Etxetek-ek laguntza produktuen erakusketa berritu eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza baten erreplika egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiko Laguntza Produktuen eta Irisgarritasunaren Foru Zerbitzua da Etxetek. Berritu egin du desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza produktuen erakusketa, eta kolektibo horrentzat egokitutako etxebizitza bat txertatu du. Zehazki, etxebizitza baten erreplika gehitu du Ondarretako instalazioetan (Donostia), desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza tresnak erabiltzen erakusteko, euren eguneroko bizimoduan autonomiaz jokatu dezaten. Etxe batean gehien erabiltzen diren guneen erreplika da (komuna eta logela), laguntzarako elementu arkitektoniko bereziz eta aplikazio domotikoz horniturik, irtenbide errealak erakusteko asmoz.
Erakusketa berri horretan izan ziren hilaren 1ean, ostirala, Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako diputatua, eta Mikel Tellaeche, Aita Menniko zuzendaria, erakunde honek kudeatzen baitu Etxetek. Erakusketan daude bilduta, halaber, mugikortasunean laguntzeko produktuak (adinekoentzat zein haurrentzat), irisgarritasunerakoak, higienezkoak eta komunikazio elementuak.
1989. urteaz gero martxan dagoen Etxetek zerbitzuaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua da desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatzea eta laguntza erraztea, euren ohiko ingurunean eguneroko jarduerak gauza ditzaten. Beraz, mendekotasunen eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntzak aurreikusten ditu.
Zehazki, laguntza produktuak edo autonomia bultzatzeko eta etxeko ingurunean oztopo arkitektonikoak desagerrarazteko laguntza ekonomikoak jartzen ditu premia duten pertsonen eskura. Etxetek-ek Donostian eta Eibarren ditu egoitzak eta, bertan, informazio pertsonalizatua eskaintzen die behar duten pertsonei. Donostian, gainera, erakustoki bat dauka, arlo horretan dauden irtenbide errealak erakusteko.
Etxetek-en datuak
Erabiltzaileen %76 70 urtetik gorako pertsonak dira. 2018an, 3.117 laguntza eskaeraren espediente tramitatu zituen, eta ekipamenduak berrerabilita 3,2 milioi euro aurreztea lortu zuen. Gipuzkoan desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei 12.000tik gora laguntza ekipamendu utzi zizkien.
Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuek lanean jarraituko dute Etxetek Gipuzkoako eguneko zentroen eta egoitzen sarera, ESIetara eta gizarte zerbitzuetako profesional, familia zein erabiltzaileei hurbiltzen jarraitzeko.
*Informazio gehiago grafikoan klik eginez