Adineko pertsona

Covid-19 birusaren epidemia dela-eta adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileei eta senideei laguntzeko programa

San Benito Menni, el corazón hospitalario y una gerocultora asistiendo a una persona mayor

Aita Menniren Debagoienako adineko pertsonen eguneko zentroen talde profesionalak familiak eta erabiltzaileei laguntza programa bat prestatu du, Covid-19 birusaren epidemia dela-eta.

Adinekoen eguneko zentroa diziplina anitzeko talde batek osatutako baliabide sozio-sanitarioa da, eta etiologia neurologikoko kasu gehienetan mendekotasun egoeran dauden adinekoei arreta ematera dago bideratuta. Horretarako, jarduera eta dinamiken programa bat egiten da, errehabilitaziora edota dauden gabeziak arintzera eta, ahal den neurrian, endekapenezko gaixotasunen narriadura moteltzera bideratutako banakako helburuekin. Era berean, egoera horien testuinguruan sor daitezkeen konplikazioak kudeatzea eta prebenitzea aztertzen da, hala nola portaera edota afektibitate nahasmenduak.

Bestalde, baliabidearen izaera kontuan hartuta, erabiltzaileen familiei laguntzeko elementua ere bada, zaintza lanari karga kentzen baitio; eta, bide beretik, informazioa, gaikuntza eta laguntza emozionala emateko tresna ere bai.

Horregatik guztiagatik, eguneko zentroa funtsezko gailu bihurtzen da beren etxeetan bizi diren mendeko adinekoei eta haien familiei arreta emateko, eta hainbat onura psiko-sozio-ingurumeneko ekartzen dizkie, bai adinekoei bai haien familiei.

Testuinguru horretan, eta pairatzen ari garen pandemia dela eta, martxoaren 13tik aurrera Debagoieneko adineko pertsonentzako eguneko zentroak itxi ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz (bereziki zaurgarriak diren adineko pertsona horiengan birusaren hedapena prebenitzeko osasun irizpideetan oinarrituta). Zehazki, Arrasate, Bergara, Soraluze, Eskoriatza eta Oñatiko eguneko zentroak itxi ziren, eta horrek eragina izan zuen 120 erabiltzaile baino gehiagorengan eta horien familiengan, astelehenetik ostiralera, eta 40 baino gehiagorengan, asteburu eta jaiegunetan.

Arestian aipatutakoa oinarri hartuta, zentroetan lan egiten dugun profesionalok uste genuen neurri horrek hainbat zailtasun sor zitzakeela etxeetan, eta erabiltzaileei eta haien senide zaintzaileei eragin ziezaiekeela.

Kontingentzia plana

Horregatik, kontingentzia plan bat osatu genuen, eta hauek hartu genituen ardatz:

  • Oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatzea; izan ere, zentroko erabiltzailea etxera joaten da, eta baliteke zentroko baliabideak behar izatea: etxeko laguntza, laguntza teknikoak, etab.
  • Erabiltzaileek eta haien familiek etxean duten egoerari jarraipena egitea, helburu hauekin:
    • Etxe bakoitzean duten egoera bereziaren berri jasotzea
    • Familiei honako baliabide hauek ematea:
      • Proposa ditzaketen hainbat gai ebazteari buruzko informazioa: senidearen egoera, komunitatean dauden baliabideak, nola maila sozialean hala osasunarenean, etab.
      • Estimulazio kognitiboko material baliagarria eskaintzea, aisialdia modu aktiboan igarotzeko; fitxa batzuk ditu (100 inguru), estimulazio kognitiboa errazteko dinamikak egiteko berariaz diseinatuak, erabiltzaile bakoitzaren beharrizanen eta egoera pertsonalaren arabera. Orobat, zaintzailearen eta haren senidearen arteko elkarreragin aktiborako espazioak sustatzen dituzte, harreman dinamiko baten esparruan.
      • Gaikuntza, jokabide eta afektibitate asaldurekin lotuta gerta daitezkeen egoera partikularrak kudeatzeko estrategiei buruzko orientabideak ematea. Horrela, errutinak ezartzen dira, bai eta portaera errepikakorrei, kezkei eta bestelakoei heltzeko berariazko kudeaketa jarraibideak ere (distrakzio estrategiak, etab.).
      • Laguntza emozionala, arreta berezia jarrita bizi duten egoerak gehien eragindako eta gainkargatutako senideengan. Zentzu horretan, esan behar da askotan senide zaintzailea adineko pertsona bat dela, normalean ezkontidea.

Baliatutako metodologia familiarekin astero telefonoz komunikatzean oinarritzen da, beste euskarri batzuk ere erabiliz, hala nola laguntzarako material terapeutikoa bidaltzeko posta elektronikoa. Bakoitzaren egoeraren arabera, familia batzuekin maiztasun handiagoz jartzen gara harremanetan. Nolanahi ere den, familia guztiei eman zaie harremanetarako telefono zenbaki bat, bai eta egoera ezagutzen duen erreferentziazko pertsona baten kontaktua ere, edozein gauza gertatuta ere erabili ahal izateko.

Izandako harremanetatik nabarmentzekoa da, besteak beste, gainerako erabiltzaileen eta horiekin lan egiten duten langileen osasun egoerarekiko interesa eta kezka.
Era berean, kezkatuta daude birusaren gaur egungo hedapenagatik, bai eta beren Eguneko Zentroaren etorkizunagatik ere.

Esperientzia horren emaitza oso positiboa izaten ari da. Familiek, oro har, esker ona adierazi dute, eta esku hartzen ari diren profesionalek gogobetetasun maila handia erakutsi dute.