Osasun mentala

Dolua ulertzea eta tratamendua

Alfonso Sáez de Ibarra
Alfonso Sáez de Ibarra

Psikologoa. Larrialdi eta hondamendietan espezialista. Aita Menni Ospitalea.

 

Dolua ulertzea Doluaren paradigma norbaiten heriotzaren ondorengo aldiari lotu ohi zaio. Ulertu genezake behin-behineko egoera moduan, galera horren inguruko sentimenduei lotuta, eta hildako pertsona gabe bizitzeko modu berri bat ikasteari lotuta. Askotan, egoera horri aurre egin behar diogun lehendabiziko aldia…
Un hombre posa su mano sobre una tumba

Dolua ulertzea

Doluaren paradigma norbaiten heriotzaren ondorengo aldiari lotu ohi zaio. Ulertu genezake behin-behineko egoera moduan, galera horren inguruko sentimenduei lotuta, eta hildako pertsona gabe bizitzeko modu berri bat ikasteari lotuta.

Askotan, egoera horri aurre egin behar diogun lehendabiziko aldia da. Sarri, luzaz harremana izan dugun pertsonen heriotza izaten da (gurasoak, anai-arrebak, bikotekidea, seme-alabak). Are gehiago, gerta daiteke bizitza osoa maite genuen pertsona horren inguruan antolatu izana, harekin denbora asko eman izana, eta are gure bizitzako hainbat partzelari uko egin izana orain desagertu egin den pertsona horrekin elkarbizitzan egoteko.

Dolu txikiak

Aitzitik, gure existentzian zehar dolu asko egiten ditugu, eta ez soilik hurbileko norbait hiltzen denean. Bizitzaren prozesua esperientzia berrietara irekitzeko prozesu etengabea da, baina baita ere galera edo amaitu eta ixten diren faseen prozesu etengabea. Dolu txiki horiek bizitzen ikasteak prestatu egiten gaitu gure bizitzako dolurik garrantzitsuenei osasunez aurre egin ahal izateko. Txikitatik ikasten dugu dolu txikiak egiten, eta hazten goazen heinean konplexuago bihurtu ohi dira. Gure gurasoek ez badigute aukera hori ematen (adibidez, arraintxo bat hil eta beste bat berdin-berdina erosten badigute ez gaitezen konturatu eta ez dezagun negar egin), tristezia eta galera toleratzeko ikasketa progresibo hori galarazten ari zaizkigu.

Bizitzan galera itxurarik ez duten galerei ere egin behar izaten diegu aurre (frustrazioak), inoiz eduki edo lortu ez dugun zerbait “galtzen” dugunean. Adibidez, bizitzako alderdi baten gaineko proiektu, plan, ilusio bati buruz pentsatzen dugunean (bizitza profesionala, etxe bat, ezkondu, ondoan eduki nahi genukeen pertsona, auto bat, New Yorkera joan, etab.), denbora ematen dugu pentsatzen, bilatzen, informatzen, galdetzen, hitz egiten, partekatzen eta hainbat ahalegin egiten gure bizitza norabide horretan bideratzeko. Bizitzako ingurumariak aldatzen direnean, adibidez, arlo ekonomikoan (dirua behar dut ustekabe baterako), bizipenetan (lanean edo norbait zaintzen espero baino denbora gehiago eman behar dut), edo maila zirkunstantzialean (lekua, ordutegia, lanpostua aldatu didate), gertatzen zaigu ezin ditugula hasitako proiektuak burutu, horietan hainbeste energia gastatu eta gero. Une horietan proiektua behin-behinean gelditu behar dugu, edo are behin betiko egin behar diogu uko.

Munduarekiko harremana

Doluaren prozesua ulertzeko funtsezkoa da ulertzea nolako harremana dugun munduarekin, pertsonekin eta objektuekin.

