Adineko pertsona

Disfagia (irensteko zailtasuna) eta bere tratamendua adineko pertsonengan

Área de Persona Mayor

 

1. Zer da disfagia? Esanahia: solido edo likidoak egoki irensteko zailtasuna da disfagia. Jan edo edaten dugunean suertatzen diren ondoz ondoko prozesuetakoren batean edo batzuetan gerta daiteke zailtasun hori. Zailtasuna ahoan elikagaia edo likidoa sartzeko orduan. Zailtasuna murtxikatzean edo elikadura boloa…
Disfagia (irensteko zailtasuna) eta bere tratamendua adineko pertsonengan

1. Zer da disfagia?

Esanahia: solido edo likidoak egoki irensteko zailtasuna da disfagia.

Jan edo edaten dugunean suertatzen diren ondoz ondoko prozesuetakoren batean edo batzuetan gerta daiteke zailtasun hori.

  • Zailtasuna ahoan elikagaia edo likidoa sartzeko orduan.
  • Zailtasuna murtxikatzean edo elikadura boloa (irentsiko den elikagai masa) eratzeko orduan.
  • Zailtasuna elikadura boloa edo likidoak faringera bultzatu eta irensteko orduan.
  • Zailtasuna elikadura boloa edo likidoak urdailera eramateko orduan.

2. Nori eragiten dio disfagiak?

Edozein adinetan ager daiteke disfagia, baina ohikoagoa da:

  • pertsona helduengan.
  • istripu zerebrobaskularrak/kalte zerebrala –esaterako, iktusa- edo gaixotasun neurologikoak bezalako patologiak pairatzen dituzten pertsonengan.
  • trakeako gaitza duten gaixotasunak pairatu dituzten pertsonengan.

Fundació de Recerca en Gastroenterologia-ko datuen arabera, neurri handiago edo txikiagoan pairatzen dituzte disfagia arazoak:

  • 70 urtetik gorako pertsonen 4tik 1ek (%25).
  • adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen 5etik 3k (%60).
  • istripu baskular zerebrala pairatu duten pertsonen 2tik ia 1ek (%45).

Sociedad Española de Gerontología y Geriatría-ko datuen arabera, disfagia pairatzen dute:

  • istripu baskular zerebrala duten pertsonen %25 eta %55 artean.
  • Parkinsona pairatzen duten pertsonen %52 eta %82 artean.
  • Alzheimerra pairatzen duten pertsonen %45 eta %50 artean.
  • buruan eta/edo lepoan tumoreren bat izan duten edo duten pertsonen %59.

3. Disfagia arriskutsua da adineko pertsonengan?

Disfagiak eragin asko ditu adineko pertsonengan:

  • Beste pertsona batzuekiko dependentzia.
  • Malnutrizio eta deshidratazio arazoak.
  • Arnasketa konduktuetan solidoak edo likidoak egoterekin zerikusia duten arriskuak: infekzioak, pneumonia aspiratiboa (%50erainoko heriotza tasarekin du lotura) eta asfixiagatiko heriotza eragin dezaketen eztarriko trabamenduak.

4. Zer disfagia mota daude?

Disfagia 2 motatan bana daiteke, irensteko zailtasuna prozesuaren zein fasetan gertatzen den: disfagia orofaringeoa (edo garaia) eta disfagia esofagikoa (edo baxua).

4.1. Disfagia orofaringeoa

Degluzio (irenste) prozesuaren lehendabiziko faseetakoren batean edo bietan gertatzen da irensteko zailtasuna.

Ahoko fasea

  • Elikagaia edo likidoa ahoan sartzea.
  • Murtxikatzea eta listuarekin nahastea, elikadura boloa osatzeko.

Prozesu boluntario horretan, matrail hezurraren, mingainaren, matrailen eta ezpainen koordinazio ona behar da, hortz piezak edukitzeaz gain murtxikatzeko, halako gogortasun bat duten elikagai solidoen kasuan.

Faringeko fasea

  • Mingainak elikadura boloa jasotzen du, ahosabaiaren kontra bultzatzen du eta faringera bidaltzen du. Irensten den unea da.

