Arreta psikiatrikoaren orainari eta etorkizunari buruzko jardunaldia
1898ko ekainean, Benito Menni San Joan Jainkoarenaren ordenako anaiak eta Jesusen Bihotzeko Ahizpa Ospitalarioetako erlijioso talde batek Euskadiko laguntza psikiatrikoko lehen zentroa ireki zuten, Arrasateko Santa Ageda bainuetxean. 125 urte igaro dira orain Aita Menni Ospitale eta San Joan Jainkoarena Ospitale gisa ezagutzen ditugunak ireki zirenetik, eta bi erakunde horiek erreferente izaten jarraitzen dute osasun mentalaren esparruan.
Horregatik, mende eta laurdeneko ibilbide hori ospatzeko programan, ezin zen topaketa zientifiko bat falta arreta psikiatrikoaren iraganari eta orainari sakon heltzeko. Jardunaldia Donostiako Aquariumean egin zen, hilaren 23an, eta Manuel Martín Carrasco doktorea izan da koordinatzailea, Aita Menni Ospitaleko zuzendari mediko eta Espainiako Psikiatria Elkarteko lehendakaria.
Ibilbide luzea
Anfitrioi gisa, Jose Ignacio Espelek ongietorri hitzak esan zituen eta Aquariumari egindako eskaintza errepikatu zuen, horrelako ekitaldiak antolatzeko, izan ere, erakunde hori ere laguntzeko sortu zen –kasu horretan, arrantzaleen familiei–, eta gure bezain zaharra da ia (1908an sortu zen). Gipuzkoako San Joan Jainkoarena ospitaleetako zuzendari Elena Urdanetak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, horien artean zeudelarik Juan Manuel Sanzo, Gipuzkoako Osasun Lurraldeko ordezkaria eta Iñaki Carrera Lurralde Ordezkaritza horretako Osasun Plangintza eta Ebaluazioko arduraduna, Aita Menniren eta San Joan Jainkoarenaren zuzendaritza kontseiluetako eta komunitate erlijiosoetako kideez gain.
Aita Menniko zuzendari gerente Mikel Tellaechek azpimarratu zuen ibilbide luze horretan bi ospitaleek aurrera egin dutela pertsonen beharrei erantzunez eta erakundeekin etengabeko lankidetzan. Halaber, Vicente Zaragueta eta Juan Carlos Irizar zirenak ere gogoan izan zituen, beste batzuetan Aquariumean egindako ekitaldietan lagundu baitziguten.
Arreta psikiatrikoaren bilakaera
Lehen mahai ingurua hasi aurretik, “luxuzko mahai bat, nola iritsi garen hona eta noraino irits gaitezkeen erakusten saiatzeko” –esan zuen Álvaro Iruin moderatzaileak–, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak Aita Menni eta San Joan Jainkoarena zoriondu nahi izan zituen topaketa hauengatik.
‘Arreta psikiatrikoaren izaera medikoa, osasun mentalarekin liskarrean?’ izan zen mahai horretako lehen hitzaldiaren izenburua, ‘Arreta psikiatrikoaren bilakaeraren’ gaiari buruz. Guillermo Lahera doktoreak, Alcala de Henaresko Unibertsitateko Psikiatria irakasleak, garunari eta gogamenari buruz hitz egin zuen, eta, esan zuenez, horien izaera “ez da biologikoa ezta soziala ere, kontrakoa baizik”. Mario Bungeren ereduarekin bat egin zuen, zeinak gogamena garunetik sortzen den sistema bat dela aldarrikatzen baitu, garuna gogamena dela dioen erredukzionismoaren aurrean. Garunaren morfologiaren eta inguruan gertatzen denaren arteko integrazioa banaezina da (biologikoaren eta sozialaren artekoa). Horrenbestez, baztertu egin zituen garunaren biologizismo sinplea –sintomak desoreka biokimikoengatik sortzen direla dio–, eta arlo mentalean oinarritutako psikologismoa ere –lausoa da, eta ez ditu beste diziplina batzuk kontuan hartzen–. Eskizofrenia, autismoa edo nahasmendu bipolarra duten pertsonen garunaren egituran desberdintasun batzuk egon arren, “dagoeneko inork ez du determinismo genetikoa defendatzen”, adierazi zuen.