Lehenik eta behin, esplikatu behar dugu ezartzen ditugun harremanak edo loturak ez direla soilik gauzek edo pertsonek ematen diguten zera horretan oinarritzen, eta, aldiz, gehienbat horiei buruz gure barruan egin dugun irudian oinarritzen direla. Horrenbestez, niretzat objektu batek berez duen erabilgarritasuna bera baino askoz garrantzitsuagoa den objektu batekin izan dezaket harremana; nire benetako harremana nik maite dudan objektu horren gainean egin dudan irudiarekin edo errepresentazioarekin lotuta dago. Askoz esanahi gehiago dituen irudi bat da, eta niretzat egiazko errealitate objektiboa transzenditzen du. Adibidez, gosaltzeko katilu baten erabilera begi-bistakoa da, eta horrela ikusiko du etxera bisitan etortzen zaigun edonork, baina bikotekidearekin lehen aldiz Parisera bidaiatu nuenean erosi nuen katiluak askoz gehiago esan nahi du niretzat, ez da gosaltzeko erabiltzen dudan tresna hutsa, edo kolore polita duen zerbait; lasaitasun eta kontzientzia pixka batekin erabiltzen dudan bakoitzean, aldi berean energia psikikoa erabiltzen dut, oroitzapen, afektu eta are amets moduan, eta, adibidez, egunen batean seme-alabekin itzuliko naizela irudikatzen dut.

Prozesu hori haurtzarotik egiten dugu, gure bizitzako objektu, leku eta pertsona askori balioa emanez. Gure harremanetako kanpoko errealitatearen gainean egiten ditugun barne errepresentazio ugarirekin osatutako errealitatearen mapa osatzen joaten gara. Uste dugu mapa hori errealitatearen argazki objektibo bat dela, baina egiazki gure iraganeko zein etorkizuneko inpresio emozionalekin tindatu, zirriborratu eta pintatu den errealitatea da, nire izaeraren arabera eratua, eta objektu, leku edo pertsona horiekin izan ditudan esperientzien arabera eratua.

Errepresentazio horiek egiteko ohiko modua da ustez presente dauden ezaugarriak esleitzea, benetan gertatzen dena izanik geuk nahi dugula ezaugarri horiek egotea, eta sarri askotan idealizatu egiten ditugu maitasunezko objektu horiek: idealizatzen dugunaren adibide nabarmena gure ama eta aita dira.

Horrez gain, esplikatu dezakegu edozein objekturekin dugun harremanak energia psikikoaren inbertsioa dakarrela, esaterako, arretan, pentsamenduetan, irudikapenetan, eskaintzen diodan denboran, etab. Gastu hori egiten dudanean nire energia psikikoaren zati bat galtzen dut, eta, ondorioz, pixka bat husten naiz, eta zerbait falta dudala nabaritzen dut. Falta dudan zati horrek osatu gabe sentiarazten nau, eta ekintzaren bitartez lortzera mugiarazten nau (motibazioa): adibidez, aurrekoan katilua erosi nuen Paris hirira joateko bidaia planifikatuko dut, beharrezko dirua aurreztuko dut eta egin egingo dut. Berriro joaten naizenean elikatu egingo naiz eta hasieran galdu nuen energia hura berreskuratuko dut. Alta, bueltan etortzen zaidan energia hori ez da berbera, orain aldatuta dago, nigandik kanpo dauden beste pertsona eta leku batzuetatik etortzen zaidalako, eta horrela hazi egiten naiz, kantitatean zein kualitatean. Ikasi egin dut, aberastu egin naiz.

Prozesu hori askoz bizi eta aberasgarriagoa da harremanak beste pertsona batzuekin ezartze baditugu. Nire pentsamendu, denbora, fantasiak eta portaeren zati bat ematen diet, baina bueltan haien portaerak, pentsamenduak eta denbora etortzen zaizkit, beraien ikuspegiarekin aberastutako energiarekin. Grosso modo, hazkunde pertsonalerako prozesua da, munduarekin eta pertsonekin dugun harremanaren bitartez eraikia.

Adierazi behar da alderantziz eginez gero, pertsona batek ez badu bere energia ezerekin edo inorekin harremanak izateko inbertitzen, pertsona ez dela hazten, eta denborarekin behera egiten duela, bere buruaren unibertsoan zentratzen eta korapilatzen delako. Azkenean, mingostu eta hil egiten da, emozionalki behintzat. Horregatik, besteei ematen zaiena hazi egiten da, eta besteengandik defendatzen dena, besteen beldur dagoena, gauzak galtzeko beldurra izan eta gorde egiten dituena, egoista, azkenean samindu egiten da eta, pixkana, suntsitu egiten da.

