Marian Fragok eta Amaia Bolumburuk –begiralea eta psikologoa, hurrenez hurren–, Egonaldi Ertaineko Unitatean (EEU) eguna nola garatu zuten kontatu digute.
Joan den astelehenean, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunaizan zen, mundu osoan generoa dela-eta emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria salatzeko eguna.
EEUtik egunarekin bat egin nahi izan genuen, gure pazienteekin ekintzak eta eztabaidak eginez.
Topaketa bat izan genuen, gure erabiltzaileei arazoaren errealitatea hurbiltzeko. Gainera, parte hartze soziala eta herritarren eskubideei eta betebeharrei buruzko kontzientziazioa sustatzen saiatu ginen, gure iritziz, funtsezkoa delako emakumeen ahalduntzea sustatzea, osasun mentalaren testuinguruaren barruan.Horrez gain, uste dugu oso garrantzitsua dela emakumeek konpetentzia sozial handiagoa garatzea.
Ikus-entzunezko dinamikak proposatu genituen, eztabaidak, eta hausnarketarako mural bat egin genuen. Film laburrak, bakarrizketak eta abestiak erabili genituen hurbilketa egiteko, eta azkenik sorkuntza propio bat egin genuen, amaierako ondorio moduan. Aipatu nahi dugu paziente gehienek parte hartu zutela, eta gaiari buruzko sentsibilitate handia erakutsi zutela. Euren iritziak azalduz eta eztabaidatuz, denen arteko elkarrizketa bultzatu zuten.
Testuinguru horretan, historia garaikideko emakume batzuen rolaren errekonozimendua egin genuen, giza eskubideen alde borrokatu diren heinean, bereziki emakumeen eskubideen alde. Bi aipamen azpimarratzen ditugu: “Norberaren sufrimendua harresitzea barrutik irentsiko zaituelako arriskuan jartzea da” (Frida Kahlo). “eta dena hasi zen gizonak sinestarazi zidanean bere zeloak maitasuna direla…” (Laura Iglesia San Martin).
Esperientzia oso aberasgarria izan zen, bai pazienteentzat beraientzat, bai langileentzat. Denon artean ikusi eta analizatu ahal izan genituen hainbat ekintza eta keinu, inplizituki emakumeen aurkako konnotazio negatiboak dituen mezu bat daramatenak. Horrelako ekintzen bitartez, denon artean kontzientziatzea eta errespetua sustatzea nahi dugu.
Indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko, gizarte osoaren inplikazioa behar dugu. Arrazoi hori tarteko, Unitate honetan, kausa horrekin konprometituta dauden bi figuraren babesa nabarmentzen dugu:
– Luis Rojas Marcos psikiatra, hau esan zuelarik: “Beste pertsona hori menperatzeko, kontrolatzeko eta boterea erakusteko antsia irrazional hori da bikoteen arteko etxeko indarkeria elikatzen duen indar nagusia”.
– Frantzisko aita santua: “Zenbat emakumek sufritzen duten bizitzaren zama eta indarkeriaren drama!Jainkoak nahi du libre eta duintasun osoz bizi daitezen.Ez naturalizatzea emakumeen aurkako indarkeria matxista”.
Amaitzeko, Mario Benedettiren poema hau erantsi nahi izan genuen, aurrera egiteko behar besteko adorea behar duten emakume guztien alde: “Ez etsi, mesedez ez eman amore.Hotzak erretzen badu ere, beldurrak hozka egiten badu ere, eguzkia ezkutatzen eta haizea isiltzen bada ere, oraindik sua dago zure ariman, oraindik bizitza dago zure ametsetan”.