Fase horretan zehar, bidegurutze aerodigestiboa igaro behar du boloak. Faringeko espazio horretan, aire bidea biriketarako bidean gurutzatzen da, eta bide digestiboa urdailerako bidean, esofagotik pasatuz. Itxiera glotiko hirukoitzeko segurtasun mekanismo bat dago (ahots korden itxiera, ahots korda faltsuen itxiera eta epiglotisaren baskulazioa), boloa aire bideetan sartzea eragozteko. Mekanismoak huts eginez gero, eztarriko trabamendua edo biriketako infekzioa, pneumonia, eragin dezake, eta kasurik larrienetan pazientearen heriotza ere eragin lezake.

4.2. Disfagia esofagikoa

Fase esofagikoa

  • Behin faringea gurutzatuta, elikadura boloa esofagoan sartzen da, eta urdaileko hormek beherantz eta modu ondulatuan egiten duten kontrakzioen mugimenduaren bidez (peristalsia), urdailera iristen da, eta bertan digerituko da.

5. Zeintzuk dira disfagiaren kausak adineko pertsonengan?

Adineko pertsonengan disfagiaren kausarik ohikoenak hauek dira:

5.1. Disfagia orofaringeoan

5.1.1. Adinarekin lotutako aldaketa fisikoak:

  • Hortzak eta haginak galtzea.
  • Hortzetako protesiak desdoitzea.
  • Pisua galtzea.
  • Muskulu masa eta indarra galtzea (sarkopenia).
  • Mutxikatzeko ardura duten muskuluak ahultzea edo atrofiatzea.
  • Listu gutxiago sortzea.
  • Irensten laguntzeko ardura duten muskuluen tonua aldatzea.
  • Burmuinetik muskulu horietaraino aginduak transmititzeko moteltasuna.

5.1.2. Egiturazko lesioak:

  • Tumoreak.
  • Laringeko edo faringeko estuguneak.
  • Kirurgiak.
  • Hanturak.
  • Infekzioak.
  • Bozioa.
  • Bizkarrezurreko lesioak.
  • Lesio baskularrak.

5.1.3. Gaixotasun neuromuskularrak:

  • Istripu zerebrobaskularrak.
  • Parkinsona.
  • Dementziak. Alzheimerra.
  • Alboko esklerosi amiotrofikoa.
  • Diabetes mellitusa.
  • Faringeko muskuluetako gaixotasunak.

5.2. Disfagia esofagikoan

5.2.1. Adinarekin lotutako aldaketa fisikoak:

  • Elikadura boloa urdailera daramaten esofagoaren kontrakzio espontaneoak gutxitzen dira.

5.2.2. Egiturazko lesioak:

  • Tumoreak.
  • Esofagoko estuguneak.
  • Kirurgiak.
  • Aneurismak.

5.2.3. Gaixotasun neuromuskularrak:

  • Esofagoko espasmoak.
  • Diabetes mellitusa.

6. Zer seinalek ematen digu aditzera adineko pertsona batek disfagia izan dezakeela?

  • Polikiago jaten du.
  • Murtxikatzeko edo janaria ahoan maneiatzeko zailtasuna du.
  • Ezin du listua kontrolatu eta maiz erortzen zaio.
  • Hainbat saiakera behar izaten du kopuru txiki bat irensteko.
  • Jaten duen bitartean arnasestua du.
  • Irentsi ondoren janari arrastoak daude ahoan.
  • Lehen arazorik gabe jaten zituen elikagaiak atzera botatzen ditu.
  • Likidoak edo ura edateari uko egiten dio.
  • Jende gehiagorekin batera bazkaltzera joateari uzten dio.
  • Eztula egin eta kontrako eztarritik joaten zaio maiz janaria.
  • Pisua galtzen du.
  • Arnasketa infekzioak pairatzen ditu maiz.