Energia psikikoa

Azaldutakoaren arabera, honela deskribatu dezakegu doluaren prozesua: proiektu edo pertsona bati zuzenduta energia psikikoa hustu eta inbertitu genuen aurrez, eta orain energia psikiko hori galdu dugu edo jada ez dago. Orduan, hutsunea sentitzen hasten gara, zerbaiten faltan gaudelako sentsazioa. Geurea zen zerbait galdu dugunez, orain falta dugun zerbait galdu dugunez, herren sentitzen gara, eta galdu dugun zati horrek eragindako tristezia agertzen da. Dolu batean gaudenean galdu dugun horri buruz pentsatzen dugu, baina baita ere galdu dugun geure zati horri buruz. Besteagatik egiten dut negar, eta baita niregatik ere, herren nagoelako eta zalantza dudalako etorkizunean hutsik geratu den zulo hori betetzeko gai izango naizen.

Doluaren prozesuan zehar barneratzen joaten gara ezingo dugula hutsunea lehenagoko energi iturri beretik bete. Jakina, hori metafora kuantitatiboa da, izan ere, geratzen zaizkigun “zuloak” ez dira soilik energi kantitate batez osatzen, hau da, “forma” txiki bat ere badute. Hala, galdutako objektu bat ezingo da inoiz guztiz eta osorik beste batekin ordeztu, oro har haren espazioa bete dezakeen arren.

Gertuko pertsona baten heriotzak eragindako dolua askotan aztertu da, eta aurre egiteko egoera gogor eta zailenetakoa da, batez ere contra natura bada, adibidez, gorpua itsasoan galduta badago, edo gorpua identifikatu ez bada, edo gurasoek haurra lurperatu behar badute. Badirudi zailena dela seme/alaba batek bere buruaz beste egiten duenean.

Prozesuaren faseak

Dolua prozesu progresiboa da, eta etapaz etapa joan gaitezke “zauri psikikoa” ixten eta galdu den eta itzuliko ez den “objektuari” eskaintzen nion energia hori birbideratzen ikasten, nire mundu psikikoa betetzeko eta aberasteko.

Doluaren faseek (ukapena, amorrua, tristezia, negoziazioa eta onarpena) aukera emango didate ongizate eta hazkunde iturri hari uko egiten.

  • UKAPENAren fasean psikismoa nahastuta dago, eta arazoak ditu pertsonaren desagerpenari buruz benetan gertatu den zerbait balitz moduan pentsatzeko.
  • AMORRUAren fasean pertsonak haserre erreakzionatzen du galeraren aurrean, askotan heriotza eragin duenaren edo aurreikusten jakin ez zuenaren aurka, edo are norberaren aurka, bere buruari galdetuz ea zerbait gehiago egiterik zegoen (errua).
  • TRISTEZIAren fasean pertsonak batez ere falta den pertsonaren hutsunea sentitzen du, eta galdutakoa inoiz berreskuratuko ez duelako etsipena.
  • NEGOZIAZIOAren fasean pertsonak beste modu batera bizitzen jarraitzeko aukerak planteatzen ditu, hildakoa gabe.
  • ONARPENAren fasean pertsona ordu arte ez bezalako beste modu batera bizitzen hasten da, harreman eta poz iturri berriak aurkitu ditzake hildako pertsonak utzitako hutsunearen zati bat betetzeko.

Beti ez da argi eta garbi pasatzen deskribatutako fase guztietatik, eta batzuetan faseak elkarren gainean jartzen dira. Adibidez, tristezia beti egoten da presente gehiago edo gutxiago, baina une jakin batean kontzienteago egiten da.

Fase guztietatik igarotzea normala da, eta ez du inolako gaixotasun edo prozesu patologikorik adierazten.

