Alfonso Sáez de Ibarra eta Mercedes Sagarna, Aita Menni Ospitaleko pskologoak biak, hirugarren aldiz izan dira Almerian “Emergentzietako laguntza psikologikorako eskuhartze teknikak” ikastaroa ematen. Ikastaro hau Almeriako Gurutze Gorriak antolatzen du bere emergentzietako erantzun lasterreko taldeei (ERIE) zuzendua eta hiri horretan ospatu da 20 orduz irailaren 25, 26 eta 27an. Mintegi monografiko honetan ERIE taldeetako 25 kidek hartu dute parte.
2003az geroztik, Aita Menni Ospitaleak elkarlana egiten du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin eta emergentzia eta ezbeharretan zeresana duten beste erakundeekin. Suitzako Psikotrauma Institutuko Gisela Perren-Klingerren metodoaren bitartez debriefing tekniketan trebatzeko baimenduta dauden profesionalak gutxi dira munduan eta hauen artean daude Sáez de Ibarra eta Sagarna. Gainera biek dute eskarmentua krisietako eskuhartzaile gisa, tartean Madrilgo 11-M.
Mintegi hauen bitartez, Aita Menni Ospitaleak trebakuntza eskaintzen du eskuhartzaileentzat, traumaren psikologiari buruzko psikohezkuntzaren bidez eta egoera zailei aurre egiteko eta autobabeserako estrategiak garatzeko entrenamendua ematen die. Gaitze eta prebentzio ikastaro hauetaz gain, eskuhartze ekintza prebentiboak egiten dira traumatikoak izan ditezken egoera ezohikotan egon diren pertsonentzat. Hau da, Aita Menni Ospitaleko profesionalek ondoren lan egiten dute egoera kritikoenetan murgildu diren taldeekin. Bestalde, Aita Menni Ospitaleak psikoterapia eta farmakoterapia tratamenduak eskaintzen ditu estres postraumatikoaren asadurarekin lotutako sindromeak dituzten pertsonentzat.
Gurutze Gorriaren eskuhartze psikosozialerako emergentzietako erantzun lasterreko taldeak (ERIE) krisi ezberdinetan zabaltzen dira. Eskuhartzaileek bereziki laguntza psikosoziala ematen diete biktimei eta senitartekoei gertakariaren unean. ERIE hauek osatzen dituzte medikuek, erizainek, psikologoek, sorosleek, gizarte laguntzaileek, itzultzaileek, etab. Pertsona hauek guztiek, bolondres ala langile, sorospen operazioetan laguntzen dute ezbeharraren tokian.
Gaurkotasuna