Orain dela urte bat baino gehiagotik Donostiako Eskibel Ikastetxea eta Aita Menni Ospitalea garatzen ari diren esperientzi trukeak eta lankidetzak fruituak ematen jarraitzen dute. Joan den urtarrilean, hilaren 19an zehazki, Erain-Eskibel konpainiako neska talde bat Aita Menniren Zuatzuko Eguneko Zentrora joan zen, ikasleak eta erabiltzaileak elkarrekin San Sebastian jaia ospatzeko.
“Emozioa nabarmena zen guztien artean, paziente, langile zein ikasleen artean. Sarriegi maisuaren piezekin, gure ikasleek ahalegin betea egin zuten arratsalde hartan bertan zeuden lagunek tarte atsegin bat pasa zezaten”, argitaratu zuen ikastetxearen webguneak, argazki polit honen ondoan.
Urtebete bat boluntariotzan
Ikasturte berria hastearekin bat, Eskibel Ikastetxeko neskatilek 2016ko urtarrilean Zuatzun abiarazi zuten boluntariotzari berrekin zioten. Berriro ere, ekintza hasi baino lehen, ikasleek prestakuntza saio bat jaso zuten gure bi fisioterapeutaren eskutik –Eider Aizpuru logopeda eta Natalia Cruz neuropsikologoa–, hartutako kalte zerebrala zer den eta bere ondorioak zein diren ezagutzeko. Esaterako, gaur egun oso ondo dakite zer diren irensteko arazoak, izan ere, txandaka, jangelan laguntzen dute eta konpainia egiten diete bertan dauden lagunei. Espe Vicente begiralearen laguntzaz, ostiralero hiru ikaslek platerak banatu eta mahaiak jasotzen dituzte 45 minutuz gutxi gorabehera; tarte horretan, garrantzitsuena hurbiltasuna da, hartutako kalte zerebrala dutelako zentrora etortzen diren pertsonek eduki ditzaketen komunikazio arazoak gorabehera.
Lankidetzaren hasiera moduan, Aita Menni Ospitaleko Mikel Tellaeche zuzendari gerente bera ikastetxera gerturatu zen, Eskibeleko ikasleei Ahizpa Ospitalarien lana, Liberian nazioarteko lankidetzan duten esperientzia eta “We are like you“ proiektu solidarioa ezagutarazteko.
Trukeko hilabete hauek oso aberasgarriak gertatzen ari dira Zuatzuko Zentroarentzat zein Eskibel Ikastetxearentzat. Ikastetxean helarazi digutenez, “ikasleak borrokan aritzen dira etorri ahal izateko”. Betetzen dituzten gogobetetze inkestetako oharretan beti jartzen dute 9-10 puntuko nota.
Duten jarrera, babes eta inplikazioagatik, hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Eskibel Ikastetxeari.
Eskibel Ikastetxeko boluntarioak Espe Vicente begiralearekin