Dolua tratamendua

Dolurik ezagunena norbaiten heriotzaren ondoren bizitzen duguna da, eta hor, galera horrekin lotutako “min” bat sentitzen dugu. Prozesu horretan laguntzeko, kultura guztiek errituak garatzen dituzte, gizarte-ikuspegi batetik erraztuz. Horrela, ingurukoek portaera horiek ulertzen dituzte eta mina izaten ari den pertsonari laguntzeko eremuak eta uneak sortzen dira. Hala ere, gure gizartean gero eta gutxiagotan egiten dira erritu horiek. Heriotzaren errealitatea ezeztatzeko joera batean murgilduta gaude, gure heriotzaren beraren errealitatea, eta horretaz jabetzeak nolabaiteko atsekabea sortzen du. Heriotza ezkutatzen da, ospitaleetara eramaten da etxean ez ikusteko. Hiletak ere kentzen dira, eta “gizarte-konbentzioak” baino ez dira. Esan genezake gaur egungo gizartea oso norabide hedonista markatu batetik doala, plazera ematen digun bidera hurbiltzeko eta ondoeza eragiten gaituen guztitik urruntzeko.

Egia da Osasun Zientziek aurrera egin dutela gaixotasunen tratamenduan eta sufrimenduaren arintzean, lehentasun gisa. Zertarako sufritu ez bada behar? Mina, Medikuntzak esaten digunez, gaixotasuna kokatzen eta identifikatzen laguntzen gaituen sintoma bat da; behin eginkizun hori burututa, doakoa da eta nola edo hala arintzea da helburua. Baina ikusmolde hori, sufrimendu fisikorako baliozkoa bada ere, ezin da guztiz “min emozionalera” eraman.

Giza psikismoan, doluan norbait hiltzen denean sortzen den mina psikismoaren elementu dinamizatzailea da, eta doluaren faseak (ezeztatzea, sumina, negoziazioa eta onarpena) arrakastaz zeharkatzeko aukera ematen du. Prozesu honen amaieran, psikismoak beste modu batera bizitzen ikasten du, hildako pertsonarik gabe eta baliabide pertsonal berriekin, hazkunde eta ikaskuntza prozesu bat ekartzen dutenak.

Baina gizakiaren plazera bilatzeko joera horrek (hedonismoa) sufrimendua saihesteko estrategietara neurrigabe jotzera eragiten du batzuetan. Esaterako, horretan ez pentsatzea (“ez dut horri buruz hitz egin nahi”), ez hitz egitea inorekin gaiari buruz (“ez dut beste inor sufriarazi nahi nire arazoekin”), beste gauza batean etengabe lanean egotea (“lan egin besterik ez dut egiten”), edo sendagai gehiegi hartzea (“Lo banago ez dut sufritzen eta ezerk ez nau axola”).

Psikismoa ikertzen dutenen arabera, hala ere, estrategia horietara neurrigabe jotzeak frustrazioari, tristeziari edo amorruari aurre egiten ikasten eragozten du. Min horrekin ez ikasteko arriskua dugu, eta horrenbestez, egoera berrira ez egokitzeko arriskua ere bai. Zenbait ikerketa epidemiologikoen arabera, gizarte modernoetan suizidioen gehikuntza azaltzen duen arrazoietako bat dena lortzeko erraztasuna da hain zuzen; beraz, gero eta gaitasun txikiagoa dugu frustrazioei aurre egiteko. Beren bizitzan zehar gauzak erraz eta azkar lortu dituzten pertsonek arrakastak eta lorpen pertsonal eta profesionalak metatzen dituzte. Galera handi bati egiten badiote aurre ezin dute jasan frustrazioa, tristezia eta itxaropenik eza. Horrela, “denarekin amaitzea” erabakitzen dute azkenean.

Dolua erantzun arrunt gisa

Pertsona bat doluan badago, ondoeza izaten du, eta hori portaeran nabaritzen zaio. Normala da hunkituta egotea eta gure bizitzan eragitea, baina interferentzia horiek larriak ez diren bitartean, gaixotasunaren “sintomatzat” har daitezke. Esaterako, ohi baino gutxiago lo egitea, gauza egiteko gogo txikiagoa izatea, negar egiteko gogoa izatea, ohi baino gehiago hunkitzea, suminkor egotea, hiltzea pentsatzea hil denarekin egoteko, kalean pertsona bat hildakoarekin nahastea edo etxean bere ahotsa entzun duzula ustea dolu-prozesuan normaltzat hartzen diren erantzunak dira. Pertsona hori EZ dago gaixorik. EZ du sintomarik. TRISTE dago, baina ez DEPRIMITUTA. ERANTZUN NORMALAK ditu OSO OHIKOAK EZ DIREN EGOEREN AURREAN.

