Atzeranzko amnesia fokaleko kasu bat aurkezten dugu Espainiako Neuroerrehabilitazio Elkartean
Naiara Mimentza Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Kalte Zerebralaren Zerbitzuko neuropsikologoak ahozko komunikazio bat aurkeztu zuen, ‘Atzeranzko amnesia fokaleko kasu bati buruz’ izenburupean, Valentzian egin berri den Errehabilitaziorako Espainiako Elkartearen (SENR) XXI. Bilkuran.
Atzeranzko amnesia fokala (AAF) oso prebalentzia gutxiko alterazio kognitibo bat da, garezur-garunetako traumatismoei (GGT), herpes sinplearen birusak eragindako entzefalitisari, garuneko hipoxiari eta epilepsiari lotzen zaiena. Amnesia mota hori gertatzen denean, pertsonak galera nabarmena izaten du GGTaren edo hura eragin zuen kausaren aurreko gertaeren inguruko memoriari dagokionez, baina epe laburreko memoriari eta ikasteko gaitasunari eusten die.
Gure neuropsikologoak memoria autobiografikoa sakon galdu duen 43 urteko gizonezko baten kasua aurkeztu zuen (pazienteak bizitza pertsonalari buruzko bizi informazioa galdu du). Gainera, haren memoria semantikoa eta prozedurazkoa ere kaltetu dira, eta horrek eguneroko jarduerak egiteko gaitasuna nabarmen murriztea ekarri dio, esaterako, janztea edo dutxatzea.
Pazienteak bi GGT jasan zituen bizitzan zehar: bat haurtzaroan, ezkerreko hemiparesiarekin eta aurpegiko paralisiarekin, zeina konpondu egin zen, eta beste bat duela 16 urte, konortea galduta. Ez dago aurretiko gaixotasun psikiatrikoko historiarik. 2019an kolpe bat hartu zuen metalezko pieza batekin alde parietalean.
Azken istripu horren ondoren, pazienteak nahasmendua eta logura izan zituen hainbat orduz, eta, horrez gain, indarra galdu zuen ezkerreko eskuan, eta atzeranzko amnesia fokal deigarri bat izan zuen. Pazienteari hainbat proba mediko egin zizkioten (elektroentzefalogramak, erresonantzia magnetikoak, positroien emisio bidezko tomografiak, erresonantzia magnetiko bidezko angiografia). Neuroirudiek ez zuten egiturazko lesiorik frogatu, baina haien sintomek bere horretan jarraitu zuten.
2020ko irailean, pazientea Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebralaren Ospitaleratze Unitatean ospitaleratu zuten, eta bertan atzeranzko eta aurreranzko memoriaren ebaluazio sakona egin zioten. Emaitzek atzeranzko amnesia bat erakutsi zuten, ia bizitza osoa hartzen zuena, bai oroimen episodikoan, bai semantikoan. Pazienteak ez zekien ezkonduta zegoela, seme bat zuela edo anai-arrebak zituela. Arazoak zituen, halaber, oinarrizko kontzeptuak ulertzeko, hala nola Errege Magoak, eta ezin zituen eguneroko lanak egin, esaterako, janztea edo dutxatzea. Balorazio psikopatologikoak nahasmendu emozionalak eta kognitiboak ere erakutsi zituen, besteak beste, bulkaden kontrolik eza, ideazio autolitikoa, hizkunztaren agramatismoa eta infantilismoa, baita familia eta gizarte bizikidetzarako zailtasunak ere.
Gaur egun, pazientea emaztearekin eta semearekin bizi da, eta bere funtzionamendu kognitiboa nahiko egonkor mantendu den arren, atzeranzko amnesia fokalak bere horretan jarraitzen du. Hala ere, egonkortasun emozionalean eta ahozko adierazpenean hobekuntzak izan ditu.
“Kasu honek, non epe luzeko memoria hustu den, gogorarazten digu oraindik asko ikasi behar dugula giza garunaren funtzionamenduari eta nahasmendu neuropsikologikoen konplexutasunei buruz”, adierazi zuen Mimentzak.