Balenciaga Museoa Aita Mennira hurbildu da HD 360º-ko teknologiari esker
HD 360º teknologia protagonista zela, Balenciaga Museoak saio ahaztezina eskaini zion Aita Menni Ospitaleko hainbat unitatetako paziente talde handi bati. Ekainaren 11n, asteartea, egonaldi luze eta ertaineko eta Adinekoen arloko 28 pazientek Getariako museoko erakusketa aretoetan ibiltzeko eta han dauden lanen xehetasun guztiak esploratzeko aukera izan zuten, modu birtualean.
Balenciaga Museoko langileak Arrasateko Aita Menni Ospitalera joan ziren Balentziagaren ondarea partekatzeko, egungo teknologiari esker, bisita fisikoaren ia antzeko esperientzia batean murgiltzea ahalbidetzeko.
Kalitate handiko irudiekin, bisitak bisitari birtualari erakusketaren esplorazio libreaz gozatzeko aukera ematen dio, eta ongietorri tour bat ere eskaintzen du, sarrera gisa, erakusketako aretoetan zehar ibiltzeko gida labur bat. Esperientziak hainbat material osagarri jasotzen ditu.
Formatu birtualeko bisita gidatua ospitaleko ekitaldi aretoan egin zen eta, gainera, Cristobal Balentziagaren bizitza pertsonal eta profesionalari buruzko errepasoa ere egin zen. Ondoren solasaldirako tarte bat sortu zen, jardueraren parte hartzaileen gozamenerako.
Ehungintza tailerra
Goiz berezi horri amaiera emateko, taldeak ehungintza tailer batean parte hartu ahal izan zuen, eta kide bakoitzak bere koloretako ehuna ehundu zuen, ondoren beren logeletan oroigarri gisa zintzilikatzeko. Oso lankidetza giro ona sortu zen, parte hartze eta interes handikoa.
Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetatik gure esker ona adierazi nahi diogu Balenciaga Museoari gure zentrora hurbiltzeko izan duen ideiagatik, euskal sortzailearen ondarea gure pazienteekin hain modu maitagarrian partekatzeko.