Aita Menni Ospitaleak Erramu Igandearekin hasi ditu Aste Santuko ekitaldiak. Berau urteko asterik garrantzitsuena da zentroarentzat zein kristau guztientzat. Bizia defenditu eta maite duen Jaungoiko baten jarraitzaileak garela berresteko, Ospitaleak, urtero bezala, Jesusen azken egunak gogoratuko ditu eta Pazkoa ospatuko.
Giro liturgikoaren barruan egunotako ekitaldi tradizionalak egingo dira. Pazko Igandeko eukaristia ospitaleko kaperan egingo da, eguerdiko 12:15ean. Zaudeten tokian zaudetela, egunerokoan geldialdia egitera gonbidatzen zaituztegu, sufritzen ari direnei aurpegia jartzeko eta gogoan izateko.
Gure gurutze bide partikularra
Garizumako ostiral honetan, urtero bezala, Nazareteko Jesusen bizitzaren azken uneak gogoratu ditugu. Pazienteek parte hartze aktiboa izan dute ekintzan. Euren gurutze propioak gogoratu dituzte, bakardadearen gurutzea, estigmaren gurutzea, bizitzaren erorikoena.
Jesus amarekin nola elkartu zen gogoratzen dugun egonaldian, pazienteek amen babesa eskertzen dute, haien laguntasun baldintzagabea. Ospitaleko gurutze bideak bizitzari eskainitako kantu batez amaitzen dira. Gizaki ororen duintasuna errespetatu behar duen bizitzari. Denontzako bizitza osoa eta zoriontsua.
San Benito Menni iritsi zeneko 150. urteurrena
Horrez gain, aurtengo Aste Santua bat dator San Benito Menni Espainiara iritsi zeneko 150. urteurrenarekin, San Joan Jainkoarenaren ordena suspertzeko aginduarekin. Aita Menni Gironara iritsi zen 1867ko apirilaren 4an, eta bi egun geroago Bartzelonara. Handik hilabete batzuetara, garai hartako gizarteko hainbeste haurren pobrezia eta gaixotasunak ikusita, 1867ko abenduaren 14an Bartzelonako babes etxea inauguratu zuen, Espainiako lehen ospitale pediatrikoa eta Europako hirugarrena. M. Josefa Recio eta M. Angustias Gimenezekin batera, 14 urte geroago Jesusen Bihotzaren Ahizpa Ospitalarien kongregazioa sortu zuen. Eta urte batzuk geroago, 1898ko ekainaren 1ean, Aita Mennik gure ospitalea ireki zuen.