7. Zer egin adineko pertsona batek disfagia duela uste badugu?

Famili medikuarengana joango gara, edo neurologiako espezialistengana, eta haiek erabakiko dute komenigarria ote den sudur, belarri eta eztarriko espezialistengana joatea (otorrinolaringologia), ondoko proba hauetakoren batekin balorazioa egiteko:

  • Endoskopia.
  • Fibrolaringoskopia.
  • Bideofruoroskopia.

Zailtasunak eragozteko jarraibideak emango dizkigute, edo ahokoak ez diren elikadura bideak erabiltzea beharrezko den erabakiko dute.

Maila handi batean errekuperazioa duen patologia izaki, gomendagarria da disfagian espezializatutako errehabilitazio batera joatea eta horri jarraitzea. Horretarako, pazientea zerbitzu hauetara bidera dezake medikuak:

  • Logopeda: pertsonaren degluzioaren esplorazio xehakatuagoa egingo du ondoko terapia bideratzeko, eta deisfagia maneiatzeko jarraibideak emango ditu, ariketekin eta elikagaien egokitzapenarekin.
  • Nutrizionista: pazientearen nutrizio egoera kontrolatzeko eta elikagaien ehunduren aldaketa baloratzeko.

8. Zein da disfagiaren tratamendua adineko pertsonentzat?

Adinekoen artean disfagia arrazoi oso ezberdinek eragin dezaketenez, tratamendua kausen, pertsonaren egoeraren eta eboluzioaren arabera aldatuko da.

Edozein kasutan, tratamenduak helburu nagusi bat bilatuko du:

  • Adineko pertsonak modu seguruan jan eta edan ahal izatea lortzea.

Horrek honakoa eskatzen du:

  • Nutrizio eta hidratazio maila egokiak mantentzea.
  • Eztarriko trabamendua eta elikagaiak eta likidoak arnasketa sistemarantz aspiratzea ahalik eta gehien eragoztea.

9. Disfagia duten adineko pertsonentzako elikadura gomendioak

9.1. Inguruneko baldintzak

  • Adieneko pertsonak otorduak egiten dituen lekuan giro lasaia egon behar du, zaratarik gabe eta arreta ez galtzeko moduan.
  • Ahal den neurrian, adineko pertsonari bakarrik jaten utzi behar zaio, baina gainbegiratuko duen norbaitekin.
  • Beti ordu berean jan dezan saiatu behar da, adineko pertsona nekatua dagoen edo logale den momentua saihestuz.
  • Otorduak 30 edo 40 minutu baino gehiago ez irauteko ahalegina egin.

9.2. Ahoko higienea

  • Otorduaren aurretik eta ondotik garbitu ahoa. Ahoa garbi izatea garrantzitsua da mukosa hidratatua mantentzeko, listu produkzioa estimulatzeko eta elikagaia ahoan itsatsita geratzea eragozteko.
  • Hortzetako eskuila elektrikoa erabiliz ahoko garbiketa hobetzen da, eta adineko pertsonek haien hortzoia, hortzak eta mingaina argiago sentitzeko mesedegarria da.
  • Ordezko hortzeria garbitu behar da, hortzoiaz eta mingainaz gain.
  • Hortzeriaren doikuntza aldizka egiaztatu behar da, batez ere adineko pertsona bolada batez ospitaleratuta egon bada.
  • Adineko pertsona ez bada gai ahoa behar bezala garbitzeko, hortzak pastarekin garbitu ordez, alkoholik gabea eta desinfektatzailea den ahoko antiseptikoarekin garbituko dira. Pertsonaren aurrean listuontzi bat jarriko dugu eta burua aurreraka eramaten lagunduko diogu.
  • Disfagia duen pertsona ohean badago, uretan bustitako gasa edo likido desinfektatzailea erabiliko dugu hatzan bilduta, eta hortzoia eta mingaina igurtziko ditugu.