Garuna programazio genetikoaren eta harreman eta esperientzien arabera hazten edo garatzen da. Egokitzen den organo sozial bat da, besteekiko interakzioek sustatzen dutena. “Kontzientzia (gogamenaren egoera) = pertzepzioaren sinkronizazioa + elkarketa + integrazioa”, laburbildu zuen, eta “alderdi psikosozialak kontuan hartzeak ez zaitu mediku eskasagoa egiten”, gehitu zuen. Bere iritziz, nahasmendu psikiatrikoak “eragin txikiko gene askoren eta hainbat ingurumen faktoreren ekintza konbinatuaren emaitza izan ohi dira”, eta bi esku hartze osagarri daude: farmakologikoa eta psikoterapia. “Psikoterapiak psikiatriaren funtsezko parte izan behar du”, nahiz eta “bakarrik funtzionatzen duen neuroplastikotasuna badago”, hau da, “pazienteak intersubjektibotasunez beste errelatu bat eraikitzen laguntzen badu”. Psikiatria komunitarioa bezalako aurrerapenak ez lirateke posible tratamendu farmakologikorik gabe, amaitu zuen irakasleak.
Pertsonak integratzea eta haietara egokitzea
Gure eredu asistentzialak aldatu dira? Gauza berdina egiten jarraitu behar dugu? Espainiako San Joan Jainkoarena zentroetako Asistentzia Plangintzako zuzendari korporatiboak, Josep Pifarre doktoreak, galdera horiek egin zituen psikiatriako asistentzia ereduei buruz sakontzeko. Garai aldaketa bat ikusten ari gara, eta medikuntza 25 urtean 25 mendean baino gehiago aldatu da, ez bakarrik ezagutza maila handiagoagatik, baizik eta baita gizartean izandako aldaketengatik ere –baieztatu zuen–, arazo mentalen konplexutasunari buruz hausnartzen jarraitzeko (elkarren artean harreman handia duten faktore ugari baitaude).
Konplexutasuna handia den arren eta oraindik ere arlo sanitarioaren eta sozialaren arteko dikotomia dagoen arren, psikiatraren disertazioak –psikologia eta filosofiako lizentziaduna eta bioetika eta zuzenbideko masterra ere bada–, lekua utzi zion baikortasunari, bere ustez, “osasun mentalean, paradigma berri bakoitzak aurrekoa aberasten” duelako, eta pandemiaren ondoren “osasun mentala armairutik ateratzen” ari delako. Ageriago egote horrek aukera ematen digu baliabideak jartzeko. Eredu biopsikosozial zabalduaren garapenaren alde egin zuen, zeinak dimentsio espirituala ere barne hartuko duen eta gaixoaren autonomia printzipioa errespetatuko duen. “Erabakiak har ditzakeenak, erabakiak hartzeko gai denak erabaki behar du”, adierazi zuen, pazientearen araberako tratamendu eredu deliberatibo posible eta erreal baten alde egiteko, “haren laguntzarekin asistentzia prozesua hobetzen delako”. Garai berri hauetan gai zaharren estigmaren aurkako borrokan elkarrekin jarraitzeko beharra aipatu zuen, horien artean suizidioa, gaixotasun mentala eta zaurgarritasun soziala. Hitzaldia ixteko, eredu komunitarioetarantz jotzeko behar den eraldaketa, integrazio sanitarioa eta soziala eta osasun mentalaren eta ongizate emozionalaren sustapena eta prebentzioa azpimarratu zituen.
