Aita Menni Ospitaleak María del Carmen Palacios doktorearen esku utzi du zuzendari mediko izatearen ardura. Palacios doktorea Jaengoa da. Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaduna, Laneko Medikuntzan espezializatuta dago, eta Osasunaren Arloko Goi Zuzendaritzako Masterra egin zuen Deusto Business Schoolen.
Zuzendari mediko berriak José Ignacio Quemada doktorearen tokia hartuko du karguan. 15 urteko ibilbidea egin du laneko mutualitateen, osasun aseguruen eta ospitaleko arretaren arloko kudeaketa, zuzendaritza eta koordinazio lanetan. Azken urteotan koordinazio eta zuzendaritza lanak egin ditu hainbat mutualitatetan: Ibermutuamur, Mutua Universal eta Grupo Sanitas. 2016. urteaz gero, eta harik eta Aita Menninera etorri arte, Santurtziko San Joan Jainkoarenaren Ospitaleko zuzendari kudeatzailea izan da.
– Daukazun eskarmentutik eta egin duzun ibilbide luzetik, zure ustez, zer ezaugarrik ekarri zaitu honaino?
Lanean hasi nintzenetik, egiturak eta sistemak antolatzen hasi nintzen, eta geroz eta erantzukizun handiagoa hartu nuen, hainbat lantalde nire kargu hartuta.Hainbat enpresatan jardun nuen, prebentzioaren arloan. Sanitasen, esaterako, zuzendaritzan aritu nintzen, lehenengo Euskal Herrikoan eta gero eskualdekoan, Kantauri itsasoko ertz osoa eta bi Gaztelak ere biltzen dituen horretan.Aseguruen eta prebentzioaren arloak landu nituen han.San Joan Jainkoarenaren Ospitalean, berriz, ospitale arloari heltzeko aukera etorri zitzaidan.Etapa horretan asko ikasi dut; batez ere, ospitalean izaten diren balio guztiei buruz, non gaixoa den erdigunea, eta ez soilik gaixoa, baizik eta baita haren familia ere, 360 graduan.Kudeaketa soziosanitarioa, arlo soziala eta osasunaren arloa batzea oso faktore garrantzitsua da, eta ezinbestekoa da horren aldeko apustua egitea.Eta iruditzen zait oraindik ere bide handia dugula egiteko.
– Agian goizegi da zure lan ildoei buruz galdetzeko, baina zer proposamen duzu Aita Menninerako?
Lehenik eta behin Aita Menni Ospitalea ezagutu nahiko nuke, eta zer ekarpen egin dezakedan aztertu.Izugarri gustatzen zaizkit berrikuntza, teknologia berriak…Oraintxe dudan erronka ospitalean egotea da, eta hango egoeraz ‘bustitzea’.Ideia ugari dakartzat buruan. Baina batez ere, gogo handia daukat.Hortik aurrera, Ahizpek, komunitateak eta kudeatzaileak eskatzen didatena egingo dut, guztia ikusi ahala.Uste dut gauza ugari egin daitezkeela.
– Zein iruditzen zaizu gure ospitaleko gauzarik berritzaileena edo desberdinena?
Agian, ospitale psikiatriko bat dela, oso espezializatuta dagoen zentro bat, eta hori benetan da ona.Egia da aniztasunari erreparatu behar zaiola, eta bakoitzak bere tokia izan behar duela.Pertsonak gara, eta pertsonekin egiten dugu lan; erronka handiena da guztiok sentitzea talde handi horretako kideak garela, non gaixoa den erdigunea. Eta guztiok guztiokin elkarlanean aritzea ere bada gure beste erronketako bat.Pertsona guztiek sentitu behar dute aintzat hartuak direla.
– Eta nola lortzen da ‘lotura’ hori?
Pixkanaka lan eginez eta komunikazioaren bitartez asko lor daitekeela iruditzen zait.Agian, ezinezkoa izango zait guztiaren eguneroko zereginetan egotea, baina saiatu behar dut profesional guztiek jakitea euren alboan egongo naizela, ez natorrela ezer inposatzera, baizik eta eskuz esku lan egitera, guztiok parteka dezagun proiektua eta izan dezagun hargatik ilusioa.Ospitale batean edo zeinahi enpresatan, kideekin lanean aritzea funtsezkoa da.
Gure erakundeak hainbat valores landu ditu duela mende bat baino lehenagotik.Zure ikuspegitik, zer dakar horrek?
Nire ustez, indargune bat da hori; batetik, Ahizpak oso ondo aritu direlako hasieratik bertatik; eta, bestetik, ospitalitatearen aldeko apustua egiten jarraitzen dutelako, eta horixe da, hain zuzen, erlijio ororen (ez soilik kristautasunaren) oinarrizko balioetako bat.Horregatik, iruditzen zait bai niretzat bai hemen lanean ari diren pertsona guztientzat oso positiboa dela hori.Gaixotasuna edo patologia bat ala beste izango da kasuaren arabera, eta modu batean zein bestean tratatu beharko da; baina harrera, eguneroko lana, tratua, ardura…Horiek markatzen dute aldea.
Amaitzeko, Palacios doktoreak eskerrak eman nahi izan dizkie Ahizpa Ospitalariei eta Mikel Tellaeche Aita Mennineko zuzendari kudeatzaileari, euren konfiantzagatik eta emandako aukeragatik. Era berean, kideei pazientzia eskatu nahi izan die, “pixkanaka” joango baita “egunean jartzen eta era guztietako gaiei apurka heltzen”.