9.3. Postura

  • Ongi irensten ez duen adineko pertsona ohean badago, jateko agonaraziko dugu, gutxienez hanken eta gorputzaren artean 60ºko angelua izan arte.
  • Eserita egoteko gai bada, burua eta gorputza egoki lerrokaturik daudela zaindu behar da.
  • Garrantzitsua da irensteko unean burua aurreraka makurtuta egotea, kokotxa bularralderantz. Horrek elikagaien balizko xurgapenetik babesten ditu arnasbideak. Buruak atzera joateko joera badu, bere posizioa burukoekin aldarazi beharko da.
  • Otordu bakoitzaren ondotik, etzan baino lehen komenigarria da disfagia duen adineko pertsona gutxienez 15 minutuz eserita edo agonduta egotea, elikagaiak edo likidoak arnasketa sistemara xurgatzea eragozteko.

9.4. Elikadura prozesua

Adineko pertsonen elikadura prozesurako zenbait gomendio, bereziki dementzia duten adineko pertsonentzat:

  • Pertsona baten laguntza behar badu jateko, horrek jateko zer emango dion esan eta erakutsi behar dio. Lasaitasuna eta segurtasuna adierazi behar du. Ez du hitz egin behar, hitz eginez gero adineko pertsonari janaria kontrako eztarritik joateko arriskua handiagoa baita. Adineko pertsonaren aurrean eta bere altuera berean edo zertxobait baxuago kokatu behar da, adineko pertsonak kokotxa behean mantentzeko eta horrek degluzioa errazteko.
  • Adineko pertsonaren hortzak koilararekin ukitzea saihestu, honek kosk egiteko erreflexua eragin bailezake.
  • Ahoan zati berri bat sartu aurretik, aurrekoa erabat irentsi dela egiaztatu.
  • Ez nahastu trinkotasun solidoak likidoekin.
  • Platerean eta koilaran kopuru txikiak jarri.
  • Behatzekin hartzeko moduko janariak proposatu.
  • Zapore kontrasteekin (adib. gazia-gozoa, mikatza-garratza), zapore biziekin, eta tenperatura kontrasteekin esperimentatu. Elikagai hotzak eta beroak tartekatzeak irensteko erreflexua areagotzen du.
  • Adineko pertsonaren gustuak ikusten joan eta errespetatu. Adineko pertsonak atzera botatzen dituen zaporeak edo bizigarriak ez erabili.
  • Zaporeak maiz aldatu.
  • Elikagaiak aberastu, zati txikiak nutritiboagoak egiteko: karbohidratoak gehitu (patata pure malutak, semola, tapioka), koipeak (esnegaina, oliba olioa, gurina), proteinak (gazta arraspatua, arrautzaren zuringoa, hautsezko proteina gehigarria).

9.5. Tresneria

Instrumentu eta tresna ugari dago disfagia duten pertsona adinduei jaten eta edaten ematen laguntzeko, eztarriko trabamendua gertatzeko arriskua murriztuz.

Likidoentzako lastotxoak eta xiringak ez erabiltzea komeni da. Halaber, likidoak botilatik zuzenean edatea eskaintzea eragotzi behar da, adineko pertsona kokotxa altxatzera behartzen baitu, eztarriko trabamendua gertatzeko arriskua areagotuz.

Mozketa duen edalontzia (paparra)

Duen mozketari esker, edalontzia altxa daiteke ertza sudurrarekin ukitu gabe. Horrela, adineko pertsonak kokotxa behean mantenduta edan dezake, burua atzeraka altxatu behar izan gabe, eztarriko trabamendu arriskua murriztuz.

Gomazko titia duten edalontziak

Ahoan sartzen duen likido kopurua dosifikatzea ahalbidetzen dio adineko pertsonari.

9.6. Elikagai motak eta kopuruak

Bi arau garrantzitsu daude:

  • 1. Ehundurak ez nahastea
  • 2. Kopuru txikiak erabiltzea

Ehundurak ez nahastea

Errazagoa da trinkotasun homogeneoak irenstea (jaki puska edo zatirik gabe):

  • Kremak.
  • Irinaz edo patataz loditutako pureak.
  • Zatirik gabeko jogurta.
  • Arrautzesnea.
  • Konpota.
  • Mamia, ongi nahasita.
  • Fruta purea.
  • Patata zapalduak.
  • Gazta freskoa (“Burgosko gazta”).
  • Kroketak.
  • Hezurrik gabeko arraina.

