Nati Regos-ek: «Aita Menni familia dela sentitzen dut»

Nati Regos-ek: «Aita Menni familia dela sentitzen dut»

Nati Regos monitoreak Aita Menni ospitalearen historia ezin hobeto ezagutzen du, bertan urte askoan lan egin baitu. 16 urte baino ez zituela hasi zen Ahizpa Ospitalarien zentroetan lan egiten. Berrogeita hiru urte igaro ondoren, etxean bezala sentitzen da zentroan, eta pazienteak eta lankideak familiatzat hartzen ditu. Berak zera kontatzen digu

Aita Menni-ko langileak, «Gatazkak kudeatzeko ikastaroa» egin zutenak

Aita Menni-ko langileek gatazkak kudeatzeko prestakuntza jaso dute

–          Noiz hasi zinen lanean ospitalean?

1971n, 16 urte bete berriak nituela. Harreragile hasi nintzen. Batxilergoko eta mekanografiako ikasketak nituen, eta nire asmoa enpresa batean lan egitea zen. Baina hemengo lanak –garai hartan Santa Ageda Erietxe Psikiatrikoa zen– harrapatu egin ninduen.

–   Zer oroitzapen duzu harreragile izan zineneko garaiaz?

Zazpi urte eman nituen lanpostu horretan, lehen semea izan nuen arte. Iritsi nintzenean, neskatila nintzen, eta ia alaba gisa tratatzen ninduten guztiek. Kanpotik etorritako langile bakarra nintzen. Bost urte geroago, hemengo elizan ezkondu nintzen; hemen lan egiten nuen ezkondu nintzenean, alargun gelditu nintzenean eta bi iloba jaio zirenean.

Telefono-gune beltza etorri zait gogora. Luzapenek palanka txiki bat zuten, eta biraderari eragin behar izaten genion dei egiteko. Argi berdea pizten zenean, beltz koloreko aurikular handia hartzen genuen. Gero, denbora gutxi pasa ondoren, aldatu egin zen.

       Nati, Aita Menni Ospitaleko harrera-gunera heldu berria.

–          Berrogei urte baino gehiago igaro dira, nolakoa zen garai hartako erakundea?

Kide gazte askok osatzen zuten ahizpen komunitatea: ehun lekaimetik gora. Gutxi gorabehera, 1.200 paziente zeuden. Guzti-guztiak emakumeak ziren: bizkaitarrak, gipuzkoarrak. Eta Burgosko pazienteak ere bazeuden, baina bi urte geroago Oña-ra bidali zituzten. Paziente gehienak oso gazteak ziren.

–          Horren ondoren, zer gertatu zen?

1978an, lehen semea izan nuenean, eszedentzia eskatu nuen. Itzuli nintzenean, beste ama nagusi bat etorri zen. Zuzendari berriak erabaki zuen ni unitateetara bidaltzea. Pabiloiak ziren, eta logela bakoitzean 24 edo 30 ohe zeuden, jarraian kokatuta. Kasualitatez, garai hartan lekaime batzuk erietxeko laguntzaile izateko ikasketak egiten ari ziren, jarduteko nahitaezkoa ez bazen ere. Eta ni ere ikasketa horiek egitera animatu ninduten. Zentroan lan egiten zuten medikuek eta erizainek eman ziguten prestakuntza, eta Donostian egin genuen azterketa. Guztiok gainditu genuen.

Bi urtean, bigarren semea eduki nuen arte, Bihotz Sakratuan edo Pensionado esaten zitzaion zentroan jardun nuen. Baliabide ekonomiko handienak zituzten gaixoak bizi ziren han. Bigarren eszedentziatik itzuli nintzenean, adimen-atzeratasuna zuten gaixoak zaintzeko unitatean hasi nintzen. Geroago, San Rafael eraikinera bidali ninduten. Han gaixo eskizofreniko larrienak, «eroenak» zeuden. Eta han, hain justu, primeran moldatu nintzen. Niretzat «ero» hitzak ez du konnotazio txarrik. Emakume gaixo horiek nire ero kutunak dira. Eta maitasun osoz esaten dut hori.

