Ilusioa eta gogoa ez zaie falta. Cecilia Recuero, Clara Cabrera, Marta Bernar eta Cecilia Álvarez dira Aita Menni Ospitalean hilabete batez boluntario moduan aritzeko etorri diren Nafarroako Unibertsitateko Erizaintzako lau ikasleak. Normalean gertatzen denez, ezagun baten bidez izan zuten “aukera” esaten dioten horren berri eta ez zuten ezta pentsatu ere egin. Uda laburragoa Galizian, Kordoban, Iruñean edo Donostian, konstanteak neurtzeko, sendaketak egiteko, botikak emateko…Zentroko langileei pazienteak ulertzen laguntzeko.
Egun batzuk igarota, 20 urte besterik ez dituztela, “berriak” naturaltasun osoz moldatzen dira zentroan. “Kaixo, Miguel!”, “Kaixo, neskato!”. Paziente eta langile guztiek izenak dakizkite dagoeneko, eta errespetuz eta hurbiltasunez tratatzen dituzte. Irribarretsu daude beti. Maitasun handia ematen dute; badakite keinu on bat zein garrantzitsua den zentroan bizi diren pertsonentzat.
Ezagutza teorikoa eta praktikoa
Gaixotasun mentalaren inguruan zituzten eskemak apurtzeko batik bat balio izan zaie zentroan eman duten denbora. “Ospitalea ez da inola ere pentsatu nuen modukoa; ez da psikiatriko bat. Pertsona arruntak dira. Egia esan, bere etxea da hau”, azpimarratu du Cecilia Alvarezek. “Esperientzia bereganatu dugu, eta gaixotasun mentalaren inguruan ikasi dugu”, esan du Martak. “Horrez gain, zuzendari medikoak gaiari buruz egin zuen hitzaldi batean ere egon ginen, eta oso interesgarria izan zen”. “Ziurtasun handiagoarekin egingo dugu hurrengo ikasturtea, zalantzarik gabe”.
Clarak onartu du hasiera batean bere unitateak, hots, jokabide-arazoak dituen ezintasun intelektualarenak, “hunkitu” egin zuela, baina harrituta ere geratu zela pazienteei maitasuna hartzeko azkartasunarekin. Uztailaren 2an utziko dute zentroa, eta paziente bat baino gehiago agur egiteko egunak zenbatzen hasiak dira. Cecilia Recuerok dio askotan esaten diotela “etorri polit hori eta eman muxu bat” , edo “joaten zarenean negar egingo dut” moduko esaldiak, eta oso barrenera heltzen direla.
Lau gazteak jende guztiaren maitasunaren oroitzapen atseginarekin joango dira zentrotik, eta ez dira ahaztuko, besteak beste jantokian egunero zerbitzatzen dien Pilar neskaz, Boluntarioen arduradunaz edo gerenteaz beraz. Zentroak izan dituzten gainbegiraleen konfiantza ere eskertu nahi dute: Nagore, Espe, Olatz, Eva eta Miren, adi-adi egon direlako beti egindako lanarekin. Zalantzarik gabe, asko pozten dira ekaina Ahizpa Ospitalarien txalet txikian emateko erabakiarekin, eta diotenez, “amak izango balira” bezala tratatu dituzte. Ziur asko, ez dira uda honetaz ahaztuko.