Aita Menniko 25 pazientek “Elkarrekin bila” gizarte proiektuaz gozatu dute Arantzazun
Arantzazuko santutegiko frantziskotarrek, pertsona laiko talde batekin elkarlanean, Elkarrekin bila ekimena jarri dute martxan. Proiektu honen helburua da santutegiko egonaldiaz gozatzeko aukera eskaintzea gaixoei eta desgaitasunen bat dutenei, adikzioak dituztenei, delitu bat egiteagatik askatasunik gabe daudenei, babesik gabeko adingabeei eta bizitzan zailtasunak dituzten beste pertsona batzuei.
Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetako 25 pazientek osatutako talde batek bi egun eta erdiz izan du aukera proiektu sozial honetaz gozatzeko.
«Elkarrekin bila» esaerak «Elkarrekin aktiboki bilatzen» esan nahi du, eta gehien sufritzen dutenen ondoan egoteko Arantzazuk duen bokazio humanista eta kristaua islatzen du, San Frantzisko Asiskoaren deiaren ildotik. Pertsonak euren eguneroko errutinatik ateratzea da asmoa, beste bizimodu bat erakustea, gizabanako gisa hazteko itxaropenarekin. Esperientziak pertsona horien autokonfiantza hobetu nahi du, zailtasunak gainditzeko bideak eta aukerak aurki ditzaten.
Talde bakoitzak jarduera programa bat sortzeko malgutasuna du, bisita gidatuak barne, hala nola Parketxea (Aizkorri-Arazko Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa), Gomiztegi, bide egokituetan zehar egindako ibilaldiak eta beste hamaika jarduera.