Irungo Udala Antzaran EPSZrekin bat estigmaren aurkako borrokan
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkari Sergio Corchonek, Aita Mennik kudeatzen duen Antzaran Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroko koordinatzaile eta psikologo Vicente Huesorekin batera, datorren abenduaren 20an, osteguna, egingo den jardunaldia aurkeztu zuen, zeina Palmera Montero gunean garatuko den. “Egitasmo hau babestu nahi dugu, horrelako gaixotasunak sufritzen dituzten pertsonen ikusgaitasuna bultzatzeko, eta osasun mentalaren inguruko klixeak eta aurreiritziak desagertzen laguntzeko. Horrez gain, gure lankidetza eskaintzen dugu, eta eskua luzatzen dugu, hirian ditugun baliabideak gaixoei eta senideei laguntzen erabiltzeko”, adierazi du udalaren ordezkariak.
Jardunaldia interesa duten pertsona guztiei zabalik dago, eta helburua da gune berean elkartzea eragile sanitarioak eta sozialak, gaixotasun mentala duten pertsonak eta senideak, ikasleak eta Irungo herritarrak oro har, osasun mentalari buruzko esperientziak eta iritziak partekatzeko.
Ekitaldiaren helburuak dira gaixotasun mental larri bat duten pertsonen inklusio soziala bultzatzen laguntzea, horrelako gaixotasunak sufritzen dituztenen ikuspegi normalizatua proiektatzea, elkarrizketarako gune bat sortzea osasun mentalari buruzko uste indibidualak aztertzeko, eta esperientziak, jarrerak eta portaerak aldatzea sustatzea. Finean, estigma sozial, familiar, profesional eta abarren aurka borrokatzea, eguneroko bizitzan bazterkeria egoerak ez gertatzeko, eta proposamen berriei buruz hausnartu eta partekatzeko, herritar guztien eskubideak baloratu, babestu eta sustatuko dituzten aukerak sortzeko.
Komunitatean integratzeko ekintzen artean, EPSZko erabiltzaileek osatzen duten Antzaran Abesbatza Irungo adinduentzako egoitzekin aritzen da lankidetzan. Osteguneko emanaldirako ahotsak berotzen joateko, asteartean, hilak 18, lehendabiziko aldiz, musika taldearen ordezkaritza bat Ama Xantalen egoitza eta eguneko zentrora hurbildu zen. Emanaldi oso txalotua gertatu zen, hainbeste, ezen, une horretatik aurrera, kideen konpromisoa da hiru hilean behin adinekoak gozaraztera hurbiltzea, eta, are gehiago, aurrez programa bat konpartitzea begiraleekin, emanaldiaren aurretik abestiak entseatzeko, eta ez daitezen konformatu txalo egitearekin, eta, aldiz, abestuz ere disfrutatu dezaten.
Hilaren 20ko programa
Programa 10:30ean hasiko da, Palmera Montero Gunean (2. gela). Hasteko, Aita Mennik nahasmendu mental larria duten pertsonentzako Gipuzkoan dituen dispositibo komunitarioen koordinatzaile Vicente Huesok jardunaldia aurkeztuko du, eta bertan izango dira baita ere ‘Zarena Gara’ film laburraren zuzendariak. Filma eman ondoren, eta ondorengo solasaldia egin ondoren, Antzaran Abesbatzaren emanaldia iritsiko da, ekitaldiari amaiera emateko.
‘Zarena Gara‘ Aita Menni Ospitaleak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen –Ikus-entzunezko Gradua– arteko lehen lankidetza proiektua da. Pelikulak gaixotasun mentala duen lagun baten egunerokotasuna kontatzen du, eta hartzaileak dira oraindik pentsatzen dutenak gaixotasun mentala duten pertsonak ez direla kapaz bizimodu osoa eta autonomoa izateko.
Antzaran zentroa
Antzaran Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa Antzaran plazan dago, eta 30 leku ditu gaixotasun mentala duten 18-65 urteko lagunentzat. Bertan lan egiten da erabiltzaileen autonomia maximizatzeko, etxearen zein komunitatearen esparruetan, eta osasun zaintzen laguntzeko, bizimoduko ohitura osasungarriak garatzeko eta gaixotasun mentalaren eta bere tratamenduaren gaineko ezagutza sustatzeko. Halaber, familiei heziketako laguntza eta babes psikoterapeutikoa eskaintzen zaie.
Berria argitaratu dute