Antzinako Egipto izan da 2023ko Inauterietako protagonista Aita Mennin
Inauterietakoa beti izan da Aita Mennin urtean gehien espero den jaietako bat, are gehiago covid-19aren pandemiak 2020ko eta 2021eko edizioetan ospatzeko modua aldarazi zigunetik. 2023an, iaz bezala, profesionalen eta pazienteen sormenak eta jai gogoak pozez bete dute zentroko unitate bakoitza, baita eremu komunak ere.
Inauteri asteartea izan zen dibertsio handieneko eguna. “Goizean inauteri desfilea egin genuen ekitaldi aretoan. Ekitaldia ikusteko modukoa izan zen. Gaiak, aurten, Egiptoren ingurukoak izan dira, eta begiraleek zein pazienteek lan ikusgarria erakutsi zuten, bai mozorroekin, denak eskuz eginda, bai ‘konpartsa’ bakoitzaren dekorazio eta koreografiekin”, Amaia Bulumburu psikologoak azaldu digunez.
“Dibertsioaz gainera, desfilean antzinako Egiptoko kulturari buruzko alderdiak ikasi ahal izan genituen, izan ere, aurkezpenean, unitate bakoitzak kontzeptu desberdinak landu zituen, guztiok pixka bat gehiago jakiteko: esfingeak, piramideen funtzioa, nola eraiki zituzten, kakalardoaren balioa eta esanahia, faraoien izen batzuk eta haien lorpenak, momien erabilgarritasuna…”, gaineratu du gure Errehabilitazio Zerbitzu eta Dinamizazio Sozialeko arduradunak.
Arratsaldean jai bat antolatu zen patioan, musika, dantza, txokolatada eta bizkotxoekin. Goizean bezala, oso giro ona egon zen. Parte hartze handia egon zen eta mundu guztiak gozatu zuen begiraleek sortu zuten giro polit eta animatuarekin. Txokolatadak berriro ere arrakasta izan zuen, eta horrekin amaitu zen dibertsios betetako eguna.