Aita Menniko Zuzendaritza Batzordea Salamancako Estatuko Alzheimer Erreferentzia Zentroan izan da
Aita Menniko Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide Salamancako Estatuko Alzheimer eta Bestelako Dementzien Erreferentzia Zentroan izan dira berriki. Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren (Imserso) mendeko zentroa da, estatu mailakoa, eta Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten adinekoen arreta soziosanitariorako formularik onenen ikerketan, azterketan, ebaluazioan eta ezagutzan aditua da.
Zentroaren helburuan artean, Alzheimerra duten pazienteak artatzeaz gain, arreta soziosanitarioan irtenbideak bilatzea eta gaixotasun hori eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen eta haien senide eta zaintzaileen bizitza kalitatea hobetzea ere bada. Bestalde, erakunde publikoei, pribatuei eta partikularrei informazioa zabaltzea, laguntza teknikoa ematea eta ezagutzak trukatzea ere daude helburuen artean.
Esparru horretan kokatzen da Aita Menniko Zuzendaritza Batzordeko ordezkarien bisita, Euskal Herriko erreferentzia dena arreta psikogeriatrikoan. Salamancako CRE zentrora egindako bisitan haren instalazioak ikusteko aukera izan zuen. Bere egoitza-eremua bizikidetza-unitateen ereduari jarraituz antolatutako moduluetan egituratuta dago, familia-bizitzaren antzekoak izan daitezen. Egoitza-erregimena eskaintzen du eta eguneko nahiz gaueko aldi baterako zentroa izan daiteke. Halaber, instalazioetan aplikatzen diren programa terapeutiko eta teknikei buruzko informazioa jaso zuten. Programa horietako batzuk, hala nola bideo-jokoen edo musikoterapiaren erabilera, aspaldi aplikatzen dira Aita Menniren egoitzetan eta eguneko zentroetan. Bestalde, Salamancako zentroan egiten diren ikerketen egoeraren berri jaso zuten.
Arreta Zuzeneko Zerbitzuaren barruan dagoen laguntza-jarduera honez gain, CRE zentroak bi erreferentziako zerbitzu ditu:
- batetik, Informazioa, Dokumentazioa, Ikerketa eta Ebaluazioa, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonei buruzko azterlanak eta ikerlanak sustatzeaz eta laguntzeaz arduratzen dena eta programa berritzaileak, teknologiak, jarduera-metodoak, protokoloak, arau teknikoak eta kalitate-sistemak proposatzen dituena.
- bestetik, Prestakuntza, Laguntza Teknikoa eta Sektore arteko Lankidetza Zerbitzua, adituen prestakuntza-programak abian jartzeaz, sektoreko erakunde publiko eta pribatuei laguntza teknikoa eskaintzeaz eta haiekin lankidetzaz aritzeaz, eta ezagutzak eta esperientziak trukatzeko ekimenak sustatzeaz arduratzen dena.
Bisita honekin, Aita Menni Ospitaleak harremanak indartzen ditu psikogeriatriaren esparruan lan egiten duten estatuko erakunde-sareekin, eta Euskadiko zentroetan adinekoei ematen dien arretan abangoardian kokatzeko konpromisoari eusten dio.