Ikerketa gehiago, zehaztasun gehiago
Lehen mahaia Ana Gonzalez-Pinto doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Psikiatriako katedratikoak itxi zuen, osasun mentalari buruzko ikerketaren ikuspegi berriak azalduz. “Garuna biologia da eta munduarekin lotzen gaitu. Jokabidea eta osasun mentala markatzen ditu”, adierazi zuen aurrekoen ildo beretik mintzatuz. Horrez gain, CIBEReko Osasun Mentalaren arloko zuzendari zientifikoa ere badenak erantzun berriak eskatu zituen. Bere ikuspegitik, beharrezkoa da bitartekoetan baino lehenago helburuetan pentsatzea eta pertsonen beharretara egokituko diren ereduak sortzea. Horretarako, osasun profesionalek eta erakundeek balioak lerrokatu behar dituzte artatutako pertsonekin, eta, horretarako, ezagutu egin behar dira, pertsona bakoitzarentzat garrantzitsua zer den jakin behar da.
“Eraldatu beharra daukagu behar horiei erantzuteko”, esan zuen Gonzalez-Pinto doktoreak, eta gogoratu zuen bere birraitonak eta aitonak –psikiatra ezagunak izan ziren– Benito Mennik Ciempozuelosen eta Arrasaten sortutako ospitaleetan lan egin zutela, eta orduan jada saiakuntza klinikoak egiten zituztela. Gaur, lagin handiak aztertzen direnez, eta pertsona osasuntsuen azterketari, ikerketa genetikoaren zehaztasunari eta abarri esker, hobeto heldu diezaiokegu konplexutasunari, eta aukeratzen ez ditugun faktoreak kontuan har ditzakegu, ez sozialak bakarrik, baita ingurunekoak ere, esaterako, jaio garen lekuan zer den luzeagoa, egun argia edo gaua. Hezkuntza maila, kognizio sozial ona eta familia kohesioa osasun mentala babesteko faktoreak direla azpimarratu zuen, loaren higienea eta osasun fisikoaren zaintza bezala. Bakardadeari dagokionez, eskizofreniarekin duen harremana azaldu zuen. “Eta, zer da lehenago? Aurkitzen dena da bi gauzak direla: bakartia izatea arrisku geneekin lotzen da”, azaldu zuen. Tratamendu psikiatrikoa behar izateko arriskua, Euskal Autonomia Erkidegoko 30 urtetik beherako 609.000 lagunen artean egindako azterlan baten arabera, bi aldiz handiagoa da maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean (familia unitatean urteko 18.000 euro baino gutxiago) edo bazterketa sozialeko pertsonen artean. Azterlanek adierazten dute, era berean, gertakari psikotikoen tratamenduan psikoterapia kognitibo-jokabidekoa erabilita ospitaleratzeak murriztu egiten direla. Finean, ikerketak “baieztapenen sendotasuna areagotzen” du. Horrez gain, aldez aurre egindako lana gabe, ezinezkoa zatekeen hona iristea.
Egungo arreta eskariaren aurrean
Bigarren mahai inguruan, osasun mentalaren inguruan gaur egun dauden eskariak landu ziren, eta haurrei, adinekoei, desgaitasun intelektuala dutenei, baztertuei, delituak egin dituztenei eta abarri nola ematen zaien arreta aztertu zen. Macarena Tejada El Diario Vascoko kazetariak moderatu zuen, eta inguruan izan zituen Silvia Arostegui doktorea, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua; Izaskun Antizar doktorea, Gipuzkoako San Joan Jainkoarena ospitaleetako zuzendari medikoa; berriro ere Álvaro Iruin, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentea, eta gure zuzendari medikoa, Manuel Martín Carrasco doktorea.
Solasaldian agerian geratu zen aldaketa txiki batzuk egiten ari direla kolektibo guztietara iristeko, arreta psikiatrikoaren eskariak gora egin duela, eta, gainera:
- Espazio soziosanitarioaren garapenean urratsak egin dira, baina beharrak baliabideak baino handiagoak dira, eta zerbait egin behar dugu osasun mentalean kolapsatzeko arriskua bideratzeko.
