Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Mota askotako ekitaldiekin ospatu da bateko eta besteko zentroetan San Benito Benniren eguna. Erlijio ospakizunek, kontzertuek eta are bonsai erakusketa batek osatu dute aurtengo programa, Aita Menni Espainiara iritsi zeneko 150. urteurrena ospatzeko.
Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Azken egunak bereziak izan dira Aita Menni zentroetan. Paziente, senide, ahizpa eta kolaboratzaileek parte hartu dugu San Benito Menniren jaiaren karietara egin diren ospakizun ekitaldietan. ‘Hospitalitatearen astea’-ren ekitaldien programa Arrasaten hasi zen, joan den 18an, Balioen eta Hospitalitatearen Muralarekin. Orduz geroztik ekitaldiak beste zentro tenplu batzuetara iritsi zen: Bergara, Gesalibar, Donostia, Durango, Soraluze, Eskoriatza, Oñati, Bilbo, Beasain, Villabona…

Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Artzain Onaren katedrala. ‘Hospitalitate Bidea’-n parte hartu zuten Zuatzuko Kalte Zerebraleko Zentroak eta Irun eta Maldatxo EPSZek

Aita Menni Ospitaleak, Arrasateko Eguneko Ospitaleak, adinduen eguneko zentroek, kalte zerebralekoek eta errehabilitazio psikosozialekoek bat egin dute San Benito Menni gogoratzeko erlijio ekitaldietan. Bertan santuaren bizitzari buruzko mural grafikoak sortu dira, aipatu murala osatzeko. Haren ibilaldiari eta legatuari buruzko hitzaldiekin batera, hitzordu gastronomiko bizi-biziak egin dira erabiltzaileentzat eta profesionalentzat. Eta, bestela ezin izan, kirola eta musika ere presente egon dira. Kontzertu jendetsuak izan dira programaren arrakasta osatzeko, esaterako, San Benito Menniren ohorezko triduoa, Juan Carlos Irizarrena Villabonan, edo Juanjo Iturrioz akordeoilariarena Beasainen.

Aipamen berezia merezi du Jesus M. Arizmendiarrietaren bonsai bildumak, zeina Aita Menni Ospitaleko harreran egon zen ikusgai. Olibondo, zumar, sagarrondo, gereziondo, pago, haritz, erkametz, pinu, ezpel eta sabinak, are japoniar astigar gorri bat ere.  ‘Hospitalitatearen asterako’ ekarpen gisa, eta miniaturazko arbolen lanketaren zaletasuna txertatu zion Jose M. Narvaiza adiskidea gogoan, gure Giza Baliabideetako arduradunak jende guztiarekin partekatu nahi izan zuen bere japoniar lorategia osatzen duten ehun ale baino gehiagotatik batzuk. 

Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Omenaldia 25 urteko lankidetzagatik

Beste urte batez, patroi santuaren jaiarekin bat eginda, Aita Menni Ospitaleak bereizgarri bat eman nahi izan zien erakundearen zerbitzuan 25 urte bete dituzten lagunei. Ana M. Santor, Milagros Gomez, Kontxi Aldabe, Arrate Axpe, Jesus Moraza, Merche Sagarna, M. Jose Ijurra, Alfonso Saez de Ibarra, Iñigo Urrutikoetxea, Izaskun Arrese, Josune Azkoaga, M. Paz Carriet, Espe Alonso, Arantza Beitia, Carmen Gonzalez, Iratxe Lizarralde, Monica Etxebarria, Iñaki Arizmendiarrieta, M. Angeles Cuesta eta Manoli Lopez izan ziren omendutako lagunak. 

Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Ospakizun irisgarria eta inklusiboa

Hilaren 24ko arratsaldean bertan, 15:00etatik aurrera 17:30era arte, Aita Menni Ospitaleko gaixotasun mentala eta desgaitasun intelektuala duten lagunek ekitaldi ugari antolatu zituzten San Benito Menniren jaian parte hartzeko, jende guztiarentzako jai programa irisgarri, inklusibo eta parte hartzaile baten barruan.