Elikagaien likintasuna

Disfagia duten adineko pertsonen elikadurak eskatzen du elikagaien ehundura aldatzea, bereziki likidoena, pertsona bakoitzaren banakako ezaugarrietara egokitzeko.

Disfagiaz ari garenean, 4 likintasun maila bereizten ditugu:

  • Pudinga: krema, jogurta edo gelatina.
  • Eztia: jogurt likidoa.
  • Nektarra: mertxika zukua.
  • Likido finak: ura. Disfagia duten adinekoek likido finak irenstean izaten dituzte arazoak. Horregatik, lodigarriak edo ur gel bihurtua erabiltzea ohikoa da.

Degluziorako zailtasunak zeintzuk izan, likintasun ugari erabiliko ditugu:

  • Adineko pertsonak likidoak sudurretik botatzen dituenean: puding motako likintasuna erabiltzea gomendatzen da.
  • Mingaina mugitzeko arazoak daudenean: trinkotasun arinak gomendatzen dira, nektarra kasu.
  • Irensteko unean zailtasunak daudenean: puding motako trinkotasun lodiak erabili behar dira, ur eduki handiarekin, esaterako gelatinak.

Kantitate txikiak erabiltzea

Adineko pertsonak irents dezakeen elikagai zatien tamainaren inguruan gidatuko gaitu otorrinolaringologiako espezialistak, baita bere likintasun mailaren eta ehunduraren inguruan ere.

Beti neurri berdina erabili behar da:

  • Zoparako koilara: 10 ml.
  • Postrerako koilara: 5 ml.
  • Kaferako koilara: 2,5 ml edo 3 ml.

9.7. Disfagia duten adineko pertsonentzako dietak

9.7.1. Dieta birrindua

Adineko pertsonak prestaketa fasean arazoak dituenerako egokia, elikadura boloa eratzeko edo maneiatzeko zailtasunak dituenerako, eta faringearen fasean zailtasunak dituenerako.

  • Trinkotasun suabe eta uniformeko pureak.
  • Ez da behar murtxikatzea.
  • Ez dute trinkotasunik nahasten.
  • Soilik koilararekin jan daitezke.
  • Lodigarria gehitu daiteke.
  • Elikagaia ahoan erraz mugitzea ahalbidetu behar du.

9.7.2. Mekanikoki manipulatutako dieta

Mingainak mugikortasun mugatua eta elikadura boloa faringerantz bidaltzeko zailtasunak dituenerako egokia, baita irensteko zailtasunak dituenean ere (faringeko fasea).

  • Trinkotasun suabe eta uniformeko pureak, elikagai moldeatuak puding trinkotasunarekin, arrain pastela, gazta freskoa, flana…
  • Baliteke murtxikatzeko beharrik ez eskatzea, edo murtxikatze arina eskatzea, elikadura boloa errazki osatuz.
  • Ez dute trinkotasunik nahasten.
  • Koilararekin edo sardexkarekin jan daiteke.
  • Lodigarria gehitu daiteke.
  • Zatitan apurtu daitezkeen elikagaiak saihestu.

9.7.3. Dieta biguna

Disfagia arinetarako eta dieta solidora igarotzeko egokia.

  • Elikagai suabe eta bustiak, birrindu gabeak, esaterako hezurrik gabeko arrain solomoak.
  • Murtxikatze suabea eskatzen dute.
  • Saltsa lodiekin laguntzen dira.
  • Sardexka batekin zapaldu daitezke.

