Bizikletaz edozein adinetan
Adinak ez luke bizikletaz egindako ibilaldi batez gozatzeko oztopo izan behar. Hori pentsatzen zuen Ole Kassow danimarkarrak 2012an, txirrindulari gisa paseoan irteten zenean Kopenhageko adinekoen egoitza bateko egoiliarrak laguntzeko gonbidatzen hasi zenean, trishaw batean eramanez, hau da, aurrealdean eserleku bat duen hiru gurpileko bizikleta batean. Horrela sortu zen “Cycling Without Age” (gurean “Adinak biziz”), 12 urte geroago 52 herrialdetako ia 3.000 herritan egiten den jarduera. Dagoeneko, 35.000 boluntario inguruk parte hartu dute 2,5 milioi pertsona baino gehiago paseatuz, bai adineko pertsonak, bai nolabaiteko ezintasunak dituztenak.
“Cycling Without Age” 2022an iritsi zen Bilbora “Adinak Biziz/Bicis sin edad” izenarekin, Udalaren eskutik, ekimenaren onurak Bizkaiko hiriburuan ere aplikatzeko asmoz, hau da: adinekoen bizitzan gozatzeko elementu bat sartzea, aisia osasungarri eta inklusiboa sustatzea, laguntzen dien pertsonarekin eta kalean dabiltzanekin harreman sozialak sortzeko aukera ematea eta, ondorioz, ingurunearekiko eta belaunaldi desberdinetako pertsonekikiko loturak sortzea. Antzeko ekimenak funtzionatzen ari dira duela hainbat urtetik Donostian eta Gasteizen.
Gurutze Gorriak kudeatzen du zerbitzua, eta boluntarioen bidez ematen du. Duela gutxi, Txurdinagabarriko egoiliarren bi taldek ibilaldi batez gozatu ahal izan dute Txurdinagako Europa Parkean eta Bilboko erdigunean, trizikloen gidariekin berriketa alaian.
Gurutze Gorriak konfigurazio desberdineko lau triziklo elektriko ditu, eta horietako batek gurpil aulkirako plataforma du. Zerbitzua erabiltzeko eskaera telefonoz egin daiteke, 944 193 984, WhatsAppez, 617 362 013, edo emailez, [email protected].