Arazo kognitiboen balorazioa, pronostikoa eta errehabilitazioa
Iñigo Urrutikoetxea Aita Mennik kalte zerebrala duten pazienteen senide eta zaintzaileentzat antolatzen dituen hitzaldi monografikoen azken zikloko hizlarietako bat da. Bere aurkezpenaren izenburua hau zen: “arazo kognitiboen lanketa”. Arazo horiek zertan dautzan eta nola landu daitezkeen azaltzeko eskatu diogu.
“Memoriak erasaten dizu, kutxazainera joan eta pasahitza gogoratzen ez duzunean?”, galdetu zion aretoan zeuden pazienteetako bati. “Ez, hori ez. Baina hurbileko memoriak erasaten dit”, erantzun zuen. Horrelako adibideekin, psikologo klinikoak, zeina Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroko Neuropsikologiako espezialista den, pertsona batek hartutako kalte zerebrala sufritu eta gero izan ditzakeen arazo kognitiboak xehatu zituen –memorian, arretan, kalkuluan, informazioa prozesatzeko abiaduran, etab.–.
– Arazo kognitiboak deskribatu ditzakezu, zer diren eta zergatik gertatzen diren azaldu?
Dakigunez, gure burmuina bizirauteko bizi funtzio oinarrizkoenez arduratzen da (adib., arnasketa), baina baita beste konplexuago batzuez ere, zeinek ezagutzea ahalbidetzen diguten, errealitatea atxikitzea, eta gure inguruneak planteatzen dizkigun eskakizunei erantzutea.
Zeregin konplexuago horiei dagokienez, gure burmuinak kanpotik datorkion informazioa prozesatzen du (pertzepzioa), gure zentzumenen bitartez (ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena), lehenago barneratu ditugun ezagutzekin harremanetan jartzen du (esperientzia), eta, norberaren ezaugarrien arabera eta testuinguruaren aldagaien arabera, erabakiak hartzen ditu eta/edo erantzuten du.
Informazioaren prozesamendu konplexu hori egin ahal izateko, hainbat funtzio behar ditugu:
o arreta (jarraitua, txandaka, etab.)
o memoria (hurbilekoa, urrunekoa, etab.)
o hizkuntza (ahoz eta idatziz adieraztea eta ulertzea),
o errekonozimendu funtzioak (gnosiak) eta programazio motorrekoak (praxiak),
o funtzio exekutiboak (kategorizatzea, arazoak konpontzea, planifikatzea, etab.).
Funtzio horiei modu desberdinetan deitzen diegu, besteak beste:gaitasun intelektualak, ahalmen mentalak, goi mailako funtzioak edo ‘funtzio kognitiboak’.
Horiek guztiak beharrezkoak dira, eta, erasanda dauden heinean, esaterako lesio zerebral bategatik, errealitateaz egiten dugun eraikuntza, gure pentsamenduak,gure kognizioak interferituta geratuko dira, mediatizatuta,lerratuta, etab., hainbat aldagairen arabera, esaterako, erasandako prozesua zein den, edo lesioaren larritasun maila zein den.Logikoa denez, gure pentsamenduak, errealitateaz egiten ditugun eraikuntzak ez badira zuzenak, gure erabakiak ere zuzenak ez izateko probabilitateak nabarmen handitzen dira.
Narriadura kognitiboa azaltzen duten kausen artean daude, besteak beste, zahartzearen prozesu naturalak, dementzia eragiten duten prozesu patologikoak, eta hartutako kalte zerebralaren ondorioz prozesuak (iktusa, TKE, garuneko tumoreak, etab.). Azken kasu horiek artatzen ditugu egunero lehentasunez, gure Kalte Zerebraleko Zerbitzuaren dispositiboetan.
– Zein dira HKZren ondorio nagusiak?
Arazi edo gabezia kognitiboen aldakortasuna handia da, burmuinean erasandako gunearen araberakoa izango baita eta, ondorioz, burmuinak landu beharreko funtzioen araberakoa. Halere, ahalik eta gehien laburtzen saiatuta, esan dezakegu arreta, memoria eta funtzionamendu exekutiboaren alterazioak nagusitzen direla, bere modalitate desberdinetan.
– Arazo horiek errekonozitzeko gai gara?Egunerokoan duten garrantzia ematen zaie?
Behatzaile profano batentzat, alterazio motorrak ez bezala, daitekeena da gabezia kognitiboak oharkabean igarotzea ez badira oso larriak, daitekeena kanpotik ‘ikusezinak’ izatea, eta erasandako pertsonarekin interakzio bat gertatzen denean baino ez dira agerian jarriko.Are gehiago, askotan, interakzioa laburra eta azalekoa bada, orduan ere oharkabean igaro daitezke.
