Osasun mentala

Aitziberren bidea eta osasun mentalaren normalizazioari egiten dion ekarpena

Elkarrizketa honetan, Aitziberrek aurrera egiteko gaitasun eta enpatia handiak erakusten ditu, baita tratamendu egokiarekin bizimodu normalizatua egiteko aukerari buruzko uste sendoa ere. Gure protagonistak ahotsa altxatu nahi du, eta gaixotasun mentalaren inguruko estigma sozialaz hausnartzen du. Bere testigantzarekin, gizartearen aurreiritzi horiek aldatu nahi ditu, eta antzeko egoeran egon daitezkeen beste pertsona batzuei aurrera egiten lagundu.
Ile luzea eta koloretako jertsea dituen emakume gazte batek irribarre egiten dio kamerari

Aitziber emakume ausarta da, eta Gizarteratze ikasketak egin zituen. Lerro hauetan, osasun mentaleko arazo bategatik bere bizitza aldatu zen unetik aurrera izan duen esperientzia partekatzen du. Gaur egun, 30 urte dituela, ez da beldur Aita Mennin daraman errehabilitazio prozesuari eta Arrasateko komunitatean gainbegiratutako pisu batean duen bizitzari buruz hitz egiteko. Diagnostiko eta tratamendu zehatz bat izateak — non medikazioaren garrantzia nabarmentzen den, baita arazoa ulertzen duen gertuko jendearen eta profesionalen babesa ere— bere ikuspegia aldatu duela eta bizitza normalizatua lortzeko itxaropena eman diola adierazten du. Gure protagonistak ahotsa altxatu nahi du, eta gaixotasun mentalaren inguruko estigma sozialaz hausnartzen du. Bere testigantzarekin, gizartearen aurreiritzi horiek aldatu nahi ditu, eta antzeko egoeran egon daitezkeen beste pertsona batzuei aurrera egiten lagundu.

Aitziber, emakume ausarta zara, ez zaizu axola osasun mentaleko zure arazoez hitz egitea; erantsi dugun bideoan (0:37 segundo ingurutik aurrera), kontatzen duzu gizarteratze ikasketak egin zenituela eta lanbidean hasi zinela, baina, bat-batean, zerbaitek klik egin zuela zure buruan, eta zure bizitza erabat aldatu zela. Horrez gain, diagnostiko zehatza jasotzerakoan nolabaiteko lasaitasuna sentitu zenuela adierazten duzu. Zer izan zen zuretzat gertatzen ari zitzaizunak izen zehatz bat eta tratamendu posible bat zuela jakiteak?

Lasaigarria izan zen, ulertzen ez nituen gauzak gertatzen ari zitzaizkidalako, esaterako, bat-batean, haserrea, larritasuna, tristura… etortzen zitzaizkidan. Landu zitekeen diagnostiko bat izateak lasaitasun eta itxaropen handia ekarri zigun niri eta nire familiari. Ni bakarra ez nintzela eta beste pertsona batzuek nik bezala pairatzen zutela jakiteak pentsarazi zidan borroka honetan ez nengoela bakarrik eta, laguntzarekin, hobera egin ahal izango nuela, beste pertsona batzuk lortzen ari ziren bezala.

Nola iritsi zinen Aita Mennira?

Aita Mennira iritsi aurretik hainbat ospitaleratze behar izan nituen Donostiako Unibertsitate Ospitalean, baita Mentalia Usurbilen ere, baina, etxean hilabete pare bat eman ondoren, egoera ez zihoan ondo. Donostiako San Juan de Diosen Egonaldi Ertaineko Unitatean sartu nintzen, eta pandemia garaian Aita Mennira eraman ninduten.

Orain Aita Menniko pisu gainbegiratu batean bizi zara; zer ekarri zuen zuretzat pauso horrek? Zer lortu duzu Arrasateko komunitatean partekatutako pisu batean errehabilitazio prozesuari ekitean?

Pauso handia izan da, orain gertuago ikusten dut alta. Ospitalean nengoenean nire egoera zaila zen, ez nengoen ondo, ez nintzen etxera bisitan irteten, baina orain astebururo bakarrik joaten naiz autobusean. Neure buruan segurtasun handiagoa lortu dut, eta autonomia handiagoa beste kide batzuekin partekatutako pisuan bizi naizenetik.

Dokumentalean jasotzen duzun tratamenduaz hitz egiten duzu; kontatu zertan datzan eta zergatik azpimarratzen duzun agindutako medikazioaren garrantzia.

