Bilboko Elizbarrutiak hainbat ekitaldi antolatu zituen zenbait herritan Gaixoen Munduko Egunaren inguruan; Elizak otsailaren 11n ospatzen du eguna, Lourdeseko Ama Birjinaren oroimen liturgian. Aita Menniko Pastoraltza eta Elkartasuna zerbitzuko arduradun Egoitz Zabalak parte hartu zuen topaketa horietako batean, larunbatean, hilak 12, Durangon egin zen topaketan, zehazki.
Tabirako Pastoraltza Unitateko esparru desberdinetako berrogei boluntariok osatutako talde bat joan zen Egoitz Zabalak emandako saiora, eta, hark azpimarratu zuenez, “gaixoak Jainkoaren herriaren erdigunean” daude, Frantzisko Aita Santuak 2023 honetako Jardunaldirako emandako mezuak jasotzen duen bezala. Bertaratutakoek oso positibo baloratu zuten saioa.
Osasunari eta gaixotasunari buruz Jesusek zabaldutako mezua izan zen protagonista egun horren karietara Joseba Segura monsinoreak presiditu zuen eukaristian, Bilboko katedralean. Gotzainak bizitzaren alde lan egitea aukeratu duten osasungintzako profesional guztientzako hitzak izan zituen. “Batzuetan, gaixoei arreta eta zainketa integralari buruzko beste alderdi batzuetan hainbesteko prestakuntza jasotzen ez duten pertsonak dira —esan zuen—, baina horietako askok gaixotasunarekin egunero duten tratuan gizatasunean irabazten dute, eta gizakiaren dimentsio berriak ulertzen dituzte, eta horrela aberastuz joaten dira, eta batez ere gaixotasuna sendatzeko itxaropenaren inguruan gaixoek dituzten beharrei ere erantzunez joaten dira. Hurbiltasuna, entzutea eta laguntasuna ere behar dute, eta gero eta gehiago baloratzen eta zaintzen ari da hori. Horregatik, eskerrak ematen dizkiot Jainkoari profesionalen lan horregatik guztiagatik”.
Prelatuak eskerrak eman zizkien gaixoak bisitatzeko eta laguntzeko agindu ebanjelikoa betetzeko denbora aurkitu eta horretarako sentsibilitatea dutenei.