*Ikusgai jarritako panpinak orientagarriak baino ez dira, bakoitza originala eta bakarra baita. Ezin dugu bermatu eredua zehatz-mehatz errepikatzea.
Arrasateko Eguneko Ospitaleko erabiltzaileak tailer bat egiten ari dira: hainbat produktutatik lortutako kristalezko botilekin panpinak egiten dituzte, beraiek prestatutako ore berezi baten eta bestelako material batzuen laguntzarekin. Sortzaile eta langile handiak direnez, panpinak pilatzen hasi zaizkie, eta erabaki dute dohaintza sinboliko baten truke saltzea, 8 euroan. Lortutako diruarekin Ahizpa Ospitalariek Liberian duten ‘We are like you’ proiektua garatzen lagunduko dute.
Egin duten katalogoan kontatu diguten bezala, Eguneko Ospitaleko ohiko jardueretako bat da eskulan tailerra. “Astero, goiz bat igarotzen dugu hainbat produktu egiten (paparreko orratzak, poltsak, kaxa apaingarriak, etab.). Gero, Aita Menni Ospitalean edo beste erakunde batzuetan antolatutako azoka solidarioetan saltzen ditugu”.
Aurten, Eguneko Ospitalera doazen pertsonak botila gainean eraikitako panpinak egiten hasi dira. “Gure harridurarako, benetan politak eta bereziak geratzen dira, eta erraz saldu ditugu. Sorkuntza eta ikaskuntza lana izan da; izan ere, panpinak egin ahala, ekoizpen prozesuan murgiltzen joan gara, eta gaur egun askoz ere teknika landuagoa dugu, bai eta eredu eta aukera sorta zabalagoa ere”.
Enkarguak onartzen ditugu
Hasiera batean, gertuko pertsonei saltzen zizkieten lanak, baina eskulangileek beste pauso bat ematea erabaki dute: hain justu, katalogo bat osatzea eta enkarguak onartzea. “Eguneko Ospitaleko kideok beti mugiarazi gaitu era batera edo bestera motibagarriak edo erakargarriak zaizkigun arrazoiei laguntza solidarioa emateak. Horregatik, hiru urtetik gora daramatzagu modu aktiboan Aldeas Infantiles GKEarekin lankidetzan; hots, haurrei laguntzeko ahalegina egiten duen irabazi-asmorik gabeko erakundearekin lankidetzan. Lankidetza eta laguntza ildo horretan, “We are like You” proiektuari ere egin nahi izan diogu gure ekarpena, eta gure aletxoa jarri dugu”, azaldu dute.
Panpina horietakoren bat enkargatu edo erosteko interesa dutenek Eguneko Ospitalean bertan egin ahal izango dute (Uribe kalea, 13/14, 20500 Arrasate. Tel. 943 770 000) edo, bestela, [email protected] helbidera mezu elektroniko bat bidalita.
“Eguneko Ospitaletik gure ‘aletxoa’ jarri nahi dugu. Gure panpina solidarioak saldu, eta jasotako dirua proiektura bideratuko dugu. Hala, munduko beste bazter batzuetako ongizatea eta osasun mentala hobetzen lagunduko dugu, non osasun baliabideak ez dauden oso garatuta”, zehaztu dute.
We are like you
‘We are Like You’, hain zuzen, Aita Menni Ospitalearen eta Monroviako (Liberia) Benedict Menni osasun zentroaren arteko lankidetza proiektu bat da, bi-biak baitira Ahizpa Ospitalarien ordenakoak. Proiektuaren helburua da gaixotasun mentala daukaten edo droga abusuaren ondorioz gaixo dauden pazienteen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen baldintza soziosanitarioak hobetzea.