Aita Menniko Gizarte eta Elkartasun Proiektuen Arloak neguko arropa jasotzeko kanpaina bat egingo du hilaren 20, 21 eta 22an, gerratik ihesi Greziako uharteetan errefuxiatuta dauden siriarrentzat. Jantziak Aita Menni Ospitaleko harreran utzi daitezke, Arrasaten (Gesalibar auzoa,15).
Arropa bilketarekin, Aita Mennik bat egiten du Zaporeak GKEak Euskadi eta Nafarroako 35 herritan arropa jasotzeko hasi duen kanpainarekin, negua Grezian emango duten errefuxiatuentzat. Aita Mennin jasotzen den arropa Zaporeak-en biltegietara eramango da, eta helburua da jantziak azaroaren 26 edo 27an bidaltzea Greziara.Gizon, emakume eta haurrentzako arropa behar da, batez ere txaketak, prakak, berokiak, txanoak eta bufandak. Galtzerdiak berriak izan behar dira.
Zaporeak-etik adierazi digutenez, bere arduradunek Greziako Lesbos uhartera egin zuten azken bidaian ikusi ahal izan zuten “errefuxiatuen beharrak asetzen dituzten biltegiak ia hutsik” zeudela. Egoera hori ikusita, Zaporeak-ek kanpaina hau abiaraztea erabaki du, eta bere egitasmoarekin bat egin dute hainbat ikastetxe, elkarte, enpresa eta erakundek, Aita Mennik bezala, bakoitzak bere arropa bilketa antolatuz.
Norbaitek nolabaiteko diru ekarpena egin nahi badu, zenbateko hori jasotako arroparen bolumena bidaltzeko gastuak ordaintzeko erabiliko da.
Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322
Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880
2017an 18.560 kilo
Ez da lehenengo aldia Aita Mennik errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpainetan parte hartzen duela. 2017ko hasieran, 18.560 kilo arropa jaso zituen, Lighthouse Relief (Norvegia) eta Mo chara (Irlanda) GKEei emateko, baita itsas salbamenduko Proactiva (Espainia) taldeari ere; aipatu taldeak inguru haietan ari ziren lanean, gerraren ondorioz Siriatik ihes egin duten zibilei laguntzeko. 2018ko hasieran, dirua ere jaso genuen (8.600 euro) URDA SPAIN erakundeak Libanoko siriar errefuxiatuen kanpamentuetan egin zuen ‘Partekatu zure berotasuna’ kanpaina finantzatzeko.