Aldaketa handiena 1985ean izan zen, paziente guztiak eraikin berrira lekualdatu zituztenean. Ohe guztiak ilaran jarrita zituzten logelak, Norbaitek hegan egin zuen kukuaren habiaren gainean filmean ikusitakoen modukoak, atzean utzi, eta bi oheko gelak izatera pasatu ginen, bainugela eta guzti. Gaur egunekoak bezalakoak ziren. Paziente bakoitzak bere erara apain zezakeen, eta nork bere armairua zuen.

–          Erietxeko laguntzailea zinen, baina garai hartan erantzukizun handia hartu zenuen zure gain.

Bai. 1989. urtean, ama nagusiak eta ahizpa zuzendariak proposatu zidaten San Juan de Dios unitateko arduraduna izatea, kudeatzaile-lanpostuaren antzekoa. Eta «esperimentua» ondo atera zen. Lehenengo aldiz, erlijio-komunitatetik kanpoko batek bere gain hartu zuen eraikinaren kudeaketa, hots, erosketak egitea, zer falta zen gainbegiratzea, senideek pazienteei ohiko gastuetarako (kafe bat hartzea, jantziak erostea, etab.) ematen zieten dirua administratzea.

Horretan 1992a arte jardun nuen, borondatezko hirugarren eszedentzia eskatu nuen arte. Neke-neke eginda nengoen, eta halako fase batean zirt edo zart egin behar duzu, eta nik urtebetea libre hartzea erabaki nuen.

Aldaketa anitzeko garaia izan zen. Ospitalean gero eta lankide sekular gehiago zeuden, eta zentroan gizonezko pazienteak ere onartzen ziren.

Aita Menni-ko langileek gatazkak kudeatzeko prestakuntza jaso dute

–          Eta itzuli egin zinenean, erronka berriak aurkitu zenituen.

Zuzendaritzak erabaki zuen garbitegiaz arduratzeko pertsona egokia nintzela. Eta horren arduraduna izan nintzen hamar urtean. Lan gogorra zen, eta bizia han uzten nuen. Kanpoko lau pertsona aritzen ginen garbitegian, eta 23 pazientek laguntzen zuten. Gero, zerbitzua azpikontratatu zen, eta beste behin ere postuz aldatu nintzen.

–          Aukera berriak, ilusio berriak…

Egia. Mediku batzuek esaten dute komeni dela hiru urtez behin lanpostuz aldatzea, bestela, ajeak hartzen direlako, eta ilusioa galdu egiten delako.

Eguneko ospitalean monitore gisa hasi nintzen. Gaur egun, eguneko zentroa da. Tailer bat egiten nuen, goizez etortzen ziren 13 paziente psikiatrikori zuzenduta. Gaur egun, goizez Aita Menni Egoitzan jarduten dut, alzheimerra duten pertsona zaharrak zaintzen. Arratsaldez, Aita Menni-ko pazienteen etxebizitzak gainbegiratzeaz arduratzen naiz, baina hori lehen ere egiten nuen. Hiru etxebizitza dira, eta, nirekin batera, gizarte-langile batek, psikologo batek, erizain batek eta psikiatra batek osatzen dugu lantaldea.

Pisu horietan buruko gaixotasuna duten emakumeak, 60 urtetik gorakoak, bizi dira. Goizez parte hartzen dute ospitaleko tailerrean. Lau kideko etxebizitza bi daude, eta sei kideko pisu bat. Ospitalean baino bizi-kalitate hobea dute etxebizitzetan. Herritarrekin ez dute arazorik; etxean, ordea, haien artean, bai. Nire lana haiek ez ezik etxebizitzak ere ondo daudela gainbegiratzea da: dietak betetzen dituzten, garbiketa egiteko eta janaria prestatzeko txandak betetzen dituzten, Gizarte Laneko zerbitzuak ematen dien dirua behar bezala erabiltzen duten…

–          Aita Menni Ospitalea bereziki espezializatu da psikiatrian. Nolakoa da buruko gaixotasunarekin egunero bizitzea?

