«Autismoa zugandik gertu»
«Autismoa zugandik gertu» lelopean, eta nahasmendu horri ikusgarritasuna emateko eta ezagutza handitzeko, apirilaren 2an Autismoari buruz Kontzientziatzeko Mundu Eguna izan da.
Oraindik ere autismoari buruzko ezjakintasun handia dago. Adibidez, bazenekien ez daudela autismo berdina duten bi pertsona? Edo AENa duten pertsonen ezaugarri fisiko bereizlerik ez dagoela? Ekimenarekin bat eginez, Aita Menni Ospitaleko Autismoaren Espektroko Nahasmenduen Unitatean , eguna hainbat jarduera oroigarrirekin ospatu genuen:
- Goizeko lehen ordutik, lazo urdinak egon ziren harreran, jende guztiak ekimenarekin bat egin ahal izan zezan. Gainera, Unitateko leihoak urdinez jantzi genituen.
- Galerian horma irudi infinitu bat jarri genuen, non langileen hainbat lekukotzaren, bakoitzak ikasitakoaren eta abarren bidez autismoari buruz duten kontzeptua azaltzen zen.
- Goiz erdian jolasak eta musika izan ziren Unitateko patioan. Ateak zabalik egon ziren gure errealitatea ezagutzera etorri nahi zutenentzat.
- 14:30ean, ekitaldi aretoan, autismoari buruzko azalpen bideo txiki bat proiektatu zen, eta jarraian, “Diecisiete”.
- Arratsaldean merienda berezia egin zen Unitatean.
Uste baino gertuago
Autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) jatorri neurobiologikoko egoera bat da, nerbio sistemaren konfigurazioari eta garunaren funtzionamenduari eragiten diona. Pertsonaren bizitza osoan irauten du, eta, batez ere, funtzionamendu pertsonalaren bi arlotan eragiten du: komunikazioa eta interakzio soziala, eta pentsamenduaren eta portaeraren malgutasuna.
Biztanleriaren %1 autista da, beraz, oso litekeena da zure inguruan autismoa duen norbait izatea edo ezagutzea. Hala ere, informazio faltak, mitoek eta telesail eta filmetan ikusten ditugun irudi estereotipatuek ez dute autismoa eta horren ezaugarriak ulertzen laguntzen, gizartean oso presente dagoen eta ezagutu, ulertu eta babestu behar dugun errealitatea den arren.
Kalkulatzen da Espainian 470.000 pertsona bizi direla AENarekin. Urtean, 4.200 ume jaiotzen dira AENarekin. Diagnostikoaren batez besteko adina 3 eta 4 urte artean kokatzen da.