Apirilak 25: Soraluzeko Eguneko Zentroan ate irekien eguna
Soraluzeko Adineko Pertsonen Eguneko Zentroak ate irekien eguna ospatuko du datorren apirilaren 25ean, asteazkena, goizeko 11:00etatik aurrera.
Goiza horretan zehar zentroa zabalik egongo da nahi duen orok nolakoa den ikustera gerturatzeko, bertan zer jarduera egiten diren, eta, batez ere, egunero joaten diren adinekoak eta artatzen dituzten Aita Menniko langileak ezagutzera.
Adinekoek azalduko diete bisitan gerturatzen direnei nolakoa den eguneko zentroa, azalpen bideo bat proiektatuko da, eta hamaiketako bat egongo da.
Ekimen hori Soraluzeko Adineko Pertsonen II. Asteko egitarauaren baitakoa da, 23tik 27ra egingo dena, egitarau honekin:
Astelehena 23, 18:00etan Zahar Etxean.
Adineko Pertsonen II. Astearen aurkezpena.
Hitzaldia: Aurretiazko borondateak.
Argazki erakusketa: Nagusi (ostirala 27 arte).
Asteartea 24, 16:00etan Zahar Etxean.
Lehen laguntzako ikastaroa.
Asteazkena 25.
Ate irekien eguna.
11.00etan. Eguneko zentroan.
17:00etan Mesedeetako Andre Mariaren Egoitzan.
Astelehena 26. Zahar Etxean.
Soraluzeko Esperientziaren Gelaren aurkezpena.
Ostirala 27. Zahar Etxean.
Mahai ingurua: Sukaldea, zaporea eta historia.
Adineko Pertsonen II. Asteko egitaraua –lehena 2017ko martxoan izan zen– herriko adineko pertsonek egin dute parte hartze prozesu baten markoan, kolektibo hau ahalduntzeko helburuz. Alkarri Elkarteak koordinatutako prozesuan Adineko Pertsonen Eguneko Zentroak, Zahar Etxeak eta Mesedeetako Andre Mariaren Egoitzak parte hartu dute.Gure Eguneko Zentroaren papera izan da Elena Berecibarrek eta Jose Antonio Ezquerrak aholkularitza teknikoa ematea, Aita Menniko profesionalak eta adineko pertsonekin parte hartze prozesuak aurrera eramaten esperientziadunak. Osasunaren Mundu Erakundearen “Adineko pertsonekin hiri lagunkoiak – Age Friendly Cities” proiektuak Durangon (Bizkaia) ezarri zuen talde teknikoko kide da Aita Menni, helburu zuena bertako politikek, zerbitzuek, inguruneek eta azpiegiturek zahartze aktiboari mesede egiten zioten ebaluatzea eta hobekuntza neurriak planteatzea, horretarako parte hartze prozesua garatuz adineko pertsonekin, senideekin eta zaintzaileekin.
Soraluzen aurrera eraman den eta ahalduntzea bilatzen duen parte hartze esperientzia horrek, oinarrizko filosofia honetatik abiatzen da: adineko pertsonei laguntza ematea Eguneko Zentroko, Egoitzako eta Alkarriko teknikariek, eta adineko pertsonek erabakitzea eta egitea egitarau guztia.
Esperientzia honen helburua Adineko Pertsonen Asteko egitaraua egiteaz harago doa, eta beste parte hartze eremu batzuetara hedatzeko lanean ari gara jada, besteak beste, adineko pertsonek herriko jaiekin kolaboratzea.