Azaroaren 29an, asteartea, gure zentroaren ondoan dagoen Danako jatetxeko jabe eta sukaldeko buru David Rodríguezek bisitatu gintuen. Davidek sukaldean nola hasi zen kontatu zigun, bere ikasketak eta berak eta bere emazte Naiara Abandok sortu zuten proiektua euren jatetxea irekitzeko.
Danakoko eguneroko sukaldaritzan batez ere produktu freskoa eta sasoikoa nabarmentzen da, eta izaera tradizionala dauka baina autore ukitu tekniko batekin, gure garaiari dagokion bezala. Sustatzaileak elikadura osasungarri eta askotarikoaren garrantziaz ere hitz egin zigun, hori baita ohitura egoki batzuetarako oinarria.
Halaber, sukaldaritzaren munduan bizi izan dituen hainbat pasadizoz ere disfrutatu ahal izan genuen, eta bere sukaldaritza erakusteko zer nolako esparrutan aurkezten den ere azaldu zigun: pintxo lehiaketak, elkartasun proiektuak, biltzarretako hitzaldiak…
Horrez gain, azaroaren 30ean, asteazkena, Angela Basabek eta bere sukaldeko buru Sarak bisitatu gintuzten. AAngela Gaztelumendi-Antxon taberna-jatetxeko jabea da, Irungo San Joan plazan. Bere lan bizitza errepasatu zuen, bizitza pertsonalari oso lotuta, izan ere betidanik ostalaritzan jardun duen familia batetik dator.
Bizipen pertsonalak ere kontatu zizkigun. Hartu zuen gehiegizko pisuaren ondorioz ez zegoen bere buruarekin konforme eta, azkenean, ebakuntza bat egitea erabaki zuen, arazoari aurre egiteko. Ebakuntzari buruz eta bere bizitzan elikaduran eta kirol mailan gertatu ziren aldaketa guztiei buruz hitz egin zuen. Norberaren burua hobetzeko adibidea.
Angela Basabek elikadura osasungarriaren garrantzia azpimarratu zuen, eta ariketa fisikoa egitearen beharra eta onurak. Bere proiektu berria aurreratu zigun, eta Antxon jatetxea berriro irekiko dela, Sararen laguntzarekin. Sukaldeko buruak esan zigun beti nahi izan duela sukaldari lanetan aritu. Lan asko egin eta oztopo ugari gainditu eta gero lortu zuen (familiak hasieran ez zuen babesten berak aukeratu zuen lanbidea). Bere ametsa gauzatzeko, oso una zailak igaro behar izan zituen, eta orduan jaso zuen laguntza profesionala nabarmendu zuen.
Eta abenduaren 1ean Iñaki Pikabearen bisita hartu genuen. Sukaldari honek bere jatetxea eduki du, baina betidanik bere anaiarena den Zalain jatetxean lagundu du, Beran. Iñakik ere bere ibilbide profesionalaz hitz egin zigun, menuak lantzeko garaiko produktuak aukeratzearen garrantziaz, eta jatetxetik abiatuta garatu dituzten proiektu desberdinez.
Gaur egun, Pikabea sendiko kideek produktu izoztuen eta aurrez prestatutako janarien fabrika bat dute (kroketak, piper beteak, etab.), izan ere, eskari handia zuten eta horregatik erabaki zuten irekitzea; denda bat ere badute, eta bertan egunero saltzen dute ekitaldi, bazkari edo ospakizunetarako prestatzen dutena. Edo bakarrik bizi eta etxeko janari osasungarria jan nahi duten pertsonentzat, oso prezio onean lehen platera, bigarren platera, postrea eta ogia eraman baitezakete.
Horrez gain, zentrotik eskerrak eman nahi dizkiegu profesional handi horiei euren esperientziak gurekin partekatzeko aukera emateagatik.