ADAM areto futboleko taldeak eman zion hasiera jaiari. Eguzki galdatan, parte hartzaileek lagunarteko partida jokatu zuten. Lehendabiziko aldiz, gure kirolariak arduratu ziren norgehiagokaren antolamenduaz ere: jokalarien hautaketa, taldeen osaketa, ekipazioak antolatzea eta banatzea, partidarako materialak prestatzea, epaileak, esatariak, etab. Publiko askok jarraitu zuen partida, jarraitzaile handien pare animatuz, indarra eta animoak emanez.

Aita Mennik santu fundatzailea ohoratu du

Arratsalde osoan zehar, merkatu txiki solidarioak dirua jaso zuen Ahizpa Ospitalariek Monrovian duten We Are Like You proiekturako (Liberia). Benito Menni Sareko dispositiboetako (Aita Menni Ospitalea, Arrasateko Eguneko Ospitalea ea Arrasateko EPSZ) pazienteek jarduera terapeutikoetan eta tailer aurre-okupazionaletan egin dituzten artikuluak salgai jarri ziren. Berriro ere, pazienteek aktiboki parte hartu zuten, salmahaietan saltzaile jardunez, erabakiak hartuz eta produkturen bat erosteko interesa zuten pertsona guztien galderei erantzunez.

15:30ean, eta hurrengo orduan zehar, ospakizunak Gran Prix Benito Mennirekin jarraitu zuen. Lehiaketa taldeka jokatu zen, probak eginez eta galderei erantzunez. 5 talde heterogeneok –adinduak, mugikortasun urria duten pertsonak, Lege Psikiatriako Unitateko pazienteak, Egonaldi Ertainekoak, Egonaldi Luzekoak eta Desgaitasun Intelektualeko Unitatekoak– ahaleginak egin zituzten probetako bakoitzean gehieneko puntuazioa lortzeko.

Azkenik, jaia dantza saio batzuekin, karaokearekin eta meriendarekin amaitu zen. Edo, hobeto esanda, asko dibertituz eta gozatuz, lortu izanaren eta gai izatearen sentsazioekin.

Aita Menni iritsi zeneko 150. urteurrena

1867ko apirilak 6 zituen Benito Menni Bartzelonara iritsi zenean, “bere sehaska” berrezartzeko misioarekin, artean deseginda zegoen San Joan Jainkoarenaren Ordena. Etorrerak azkar eman zuen fruitua. Urte hartako abenduan bertan inauguratu zen katalan hiriburuan egoitza-etxea, Espainiako lehen eta Europako hirugarren ospitale pediatrikotzat jotzen dena.  Urte batzuen buruan Jesusen Bihotzaren Ahizpa Ospitalarien kongregazioa sortuko zuen, eta 1898an gaur egun Arrasaten bere izena daraman gure zentroa.

Aita Menniren lan ospitalario handia eta gaixoekin zuen konpromisoa gogoratzeko, gure zentroetako batzuek “Hospitalitate bideari” ekin diote. Aita Mennik Milandik Bartzelonara egin zuen bide hori erakutsi nahi izan dute, eta Bartzelonatik Ciempozuelosera egin zuena, non, 1881ean, Maria Josefa Reciorekin eta Maria Angustias Gimenezekin Ahizpa Ospitalarien kongregazioa sortu zuen. Bideari ekitea ez da soilik fundatzailearen bizitza hobeto ezagutu nahi izatea, baizik eta gure erabiltzaileen artean ariketa fisikoa egitea sustatzea, ariketa egiten den ordu bakoitza egunean ibilitako 3 km-ren parekoa baita. San Benitoren bideari jarraitzeko, mural bat osatu dute geldialdi, altitude eta igaro zituen herrietako argazki esanguratsuekin. Zalantzarik gabe, haren lan eskerga gogoratzeko beste modu polit eta aktibo bat. 

Egunkariko berriaren esteka:

Mondra Berri

Goiena