Normalean, aurretik abian jarri ez ditugun beste estrategia batzuk aplikatuz gainditzen dira. Orduan, egoera berriei edo ezezagunei aurre egiteko aukera ematen diguten baliabide pertsonalak abian jartzen ditugu, eta gure gizarte eta familia inguruko pertsonen laguntzarekin ere egiten dugu. Positiboa da egoera berri honetan bizitzen ikastea, norberaren baliabide pertsonalekin aurre eginez, osasun onera eta hazkunde pertsonalera berriro itzultzeko bide gisa.

Zenbat irauten duen dolu batek

Diotenez urtebete eta urte eta erdi artean irauten du, baina egoera horretatik igaro diren pertsona gehienek epe hori labur geratzen zaiela esaten dute. Zergatik esaten da orduan urtebeteko epea? Hildakoa ez dagoen lehen urtea aldirik zailena delako; maite dugun pertsona hiltzen denetik igarotzen den egun bakoitza, haren falta sentitzen dugun beste aukera bat da, eta ez dakigu bizitzen hildako pertsonarik gabe (urtebetetzeak, urteurrenak, familiaren ospakizunak, gertatzen diren gertaera esanguratsuak). Min hori, hala ere, arintzen joaten da bigarren urtetik aurrera, bakarrik edo beste baliabide batzuen laguntzarekin egun horri nola aurre egin gogora dezakegulako, hildakoa egon gabe.

Tratamendua behar da dolurako?

Gizakia tratamendurik gabe bizi izan da bere historian zehar doluetarako. Bere familia eta gizarte giroan lagunduz bizi izan ditu, egoera berrira pixkanaka egokitzeko berezko mekanismoak garatuz. Baina sufrimendu hori “jasanezintzat” hartzen badugu, min hori “edonola arindu” nahi izateko arriskua dugu. Autonomia galtzeko eta dolua gainditzeko tratamenduak behar izateko arriskua dugu, eta beti ez da beharrezkoa. Bizitzaren berezko sufrimenduak “psikiatrizatzeko” eta “psikologizatzeko” arriskua da.

Dolu-prozesua normala da edo ez, eragiten duen desdoiketa-mailaren (sintomak) eta irauten duen denboraren (bilakaera) arabera. Horrela, depresio bat garatzen ari garen sintomak daude (buruaz beste egitea pentsatzea, ohean denbora gehiago egotea, gizartetik isolatzea, etengabe negar egitea eta abar), eta beste batzuetan erantzunak eteten dira eta ez dira nahikoa bilakatzen nahiz eta denbora aurrera joan.

Gure portaeran gertatzen diren aldaketa horiek denborarekin nahikoa ez badira arintzen (loezina, amesgaiztoak, negar eutsiezina eta abar), laguntza puntuala behar izan daiteke (esaterako, sendagairen bat negar egiteko), edo berariazko tratamenduak hartu, esaterako depresio bat agertzen bada (ez da tristezia, dolu guztietan normala dena). Tratamendu psikofarmakologiko eta psikoterapeutikoei buruz ari gara.

Tratamendu motak dolu zailerako

Nahasmendu mental gehienetan, tratamendu konbinatuak, psikiatrikoak eta psikoterapeutikoak eraginkorrenak dira. Dolu zailen edo hobetzen ez diren kasuetan, ere bai.

Sendagaien bidez sintoma nagusiak (nahigabea, depresioa) arintzen dira, eta prozesu mentalak eta portaerarenak hobetu egiten dira. Psikoterapiaren bidez galerara hobeto egokitzen gara, bizitzaren historia berari eta norberaren balioei dagokienez. Horrez gain, baliabide pertsonal autonomoak bilatzen ditugu galerari aurre egiteko, aurretik aipatutako doluaren faseetatik errazago igaroz, osasun mentalaren egoera ere hobetuz.

