Arrasateko Adinekoen Eguneko zentroko aitona-amonek bazkaltzen eman diete Arizmendiko neska-mutilei
Joan den maiatzaren 4an, Arrasateko Aita Menni Eguneko Zentroko adinekoen talde bat Arizmendi Ikastolara joan zen Belaunaldi arteko Programaren jardueretako batean parte hartzera: ikastolako 2 urteko neska-mutilei bazkaltzen ematea.
Egun batean Arizmendiko andereñoak ordezkatu zituzten eta eskuan koilara izanda, txikiei bazkaria ahoan eman zieten. Umeak poz-pozik agertu ziren nobedadearekin. Horrela, ez zuten erreparorik izan bazkaria amaitu ondoren bisitariekin jolasten jarraitzeko.
Jarduera hori urtero Aita Menni Adinekoen Zentroak eta Arrasateko Arizmendi Ikastolak garatzen duten jardueraren barruan dago, eta bere helburua da adin-talde desberdinen artean ezagutzak trukatzeko eta elkarri eragiteko eremuak sortzeko, elkarrekiko errespetua sustatzea eta nola ez, txikiei eta adinekoei entretenimendu eta dibertsio tarte bat ematea.