Euskadiko Irakurketa Erraza erakundearekin lankidetzan aritzen gara zailtasunak dituzten pertsonei irakurketa hurbiltzeko
Irakurtzea plazer handia da pertsona askorentzat, baina kalkuluen arabera, biztanleen % 30 inguruk zailtasunak izan ditzake irakurtzeko.Ehuneko horren barruan daude garuneko kaltea duten pertsona asko.Hori dela eta Aita Menni Ospitaleak hitzarmen bat sinatu du Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza erakundearekin.Erakunde horren helburuetako bat irakurketa sustatzea da, gizarteratzea bultzatzeko.
Irakurketa erraza (IE) 60ko hamarkadan hasi zen sortzen Europako iparraldeko herrialdeetan. Euskadin, Bilbon dagoen Azkuna Zentroko liburutegia izan zen irakurketa erraza bultzatu zuen lehenengoa. Horrela, 2012. urtean klub bat sortu zuen, ezagutzen ditugun ohiko kluben dinamika berari jarraitzen diona: testu bat irakurtzeko eta horri buruz hitz egiteko elkartzen dira. Baina testu hori “irakurketa errazeko” formatuarekin idatzita dago, beraz, hizkuntza erraza eta ulergarriagoa izateaz gain, erraz ulertzeko zenbait irizpide ere baditu.
Irakurketa errazak istorioaren funtsari eusten dio. Oro har esaldi sinpleak erabiltzen ditu, eta erabiltzen ez diren hitzak eta literatura-baliabideak (hala nola metaforak) saihesten ditu. Horrela, irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonek narrazioaz goza dezakete.
Gozatu elkarrekin irakurtzen
Aita Menni Ospitalearen eta Lectura Fácil Euskadi erakundearen arteko hitzarmen hau, Logopedia sailak tresna hori ezagutzeko zuen interesarengatik egin da, zentroen erabiltzaileen arretan garatu nahi duelako, eta material horiekin irakurketaren inguruko jarduerak abian jarri. Bestalde, Lectura Fácil Euskadi erakundeari esker, garuneko paralisia duten pertsonekin izandako esperientzien berri izan dugu, eta orain arte oso positiboak izan dira.
Taldean irakurtzeak elkarri eragiten eta gizarteratzen laguntzen du.Hasiera batean Bilboko Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentroko profesionalek irakurketara egokitutako materiala banatuko dute profesional eta pazienteen artean.Horrez gain, Aita Menniren zentroetan eta udal liburutegietan irakurketa-taldeak sor daitezela sustatuko dute.Edonola ere, garrantzitsua da garuneko kaltea duten pertsonak gure zentroetatik kanpo ateratzea, inguru inklusiboa erabiltzea (liburutegiak esaterako) eta taldeetan irakurtzea gustukoa duten edozer motatako jendea sartzea.
CENER zentroko logopedek –Ángela Fernández de Corresek, Álvaro López Quintanak eta Marina Pascualek– bultzatutako jarduerak Bilbon hasiko dira, hala ere, asmoa da Donostiara eta Arrasatera ere hedatzea.Xedea da motibatzen duen irakurketa-materiala eta irakurtzeko, idazteko edo ulertzeko zailtasunak dituztenentzat ulerterrazak diren eduki garrantzitsuak partekatzea.