorri historikoak oroitu zituzten, San Mamesera egin berri duten bisitaren argazkiak ikusi zituzten eta euren iragarpenak egin zituzten Bartzelonak eta Alavesek jokatuko duten Kopako finalaren inguruan, astero egiten duten “porran” –Isidro doa buru–.
Saioan oso une dibertigarriak egon ziren, eta hainbat aldiz emozioak ere azaleratu ziren; azkenean argazkiak egin zituzten, eta beterano zuri-gorriak maitasunez despeditu ziren gure erabiltzaileez. Denek primeran pasatu zuten.