- Covidaren ondoren, prentsak biztanleria gazteenaren zaurgarritasuna jarri du mahai gainean. Agian gehien sufritzen dutenak dira, konpontzen zailak diren faktore sozial ugari daudelako (hezkuntza sistema, politikoa, soziala, gurasoen espektatibak…), edo beharbada erresilientziarako mekanismo gutxiago dutelako. Tratamendua konplikatuagoa da, ikastetxeekin koordinatu behar delako.
- Hedabideek larriak ez diren nahasmendu mentalei buruz hitz egiten dute, eta horien artean egokitzapen koadroak daude (estresarekin eta egoera txarretara egokitzeko gaitasunarekin zerikusia dutenak). Nahasmendu arin horiek Lehen Arretan, psikologia kontsultetan edo berrorientazio sozialean artatu daitezke.
- Pandemia osteko aldian ikusten da elikadura jokabidearen nahasmendua duten pazienteen kopuruak gora egin duela, batez ere emakume gazteen artean. Baita saiakera autolitiko gehiago ere, eta nortasunaren mugako nahasmendua duten pertsona gehiago ere. Horrelako arazoek “erro asko” dituzte, eta identitatearen eraikuntzarekin lotzen dira, elementuak xurgatuz eraikitzen baita, aukerak eginez eta baztertuz.
- Eskizofreniak, nahasmendu psikotiko eta depresibo handiagoek, oro har gaixotasun mental larriek, ez dute aldaketarik ospitaleratzeen zenbakiei dagokienez, nahiz eta krispazio eta exijentzia handiagoa ikusten den.
- Prestakuntzaren garrantzia. Ikasketa arautuetan hutsune handia dago. Osasun mentalari buruzko prestakuntza handiagoak lagundu egingo luke gaixotasunaren prebentzioan.
- Arreta psikiatrikoa ez da gaixotasun mentala duten pertsonentzat bakarrik, pluripatologiak dituzten kolektibo edo pertsonentzat baizik.
- Desgaitasuna gaixotasun mentalerako arrisku faktorea da, eta berdin arreta jarraitua jasotzen ez duten migratzaile askoren deserrotzea.
- Adinekoengan, nahi ez den bakardadeak ondoeza eragiten du; zahartzaroak gaixotasun mentalaren berezko arazoak ezkutatzen ditu, eta, egungo demografiaren ondorioz, ezinbestekoak da psikogeriatriako baliabide gehiago.
“Adinekoek gutxiago eskatzen dute. Arreta gazteengan jartzeak ez du esan nahi adinekoengan pentsatzeari utzi behar diogunik, horiek ere beren estigma baitute. Beste belaunaldiarentzat baliagarriak ez direnez, dagoeneko sobera daude”, adierazi zuen Manuel Martín Carrascok, gainerako espezialistek bezala, “arreta ezartzeko moduaren berrantolaketa oso sakon baten alde” eginez. “Sistemaren aldaketa sakonak, hainbat profesional eta sektore elkarrekin lan egiteko gai izan gaitezen”.
“125. Urteurren honetan geure burua zoriondu behar dugu, eta gure jatorriak eta balioak gogoratu behar ditugu, behar eta muga horiekin oso lotuta baitaude”, hausnartu zuen Jose Antonio Larraz doktoreak. Espainiako Ahizpa Ospitalarioetako Osasun Arretako zuzendariak, amaierako hitzetan, azpimarratu zuen egoera konplexuek ez dutela irtenbide errazik; eta hainbat dimentsiotatik eman behar direla. “Gure arreta sareak integratuta egoteko, pazienteak behar duenera egokitzeko, eta ez alderantziz; baliabide gehiago inbertitu behar direla erreibindikatzeaz gain, eta, esku hartzearen irtenbidea ez denez bakarrik sanitarioa, osasun mentalari buruzko hurrengo jardunaldirako beste eremu batzuetako profesionalak hartu behar ditugu kontuan”, amaitu zuen.