Barrez lehertu ginen Txurdinagabarri Egoitzan
Bilboko Adinduentzako Txurdinagabarri Egoitzan arratsaldeetan egiten ditugun ekintzen artean, barreterapia tailer bat jarri dugu martxan.
Tailerrak solairu nagusian egiten dira, eta egoiliarrek zein senideek parte hartzen dute.
Dagoeneko bi barreterapia saio egin ditugu, eta, egia esan, harrera bikaina izan dute. Tailerrean hainbat jarduera planteatzen dira, eta emaitza beti da algaraka amaitzen dugula, barrea oso kutsakorra baita.
Tekniketako bat da, adibidez, gure izena esatea mihia kanpoan dugula. Berez zaila da, eta jartzen ditugun aurpegiak ere ikusita, barrea gauza segurua da. Egiten dugun beste ekintza bat da pilota ikusezin batekin jolastea, bokalekin barre egitea, edo tonu desberdinak erabiltzea, elkar imitatzea, jotzen ari garen orkestra bat bagina bezala egitea, mimika egitea, elkarri konplimenduak esatea…
Jolas pilo bat dago lotsa galtzeko lagungarri, arazoak ahazteko, gure irudimenari irteera emateko, harreman afektiboak sendotzeko eta, batez ere, oso ondo pasatzeko eta barre pilo bat egiteko.