Arrasateko eta Beasaingo EPSZk Gipuzkoako Elikagai Bankuaren Bilketa Handian laguntzen
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bere ohiko Bilketa Handia egin du azaroaren 22an eta 23an. Aurten, 154 dendak eta 1.800 boluntariok parte hartu dute, horien artean Arrasateko eta Beasaingo EPSZetako hainbat erabiltzailek, ekitaldi solidario horretan lagunduz Arrasateko Lidlen eta Olaberriko Carrefourren.
Edizio honetan, Bilketa Handiak, Gipuzkoan 17.000 pertsona zaurgarriri elikadura duina bermatzeaz gain, FESBALekin kolaboratu nahi zen, DANAk Valentzian eta Espainiako beste eremu batzuetan kaltetutako familiei ere laguntzeko.
Elikagaien dohaintza zein ekarpen ekonomikoak onartzen zituen 2024ko kanpainak 2023ko zifrak gainditu ditu Gipuzkoan. Ahalegin kolektibo honek –erakundearen hitzetan– “gure komunitatearen eskuzabaltasuna eta beharrik handiena dutenekin duen konpromisoa erakusten du”. Gure erabiltzaileentzat oso esperientzia asebetegarria izan da. “Oso pozik daude kausa honetan parte hartu dutelako eta beren ‘aletxoa’ jarri dutelako”, Beasaingo EPSZko terapeuta okupazional Maider Agirianok adierazi duenez.