Dena dela, pazientearen senideek, nahiz eta beharbada ez dakiten eguneroko bizitzan ikusten dituzten arazoei izen teknikoa jartzen, bai dira gauza zerbait gertatzen ari dela hautemateko, senideak lehen egiten ez zituen akatsak egiten dituela ikusteko, nolabaiteko ikuskapena behar duela, etab.
Horrez gain, profesionalek, famili elkarrizketan eta eragindako pertsonarekiko zuzeneko harremanean lortzen duten informazioaren bitartez, balorazioak egiteko tresnak ditugu, arazorik dagoen ala ez zehaztu ahal izateko, eta horien larritasun maila eta esfera pertsonalean, sozio-familiarrean eta lanekoan dituen ondorioak zehazteko. Horrekin guztiarekin pronostiko bat landu eta tratamendu bat planteatu dezakegu (errehabilitazio programa, eta/edo gomendio batzuk eman.
Horrelako arazoei ematen zaien garrantzia arazoen larritasunaren araberakoa izango da, baina baita kasu bakoitzean dauden gizarte lan inguruneen exijentziaren araberakoa ere.
– Etxekoek eta hurkoek arlo psikikoan geratzen diren ondorioen gaineko ulermen faltak nolako gatazkak eragin ditzake?
Egia da azken 25 urteetan ez dela zientzia bakarrik aurreratu, hau da, gizarteak ere egin du aurrera.Ildo horretan, senideak aurkitzen ditugu jada gaixotasunaren gaineko nolabaiteko informazioa dutenak, eta profesional moduan ematen dizkiegun jarraibideak ulertu eta jarraitzen dituztenak. Sare sozialak eta Internet rol garrantzitsua jokatzen ari dira gure arloan; horri esker, informazio asko eskuratu dezakete, eta ondoren profesionalok kasu bakoitzera doitzen dugu.
Dena dela, egia da batzuetan gabezien gaineko ezagutza eta ulermen faltak eragin dezakeela erasandako pertsonari bere ekintzen gaineko intentzionalitate eta erantzukizun handiagoa egoztea, eta orduan pazientearengan etsipen eta erruduntasun sentimenduak sortzen dira, eta senidearengan edo zaintzailearengan haserrea.
– Zertan datza arazo kognitibo horien tratamendua kalte zerebralaren errehabilitazioaren barruan?
Tratamendu bakoitza indibidualizatua izan behar bada ere, eta pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu behar badira, hainbat faktorek lagundu dezakete kalte zerebrala nozitu duten pertsonen arazo kognitiboak hobetzen: tratamendu farmakologikoak eta/edo kirurgikoak, batez ere hasierako faseetan; gutxienez hasierako lehen 12 hilabeteetan ohitura osasungarriak mantentzea (behar beste lo egin, dieta egokia eduki, alkoholik edo beste substantziarik ez kontsumitu, errutina batzuk mantendu eta denbora zentzua antolatu, etab.); ‘berezko susperraldia’; lesioaren ondoren ‘bizitza errealera’ eta ingurune zorrotzago batera progresiboki itzultzea, alegia, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduera instrumentalak egitea.
Horrez gain, hainbat arazotarako Errehabilitazio Kognitiboa daukagu. Bertan, arazoen ebaluazioa egin eta gero, alternatiba terapeutikoak proposatzen dira hauetara zuzenduta:
o kaltetutako funtzioa lehengoratzea: erasandako arloak estimulatzea (memoria, arreta, etab.) ariketa berezien bitartez, ‘paper eta arkatz’ formatuen edo formatu informatikoen bitartez, batzuetan etxetik bertatik ere egin daitezkeelarik.‘Buruko gimnasiaren’ kontzeptua adibide ulerterraza izan daiteke.
o kaltetutako funtzioa ordeztea edo konpentsatzea, konprometitutako zereginak egin ahal izateko kanpoko laguntzen eta/edo estrategien bitartez.Erraz ulertzeko adibide bat da memoria gabezia duten pertsonei agenda bat ezartzea.
o pazientearen eta senideen edo zaintzaileen psikoheziketak aukera ematen digu prozesua hobeto ulertzeko, kontzientzia zabaltzeko, inplikaturiko lagunen aurreikuspenak doitzeko eta, horrekin guztiarekin, errealitate berrira egokitzen laguntzeko.
Amaitzeko Iñigo Urrutikoetxeak itxaropen mezua bidali nahi du, oinarritzat hartuta errehabilitazio neuropsikologikoaren arloak azken 25 urteetan izan duen bilakaera. “Beteranoek nolabaiteko perspektibarekin aztertu dezakegu nola geunden lehenago eta nola gauden orain, hainbat parametrotan:: Zerbitzu espezializatuen presentzia, erakunde publikoen inplikazioa, senide elkarteen rol garrantzitsua, aurrerapen teknologikoak, arloari dedikatutako profesionalen kopurua eta kalitatea… Asko dago egiteko, baina jada hasitako bide bat dago, eta pertsona asko bide horretan ibiltzen”, amaitu du.