Batzuetan sendagaiak hartzearekin bakarrik pertsonak berez aurkitzen ditu dolua gainditzeko beharrezkoak diren baliabide pertsonalak. Beste batzuetan, psikoterapiaren bidez pertsonak hobeto onartzen du galera, sintomak arintzeko.

Profesionalak erabakiko du kasuak kasu zer tratamendu ezarri une bakoitzean eta zer maiztasunarekin egin.

Partekatu

Artikuluak

Patologia psikiatrikoa larriagotzea trafiko istripu baten ondoren

José Ignacio Quemada Ubis

Psikiatra. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.

Etxeko esku hartzea nahasmendu mental larria duten pertsonekin

Maialen Pérez

Terapeuta okupazionala. Aita Menniren EPSZ.

Vicente Hueso Corral

Auzitegiko psikologo klinikoa. Aita Menniren Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroetako arduraduna.

José Ignacio Quemada Ubis

Psikiatra. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.

Sekuela psikikoak 35/2015 Legearen baremoan

José Ignacio Quemada Ubis

Psikiatra. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko lege berriari buruz

Minerva de Cos Moreno

Gizarte langilea. Jokabide asalduarekin Desgaitasun Intelektuala eta Autismoaren Espektroko Nahasmenduen Unitatea.

Osasun mentala eta COVID-19a

Manuel Martín Carrasco

Psikiatra psikogeriatrian espezialista. Euskadiko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoa.

Koronabirusa eta krisi psikologikoa

Alfonso Sáez de Ibarra

Psikologoa. Larrialdi eta hondamendietan espezialista. Aita Menni Ospitalea.

Aita Menniren jarduera asistentzialean esku-hartze psikologikoek duten eginkizuna

José Antonio Ezquerra Iribarren

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Adineko Pertsonen arloako arduraduna.

Berreskurapen funtzionala ingurune komunitarioan: inklusio sozialaren alde

Marian Frago Pacheco

Monitorea. Unidad de Media Estancia. Hospital Aita Menni.

Amaia Bolumburu Aldazabal

Psikologoa. Aita Menni Ospitalea.

Nola entrenatu funtzio exekutiboak gaixotasun mentala duten lagunengan?

Macarena Aspiunza

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Desgaitasun Intelektualaren Arloko arduraduna.

Selene Vélez

Aita Menni Ospitaleko Errehabilitazio eta Gizarte Dinamizazioko Zerbitzuko terapeuta okupazionala.

Fuensanta Mesa

Monitorea. Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialaren Zerbitzua. Aita Menni Ospitalea.

Giro soziala, erabakigarria nahasmendu sozial larriaren bilakaeran

Mª José Reos Llinares

Terapeuta okupazionala.

Aisialdi terapeutikoko programak Aita Menni Ospitalean

Macarena Aspiunza

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Desgaitasun Intelektualaren Arloko arduraduna.

Selene Vélez

Aita Menni Ospitaleko Errehabilitazio eta Gizarte Dinamizazioko Zerbitzuko terapeuta okupazionala.

Doluak helduaroan

Alfonso Sáez de Ibarra

Psikologoa. Larrialdi eta hondamendietan espezialista. Aita Menni Ospitalea.

Eguneroko jarduera instrumentalak Egonaldi Ertaineko Unitatean

Amaia Bolumburu Aldazabal

Psikologoa. Aita Menni Ospitalea.

Mª José Reos Llinares

Terapeuta okupazionala.

Pertsonarengan Oinarritutako Arreta Ereduaren ezarpena

María José Nova Sánchez

Psikologo klinikoa. Adineko Pertsonen Arloa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak.

Gaixotasun mentala duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea

Ana Isabel Domínguez Panchón

Psikologiako doktorea. Psikologo klinikoa. Aita Menni Ospitalea.

Sindrome metabolikoaren gaineko esku hartzea gure Egonaldi Ertaineko Unitatean

Beatriz Nogueras Ormazabal

Psikiatra. Arduradun klinikoa. Egonaldi Ertaineko Unitatea. Aita MenAita Menni Opitalea.

Mª José Reos Llinares

Terapeuta okupazionala.

Mertxe Goñi Gallego

Ikuskatzailea. Egonaldi Ertaineko Unitatea. Aita Menni Ospitalea.