Apirilaren 24an, San Benito Menniren jaiegunean, Aita Menni Ospitaleko elizan meza bat ospatu genuen gure aitaren omenez, tradizioari jarraituta. Meza gure kapilau Horacio Argaratek eman zuen eta bertan izan ziren San Joan Jainkoarenaren Anaien hainbat ordezkari ere. Jarraian, Zuzendaritza Batzordeak, gure ama nagusi sor Monserrat Esparza eta zuzendari gerente Mikel Tellaeche buru zirela, tradizioa betez, sari bana eman zitzaien erakundean 25 urte bete dituzten pertsonei, egindako lana errekonozitzeko.
Oraingo honetan, zerbitzuan egindako 25 urteak oroitzeko erlojuak Beatriz Nogueras psikiatrari, Birjinia Gallastegui gizarte langileari eta Eva Cobos erizainari eman zitzaizkien. Sariak emateko unea, beti bezala, zirraragarria izan zen. Lankidez inguratuta eta horien txalo artean, omenduek eskertu egin zuten erakundeak eurenganako erakutsitako maitasuna eta euren dedikazioari emandako errekonozimendua.
Arrasateko zentroa 1898an sortu zuen San Benito Mennik, eta orain 105 urte hil zela gogoratzeko Aita Menni Ahizpa Ospitalarietako dispositibo desberdinetan antolatu diren jarduera ugarietan errekonozimenduak ere bere tokia du. Benetan hunkigarria izan zen Arrasateko San Juan Bataiatzailearen elizan, hilaren 23an, santuari egin zitzaion lore eskaintza, aurresku eta guzti, bertan Azoka Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroa, EPSZ eta Arrasateko Eguneko Ospitalea parte hartzaile zirela.
Programa aberatseko beste jarduera batzuen artean honako hauek izan dira gehien nabarmendu direnak: San Benito Menniren bizitzari buruzko argazki emanaldi eta erakusketak; Zuatzuko Aita Menni Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan, Donostian, Gipuzkoako hiriko Francisco Escudero Kontserbatorioak emandako biolin kontzertua; Juan Carlos Irizar musikari oñatiarrak Villabonako adinekoen egoitzan eskaini zuen emanaldia; eta Maldatxo EPSZn egindako karaokea ere, ahaztu gabe zentro desberdinetako laguntzaileen arteko bazkariak, mahai joko eta petanka txapelketak, boluntariotzari buruzko hiztzaldiak eta beste hainbat ekintza.
Bihotz ospitalaria
San Benito Menni Arrasateko ospitalearen beraren sortzailea izan zen, eta 1881ean, Maria Josefa Recio eta Maria Angustias Gimenezekin batera, Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien kongregazioa ere sortu zuen. Bere jaia zela eta, Ahizpa Ospitalarien ama nagusi sor Anabela Carneirok zorionak eman dizkigu egunagatik, ospitalitatea praktikatzen zoriontsuak izan gaitezen desiratuz. “Oraindik indarrean dugu gaixorik eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei arreta eman eta eurak zaintzeko kongregazioa sortzean izan genuen espiritua… Denboren ezaugarriei erantzuna eman eta Ospitalitatea gaur, atzo eta beti bezala adierazteko indarra ematen digun ausardiarekin egiten dugu” (XXI. Kapitulu orokorra, Ospitalitatea Praktikatu), gogorarazten zuen bere gutunean.
“Bihotz ospitalario horrek egun ere Lan Ospitalarioa bultzatzen jarraitzera eramaten gaitu, eta hori ahizpek, laguntzaileek eta boluntarioek partekatutako lanari esker egiten dugu, urte hauetan gertatu diren aurrerapen zientifikoez baliatuz, baina betiere oinarri berarekin eta guztiaren erdian artatutako pertsona jarrita”, azpimarratzen zuen bere aldetik Espainiako Probintziako Ahizpa Nagusi sor Matilde Porrasek, zorionak emateko idatzitako gutunean.
Berria ere argitaratu dute:
Diario Vasco
Noticias de Gipuzkoa
Mondraberri
Goiena