Arconada, Zuatzuko Erreminiszentzia eta Futbol Tailerrean
Luis Miguel Arconada Realeko eta Espainiako Futbol Selekzioko atezain ospetsua izan zen protagonista, joan den astean, Donostiako Aita Menni Zuatzu Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan egin zen Futbolean Oinarritutako Erreminiszentzia Tailerraren azken saioan. Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak sustatuta (FEAFV), LaLiga Fundazioaren babesarekin, futbolean oinarritutako erreminiszentzia tailerrek kirol hori erabiltzen dute oroimena lantzeko eta parte hartzen duten lagunen bizitzako une esanguratsuak berpizteko.
Osteguneko saioan, hilak 23, Arconadak une ahaztezinak partekatu zituen tailerrean parte hartu zuten zentroko erabiltzaileekin. Arconadarekin batera izan ziren Bixio Gorriz, Beteranoen Elkarteko presidentea, eta Michel Loinaz, Realeko jokalari ohi eta tailerraren dinamizatzailea.
Interakziorako eta erreminiszentziarako gune egoki hori 2018tik garatzen da Donostiako Aita Menni Zuatzu Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan, eta Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen beste dispositibo batzuetara zabaltzen joan da, hala nola Arrasateko Kalte Zerebraleko Eguneko Zentrora edo Bilboko adinekoen Txurdinagabarri Egoitzara, hainbat baliabide erabiliz, horien artean futbolari lotutako bideoak, irudiak, abestiak eta objektuak. Programak, futbolaren mitoen bisitez gain, irteerak ere egiten dira toki enblematikoetara; esaterako, abenduaren 11n Reale Arena estadiora egitekoa den bisitaldia.