Hasieran behar adina laguntzen ez zidan tratamendu bat hartzen nuen, baina ondorengo doikuntzekin askoz hobeto aurkitzen naiz, egonkorrago. Nire aldartea asko hobetu zen, baina egia da haserrealdiak ez zirela erraz konpondu. Duela hilabete batzuetatik dudan pautak bizitza normala egiteko aukera ematen dit. Medikazioak bakarrik laguntzen ez didan arren, laguntza ematen diguten pertsonen laguntzarekin pisu batean bizitzeak aukera ematen dit buruan ditudan helburuetarantz aurrera egiteko. Orain pisu batean bizi naiz, baina denboraren ia erdia nire etxean egoten naiz, eta bi lekuetan normal parte hartzen dut. Lehen ez nintzen horrela bizitzeko gai. Orain ondo sentitzen naiz, animatuta, eta alta hartzen dudanean bizitza betea egin ahal izateko itxaropentsu.

Tratamendu farmakologikoaz gain, profesionalen laguntza aipatzen duzu zure egunerokoan, orain bizi zaren pisuan, Eguneko Ospitalean… Zein neurritan dira zuretzat garrantzitsuak laguntza horiek?

 

Uste dut oso garrantzitsuak direla, ospitaletik irteten naizenean bizitzarako prestatzen laguntzen didatelako. Pisuan autonomia lantzen dugu, eguneroko bizitzaren antolaketa, menuak prestatzen ikasten dugu, denbora antolatzen, baita elkarrekin bizitzen ere. Eguneko Ospitalean taldeak ditugu eta goizero egiten ditugu ekintzak, eta gaixotasun mentalari lotutako esperientziak partekatzen ditugu, gure zailtasunei aurre egiteko moduak ikasiz, berriro gaixotzea saihesteko. Bertaratzen diren pertsonak oso desberdinak dira eta, beraz, denon artean elkarri laguntzen diogu eta elkarrengandik ikasten dugu.

Orain askoz hobeto zaude, zure istorioa dokumental batean kontatzeko eta aurkeztera gonbidatzen zaituzten lekuetara joateko eskuzabaltasuna ere baduzu.

Garrantzitsua iruditzen zait niri gertatzen zaidan gauza berdina gerta dakiokeen jendeak jakitea ez dela bakarra. Gauza horiek edonori gerta dakizkiokeela, baina tratamendu egoki batekin bizitza normalizatua eraman daitekeela.

Aitziberren bidea eta osasun mentalaren normalizazioari egiten dion ekarpena
Aitziberrek Donostiako Nazaret Heziketa Zentroan eskaini zuen hitzaldiaren une bat

Duela gutxi zure garai bateko ikastetxean izan zara zure historia partekatzen. Nola sentitu zinen topaketa horretan?

Hasteko, harritu egin ninduen hainbeste jende nik noiz hitz egingo zain ikusteak, baina, behin hasi nintzenean, dena nahiko ondo joan zen. Atsegina izan zen gizarteratzaile gisa trebatu nintzen zentrora itzultzea, eta gustatu zitzaidan etorkizuneko profesionalei transmititu ahal izatea nola sentitu naizen azken urteetan, eta zein garrantzitsua den egunero bizitzan aurrera egiten laguntzen didaten pertsonak ondo izatea.

Zure ustez, dokumentalaren bidez kontatzen duzun esperientzia pertsonalak eta proiektatzen den ekitaldietara joateak pertsonei osasun mentalari lotutako alderdiak hobeto ulertzen laguntzen die?

Uste dut baietz. Edo behintzat baietz pentsatu nahi nuke. Parte hartu zutenek interes handia zuten, eta azkenean eskertu egin zuten nire presentzia. Niri gustatuko zitzaidan horrelako esperientzia bat izatea ikasle nintzenean.

Ondo dakizunez, edonork izan dezake osasun mentaleko arazo bat… Zer deritzozu gure gizartean oraindik ere dagoen estigmari? Inoiz sentitu duzu estigma soziala zurekiko? Zer egin genezake gizarte gisa ildo horretan hobetzeko?

Zoritxarrez, gizartean estigma handia dago oraindik, eta horregatik animatu nintzen dokumentalean parte hartzera. Orain lagun talde bat daukat, eta badakit ez dudala galduko, baina eskolako lagun taldea galdu egin nuen, pentsatzen dut ez zutelako ulertu zer gertatzen zitzaidan. Ez diet errurik botatzen, ezta gorrotorik ere, baina pena handia eman zidan galtzeak. Bizi ditugun gauza onak baloratzen ikasi behar da eta, beraz, uste dut dokumentalean parte hartu izanari esker dudala orain ulertzen eta babesten nauen lagun talde berri hau. Ez naiz bakarrik sentitzen nire bizitza berreskuratzeko prozesu honetan.