Erotasuna ia normaltasuna da niretzat. Ospitaletik kanpo dauden pertsona asko, diagnostikorik eta kontrolik ez dutenak, baino askoz hobeto daude gure gaixoak. Askotan pentsatzen dut hori. Paziente guztiak maitasun osoz tratatzen ditut, horrela bizi eta hasi egin garelako. Adibidez, pazienteei deitzeko, beraien izenen txikigarria erabiltzen dut beti: Angelines, Conchita, Felicitas… Gaur egun, lankide asko gaude, baina hasieran, eragile soziokulturalik ez zegoenean, gizarte-langile jarduten zuten ahizpek Nati deitzen ninduten, gauza guztietarako: tonbola bat antolatzeko, Natiri deitu; miss Ospitalea aukeratzeko, Natiri deitu…

«Erotasuna normaltasuna da niretzat»

–          Urte asko igaro dira, eta ziur asko, Aita Mennin paziente, anekdota eta gertaera bitxiak izan dituzue; baita pertsonaia ospetsuak ere. Adibidez, duela gutxi joan zaigun Leopoldo Panero olerkaria.

Gogoratzen zaizkit albiste hunkigarri batzuk, hala nola Juan Maria Bandrés politikaria eta Javier Otxoa txirrindularia Garuneko Kalte Unitatean sartu zirenean. Baita Panerorekin eta bere erotasunarekin topo egitea eta kafetegiko barran izandako elkarrizketak ere: «Arratsalde on» esan, eta berak psikiatriaren aurkako hitzaldia botatzen zuen. Panerorekin, dena zen ero; ezinezkoa zen bere elkarrizketaren hariari segitzea.

Aita Menni-ko langileek gatazkak kudeatzeko prestakuntza jaso dute

–          Eta hainbeste urte pasa ondoren, zein da zure lan-bizitzari buruz egiten duzun balorazioa?

Bada, lehen garaia niretzat oso berezia izan zen, oso familiarra izan zelako. Beste garai batean lankideen arteko distantzia hierarkikoak handitu egin ziren, agian zuzendaritza-motarengatik, eta, gero, erlaxatu egin ziren berriro. Behar honetan pazientzia handia edukia behar duzu. Dena den, ni erraz ahazten naiz lanaz, autoa ospitaletik irteteko hartu bezain laster. Hala eta guztiz ere, laster etxebizitzak mistoak izango dira, eta emakumeak eta gizonak elkarrekin biziko omen dira. Nik nahiago nuke dauden moduan denbora gehixeagoan jarraitzea. Gauzak bere bidetik joanez gero, 2016an erretiroa hartuko dut.

Oro har, uste dut nire lan-bizitza ona izan dela. Hasieran beldur nintzen, baina ez zegoen motiborik. Alkandora hertsagarri bat dugun museoan baino ez dut ikusi. Niretzat, berriro diot, erotasuna normala da. Lankide izan nuen psikiatra batek esaten zuen bezala: etxe honetan «erok batera hazi gara». Kongregazioak moldeatu egin nauelako naiz naizen modukoa. Gaixoak beti tratatu ditut sor Francisca Larrea-k eman zidan aholkuari jarraituta: «Jaso nahiko zenukeen tratua eman, eta zuri nola hitz egin gustatuko, halaxe hitz egin beraiei». Ezin dut hitzez azaldu zer sentitzen dudan ospitaleaz: familia bezalakoa da; eta familia guztietan bezala, batzuetan tirabirak izan arren, munduan ez dago nirea baino familia hoberik.