Begoñazpin eta Urdanetan Txurdinagabarriko Belaunaldiarteko Programa azaltzen
Urtero bezala data hauetan, Bilboko adinduentzako Txurdinagabarri Egoitza Begoñazpi eta Urdaneta ikastetxeetara hurbildu da, bere Belaunaldiarteko Programa azaltzera.
Aurkezpen horietan, Egoitzako hainbat begirale ikastetxeetara joaten dira eta Programa zertan datzan azaltzen diete ikasleei, helburuak, nola garatzen den eta zer jarduera egin ohi diren.
Begiraleekin batera Egoitzan bizi diren hainbat lagun ere joaten dira, eta horiek lehen eskutik azaltzen diete neska-mutikoei Belaunaldiarteko Programak zer ematen dien, jarduerak nola egiten dituzten elkarrekin eta zer espero duten. Horrenbestez, “izotza hausten” dute, eta ikasleek beraiek ezagutzeko aukera dute eta esperientzia probatzera animatzen dira. Dagoeneko Programan parte hartu duten ikasleek ere ikaskideei azaltzen diete euren ikuspegia, eta izena ematera animatzen dituzte.
Belaunaldiarteko Programa hainbat hilabetez garatzen da, eta bere oinarrian elkarrekin egiteko ekintza eta tailerrak daude, hala nola eskulanak, musika, jolasak, txangoak, yoga, dantza edo sukaldaritza; bertan, elkar ezagutzen dute, ezagutzak eta ideiak trukatzen dituzte, taldean dibertitzen dira eta adiskidetasun loturak eta elkarren errespeturako jarrerak garatzen dituzte.
Neska-mutilek aitortu ohi dute Belaunaldiarteko Programaren amaieran adinduei buruz duten ikuspegia askoz positiboagoa dela parte hartu aurretik zutena baino, et asko baloratzen dute adinekoek euren esperientziatik eskaintzen dietena. Adinduentzat, denbora batez gazte jendearen artean egoteak alaitasuna eta bizitasuna ematen die.