9.8. Disfagia duten pertsonentzako elikagai arriskutsuak

  • Elikagai lehorrak: patata frijituak, gazta lehorrak, magdalenak, ogi xigortua, hazidun ogiak, fruitu lehorrak… Elikagai mota hauek hozkatzean birrintzen dira eta mingainak zailtasunak ditu zatiak jasotzeko.
  • Ahotik barreiatzen diren elikagaiak: arroza, ilarrak, lekaleak…
  • Mamia duten eta likidoak jariatzen dituzten elikagaiak: nagusiki frutak.
  • Zuntza edo filamentuak dituzten elikagaiak:  anana bezalako fruta batzuk, barazki batzuk, haragiak…
  • Hezur txikiak dituzten elikagaiak, arrainen hezurrak, pinportak, haziak (kiwiak, marrubak)…
  • Elikagai likatsuak: platanoa, patata purea, esne kondentsatua, eztia, azken buruko batzuk, gozokiak (gainera, listu asko sorrarazten dute eta hau arnasbideetara sar daiteke ongi irensten ez bada)…
  • Ehundura bikoitzeko elikagaiak: fideo zopa, arrozesnea, esnea laboreekin…
  • Likidoak: komenigarria da likidoen trinkotasuna areagotzea preskripzio medikoak adierazitako punturaino (nektarra, eztia, pudinga).

10. Ariketak adineko pertsonen disfagiaren tratamenduan 

Adineko pertsonari adierazi zaion disfagiaren tratamenduaren arabera, logopedak argibideak eman diezazkioke ahoaren atal anitzen mugikortasuna hobetzeko eta degluzio mugimenduaren praktikara zuzendutako ariketa espezifikoak egitearen egokitasunaz.

Partekatu

Artikuluak

Sedestazio indibidualizatua

Jorge Olmo

Fisioterapeuta. Kalte Zerebralaren Zerbitzua. Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentroa (Bilbo).

Adineko helduaren osasun mentala

Manuel Martín Carrasco

Psikiatra psikogeriatrian espezialista. Euskadiko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoa.

Artritisa eta artrosia adinekoengan

Área de Persona Mayor

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko lege berriari buruz

Minerva de Cos Moreno

Gizarte langilea. Jokabide asalduarekin Desgaitasun Intelektuala eta Autismoaren Espektroko Nahasmenduen Unitatea.

Osasun mentala eta COVID-19a

Manuel Martín Carrasco

Psikiatra psikogeriatrian espezialista. Euskadiko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoa.

Snoezelen gela: dementzia duten adineko pertsonentzako estimulazio sentsoriala

Área de Persona Mayor

Futbolean oinarritutako erreminiszentzi terapia

José Antonio Ezquerra Iribarren

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Adineko Pertsonen arloako arduraduna.

Aita Menniren jarduera asistentzialean esku-hartze psikologikoek duten eginkizuna

José Antonio Ezquerra Iribarren

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Adineko Pertsonen arloako arduraduna.

Transferentzia garabien erabileren auditoretza, Etxekek Laguntza Produktuen Foru Zerbitzuaren barruan

Sonia Espín

Terapeuta okupazionala. Etxetek.

José Ignacio Quemada Ubis

Psikiatra. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.

Txomin Ruiz de Gauna

Controller. Etxetek.

Nola aldatu izarak ohean dagoen pertsona bati?

Área de Persona Mayor

Nola bihurtu bainugela gela irisgarri

Marta García Carmona

Terapeuta okupazionala. Kalte Zerebraleko Zerbitzua. Aita Menni Ospitalea.

Gernu inkontinentzia adinduengan

Área de Persona Mayor

Nola aldatu pixoihala etzanda / ohean dagoen pertsona bati?

Área de Persona Mayor

Pertsonarengan Oinarritutako Arreta Ereduaren ezarpena

María José Nova Sánchez

Psikologo klinikoa. Adineko Pertsonen Arloa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak.

Adinduen presioaren ondoriozko ultzerak prebenitzea

Área de Persona Mayor

Adinekoetan idorreria kronikoa saihesteko zainketak

Área de Persona Mayor

Adinekoek beroarengatik arazoak saihesteko gomendioak

Área de Persona Mayor

Adinekoentzat ariketa fisikoa egiteak dituen onurak

Eloi Nin

Mediku errehabilitatzailea. Kalte Zerebralaren Zerbitzua. Aita Menni Ospitalea.

Beherakoa adinekoen artean

Área de Persona Mayor