Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Euskara Batzordeak antolatutako 4. Argazki Lehiaketak baditu irabazleak.
Erabiltzaileen kategorian, Iker Zubia Marculetak jaso zuen saria, berak honela deskribatu zuen argazkiarekin: “Nojako ilunabarra. Kreazioaz, harmoniaz eta naturaz gozatzen. Ur gaziak eta ur gezak bat egiten duten lekua”. Irudiak ilunabar bat erakusten du Kantabriako Noja herriko hareatzetan. Ur putzuetako hodei eta zeru urdinaren islek edertasunez betetako paisaia osatzen dute, itsasoa eta lurra elkartzen diren ingurune natural baten baretasunean.
Laguntzaileen kategorian, Alberto Gordoa Askasibarrek jaso zuen saria, eta Deba aldeko flyschean hartutako irudi bat aukeratu zuen, kostaldearen siluetaren atzean ezkutatzen den eguzkiaren azken distirak erakusten dituena. “Badoa eguna euskal kostaldean, hain zuzen ere Flysh Beltzean. Ilunabarrak eta egunsentiak txoko honetatik begiratzea bereziak dira, magikoak direla esango nuke, neretzat behintzat”, idatzi zuen Albertok bere irudiari buruz.
Bi irabazleek Ereindajaneko produktuen saski bana jaso zuten, kontsumo eredu lokal eta sozialki justuak bultzatzen dituen proiektukoak.
Argazki Lehiaketaren laugarren edizio honetan 11 parte hartzaile izan dira erabiltzaileen kategorian, eta 15 laguntzaileenean.
Lehiaketak, ingurune naturalarekiko sormena eta lotura adierazteko aukera emateaz gain, testuinguru artistiko batean euskararen erabilera ere sustatu du, komunitatearen bizitzan hizkuntzak eta kulturak duten garrantzia azpimarratzeko.
Zorionak bi irabazleei eta eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi!