Igandean, 11:00etan egingo den ekitaldia, Aita Menniren heriotzaren mendeurrenaren barruan kokatuta dago. Aita Mennik San Joan Jainkoarenaren Anaien Ordena berrezarri eta Aita Menni osasun-zentroa kidea den Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioa eta Espainiako lehen laguntza-sare psikiatrikoa sortu zituen.
Mezan San Joan Jainkoarenaren ahizpak eta Ahizpa Ospitalariak izango dira, 60 gaixo, haien senide, boluntario eta Aita Menni Ospitaleko eta Arrasateko San Joan Jainkoarenaren Ospitale Psikiatrikoko Zuzendaritza Batzordeetako ordezkariekin batera. Ekitaldian auzoko abesbatzak abestuko du, eta Ahizpa Ospitalariek parrokiari laga dioten eta bedeinkatuko duten Bennito Menniren estatua bat desestaliko dute. Ondoren, aurresku bat dantzatuko dute bertan.
Ekitaldi honen aurrean, Egoitz Zabalak, Aita Menni Ospitaleko Pastoraleko eta Boluntarioen buruak, hauxe azpimarratu du: “San Benito Menniren irudiaren aintzatespen berri hau oso berezia da, Arrasateko erkidegoan bertan egin nahi diotelako omenaldia, inork hartzen ez zituen emakumeak eta gizonak hartzeagatik, eta Aita Menniko eta San Joan Jainkoarenaren ospitaleak Arrasaten sortzeagatik. Izan ere, gizarte- eta lan-mailan ekarpen handia ekarri dute eremura”.
URTEURRENAREN OSPAKIZUNA
Ahizpa Ospitalariek eta San Joan Jainkoarenaren Anaien Ordenak zenbait ekimen antolatu dituzte elkarrekin, eta dagoeneko apirilaren 24an hasi ziren; San Benito Menniren heriotzaren 100. urteurrena bete zen egunean, hain zuzen. Jarduera horiek 2015ko apirilaren 24ean amaituko dira, hots, urteurrena amaitzen den egunean.
Egingo diren jarduera askoren artean, hauek nabarmentzen dira: azoka txiki solidarioak; arte-erakusketak; Aita Menniren pazienteen abesbatzaren emanaldiak; kirol-jarduerak, hala nola Euskal Herriko lau mendirik garaienetara igotzea, eta Lourdesera eta Ciempozuelosera (San Benito Menni han lurperatuta dago) egindako erromesaldiak.
SAN BENITO MENNI
San Benito Menni Milanen jaio zen (Italia) 1841. urtean, eta Dinanen (Frantzian) hil zen 1914ko apirilaren 24ean. San Joan Jainkoarenaren Ordena Ospitalarian sartu zenean, 1860. urtean, bataiatzean jarri zioten Angel Hercules izenaren ordez, Benito jarri zuen. Filosofia eta Teologia ikasi zituen, hasiera batean Lodiko mintegian (Italia) eta gero Erromatar Eskolan (Erromako Gregoriar Pontifize Unibertsitatea). Apaiz ordenatu zuten 1866. urtean.
Pio IX.ak desagertuta zegoen San Joan Jainkoarenaren Ordena Ospitalaria berrezartzea eskatu zuen. Horrela, 1867. urtean hasi zen lan horretan. Espainian Ordena berrezarri ondoren, XIX. mendearen amaieran, Portugalen berrezarri zuen Ordena bera, eta XX. mendearen hasieran, Mexikon. 1881eko maiatzaren 31n Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioa sortu zuen. XIX. mendearen amaierako eta XX. Mendearen hasierako arreta psikiatrikoan aitzindaria izan zen, Espainiako lehen laguntza-sare psikiatrikoa sortu baitzuen. Horrez gain, pertsonaren zentralitatea bultzatu zuen laguntza-prozesuan; baita pazienteen tratu humanitarioa eta erotasuna gaixotasuntzat hartzea.
Guztira 14 zentro sortu zituen arreta psikiatrikorako eta 15 babes-etxe haur errakitikoak eta eskrofulosoak artatzeko. Juan Pablo II. aita santuak beato izendatu zuen 1985eko ekainaren 23an, eta 1999ko azaroaren 21ean kanonizatu. Ekitaldi horren bidez, haren santutasuna aitortu zuen Elizaren aurrean.