Aita Menniko hiru taldek parte hartuko dute Why Noten X. Futbol 7ko Txapelketan
Urtero bezala, Why Not Fundazioak futbol 7ko txapelketa antolatu du 2024an, osasun mentalaren alde lan egiten duten hainbat elkarte eta erakunderekin. Hamargarren edizio honetan, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak bi talderekin parte hartu du.
Partidak ostiralean, hilak 20, jokatu ziren, Donostian. Arrasatetik bi talde joan ziren hara, Aita Menni Ospitalea ordezkatuz jokatzeko, batek Why Not-en kamisa grisa zuen eta besteak kamiseta arrosa. Talde osoa 46 lagunek osatzen zuten, eta animatzeko gogo handiz joan ziren. Udalaren Puio futbol/errugbi zelaian Maldatxo gure Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroko erabiltzaile taldearekin elkartu ziren, hark ere parte hartu zuen-eta.
“Lehen eta bigarren postuetan sailkatzeko zorterik izan ez genuen arren, egun bikaina izan zen. Mundu guztia oso pozik atera zen, izan ere, giroa oso atsegina eta oso humanoa izan zen, benetan, denek elkarri asko laguntzen baitzioten, taldeen artean eta taldean bertan. Why Not Fundazioak diplomak eman zizkigun, bazkaltzera gonbidatu gintuen… Oso polita izan zen parte hartzaile guztiak nola integratu ziren ikustea. Gainera, Realeko beteranoek eman zizkiguten diplomak. Ospitalera pozik itzuli ginen, koparik gabe, baina datorren urtean kopa lortzeko gogoarekin”, kontatu digu Amaia Segovia Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko koordinatzaileak.
Why Not Fundazioa 2010ean sortu zen, eta, harrez geroztik, gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzen laguntzen du, ikusgarritasuna emanez eta, esaterako, errespetuaren eta bizikidetzaren balioak sustatuz. Kirol txapelketa honek Realaren laguntza du. Hauek izan ziren ekitaldia babestera joan ziren taldeko jokalari beteranoetako batzuk: Mitxel Loinaz, Iñaki Alaba, Miguel Fuentes eta Periko Alonso.