Joan den asteartean, azaroak 19, danaren biktimen aldeko elkartasun ekitaldia egin zen Aita Menni Ospitaleko patio nagusian. Arrasateko gure zentroko unitate guztietako pazienteek, mikrofonoa eskuan zutela, elkartasuna adierazi eta hitz batzuk esan ahal izan zizkieten batez ere Valentzian gertatu berri diren uholde lazgarriek kaltetutako pertsonei.
“Aita Menni Ospitaletik onena opa dizuegu”. “Espero dugu desagertutako pertsona guztiak lehenbailehen aurkituko dituzuela, senideak eta lagunak”. “Babes eta animo handia hildakoen senide eta lagunentzat eta Valentzian etxerik gabe geratu direnentzat. Adorea guztientzat!”. Horrelako esaldi hunkigarriak irakurri ondoren, bi boluntario zirkuluaren erdian jarri ziren, bi sinboloren inguruan: Valentziako bandera eta Ahizpa Ospitalarioen bihotza.
Korroaren erdian, ondoren, elkartutako bi zortziko formako bi irudi sortzen joan ziren, taldearen batasunaren eta indarraren irudikapen gisa. Izan ere, Egonaldi Ertaineko Unitateko pazienteek idatzitako testuak dioen bezala, “garai zail hauetan, komunitatearen batasuna eta maitasuna beharrezkoago egiten direnean, batu egiten gara eta elkartasuna adierazten diegu pertsona maiteak galdu dituztenei, osasunaren alde borrokatzen direnei eta gertaera tragiko honek nola edo hala eragin eta kaltetu dituenei. Badakigu sufrimendua ez dela berehala gainditzen, baina elkarren babesa, enpatia eta itxaropena aurrera egiten laguntzen diguten indarrak dira. Ekitaldi xume honekin, Aita Menni Ospitaletik gure babesa eta doluminak bidaltzen dizkiogu Valentziako herriari”.