“Orain dela urte batzuk, drogekiko menpekotasuna ez zen nahasmendutzat jotzen, biziotzat baizik. Arrazoi hori tarteko, besteak beste, osasun lantzako sarea eta droga menpekotasunarena ez ziren koordinatzen. GIBaren komorbilitatea agertu zenetik, gauzak aldatu egin dira. Orain badakigu opiazeoak, cannabisa, alkohola eta beste substantzia batzuen kontsumoak eragin negatiboa daukala gaixotasun mentalean; gaixotasun mental larria duten lagunen portzentaje handi batek berreritu eta berriro ospitaleratzen direla, berriro kontsumitu dutelako. Arazoa da ate irekietako arreta psikiatrikoko programen eta abstinentziaren arteko oreka aurkitzea”.
Besteak beste, hausnarketa horiez hitz egin zen hilaren 2an, astelehena, egin genuen saio klinikoan. Eggle Castillo doktoreak eta Ana Isabel Dominguez psikologoak, biak ere Aita Menni Ospitaleko profesionalak, gaixotasun mentalaren eta drogekiko menpekotasunaren artean dagoen harremana aztertu zuten, baita komorbilitate horrek gure egonaldi luze eta ertaineko unitateetan 2018an izan duen inpaktua ere.
Osasun mentalaren esparruan, Patologia Dualaren Espainiako Elkartearen arabera, patologia duala da pertsona batek bizitza zikloan zehar aldi berean menpekotasun bat eta beste arazo mental bat sufritzea.
Komorbilitateak interakzioak ere eragiten ditu
Komorbilitateak edo pertsona batengan substantzia psikoaktibo baten kontsumoa eta arazo psikiatriko bat batera gertatzeak bien arteko interakzioak eragiten ditu, eta horien bilakaerari eta pronostikoari eragiten dio. Aldi bereko nahasmendu horien oinarrian dagoen harreman etiologikoa zein den ez dago guztiz argi, tartean sartzen direlako faktore genetikoak, neurobiologikoak, epigenetikoak eta ingurumenekoak, zeinek arazoa garatzen laguntzen duten. Komorbilitateari buruzko azalpenen artean dago ‘automedikazioaren’ hipotesia, hau da, paziente psikotikoek hainbat substantzia hartzea erabakitzen dute, sintomatologia minimizatzeko edo, behintzat, ondoeza arintzeko.
Drogekiko menpekotasuna gaixotasun mental-zerebral konplexua da, eta bere ezaugarria da kolpeko bulkada bat egotea, batzuetan kontrolaezina, droga bilatu eta erabiltzeko, ondorio suntsitzaileak baditu ere. Abstinentzia, kontsumitzeko nahia (craving), tolerantzia eta zereginekiko utzikeria diagnostikoaren adierazleak dira. DSM-Vren arabera, menpekotasunak gure kulturan txertatutako substantziekikoak izan daiteke -esaterako, tabakoa, xantinak (adibidez, kafea), alkohola, analgesikoak, etab.–, edo txertatuta ez dauden beste batzuekikoak, horien artean egonik cannabisa, estimulatzaileak (kokaina, anfetamina, etab.) eta opioideak. Portaerazko menpekotasunak era eragiten dira, esaterako, ludopatia. Diagnostikorako elementuak dira intoxikazioa, abstinentzia eta beste nahasmendu batzuk gertatzea (depresioa, psikosia…), kontsumoak berak eragiten duen nahasmenduaz eta horrekin batera datozen nahasmenduez gain.
Konplexutasuna eta prebalentzia handia
Ana I. Dominguezek patologia dualari buruzko literatura errepasatu zuen, eta sare asistentzialaren kudeaketaren eta baliabideen gaineko hainbat alderdi aipatu zituen. Ponentzian zehar, patologia dualak substantzien kontsumitzaileen arazo mentaletan duen garrantzia azpimarratu zen, izan ere, prebalentzia handia da, larritasun klinikoa eta soziala handia da, kudeatzen zaila da, eta emaitza txarrak lortzen dira, arrazoi hauengatik:
• arazo mental komorbidorik ez dutenengan baino ospitaleko urgentzia psikiatriko gehiago agertzen dira, ospitaleratze tasa handiagoa da, eta suizidioaren prebalentzia handiagoa da
• hilkortasun tasa handiagoa eta pronostiko txarragoa dute biztanleria orokorrak baino
• diagnostikoa eta tratamendua konplexuagoak dira
Prebalentziaren datuak aldatu egiten dira non neurtzen diren (biztanleria orokorra, ospitale orokorrak, osasun mentaleko zentroak, droga menpekotasunaren arreta zentroak…). Hainbat azterketak diotenez, biztanleria orokorrarekin alderatuta, arazo psikotiko larriak dituzten pertsonek arrisku handiagoa dute erretzeko, alkohola modu intentsiboan edateko eta legez kanpoko drogak kontsumitzeko.
Castillok eta Dominguezez gure Egonaldi Ertaineko zein Luzeko Unitateetan eta AR2an2018an egindako azterketaren arabera, prebalentzia oso handia da.. Ingresatutako 171 paziente psikiatrikoetatik -(54 emakume eta 117 gizon), 45 urteko batez besteko adinarekin, eta eskizofrenia izanik diagnostiko nagusia-, 109 pazientek (99 gizon eta 8 emakume) substantziak erabiltzearen ondoriozko nahasmenduaren (SEN) ezaugarriak dituzte.
AMOtik irteteko arazoak
Nola eragiten du NESaren diagnostikoak artatzen ditugun pertsonengan? Nola kudeatu dezakegu hobeto? Aita Menni Ospitaleak tratamendu integrala eskaintzen die gaixotasun mental larria duten pertsonei; Eglee Castillo doktoreak, zeinak droga menpekotasunen munduari buruzko ezagutza handia baitu, aurretiaz Gizakia eta Etorkintza fundazioetatik lan egin duelako, eztabaida ireki zuen zentroko profesionalen artean, horrelako galderei erantzuten saiatzeko. Iritzi orokorra da jarraitu egin behar dela kontrolak egiten, analisien bitartez, kontsumoa detektatzeko, eta, batez ere, ekintza psikohezitzaileak egiten, hori prebenitzeko: pazienteak cravinga gehiago kontrolatu ahal izan dezaten, batez ere senda agiria jasotzen dutenean (egonkortasun psikopatologikoa lortu dutenean), eta berreritzeko aukera saihestu dezaten, hori delako estupefazienteez abusatzearen ondorio nagusietakoa.