Gizarte eta osasun zerbitzuetako paziente eta erabiltzaileek eta euren senideek baieztatzen dute profesionalen prestakuntza hobetu behar dela humanizazioari eta laguntasunari dagokionez. Arrazoi hori tarteko, Deustuko Unibertsitateak graduondoko programa bat jarri du martxan, profesionalak prestatzeko enpatia, entzuketa aktiboa eta laguntasuna hobetzeko, maila sanitarioan zein sozial, psikologiko eta espiritualean. Teologia fakultateko Gizarte eta osasun arloko humanizazio eta laguntasun espiritualeko adituaren graduondoa aitzindaria da Espainiako unibertsitate eremuan.
Planifikazio eta arreta terapeutikoaren prozesuetan, Europako gizarte eta osasun sistemek gero eta gehiago baloratzen dute dimentsio antropologiko eta espiritualaren garrantzia, azken hori ikuspegi plural, transkultural eta integratzaile batetik ulertuta. Filosofia horren barruan, Deustuko titulu berriak planteamendu horiei erantzun nahi die, oinarrizko konpetentzietan eta konpetentzia orokorretan prestatuz, hainbat arlotan: arazo sanitarioak eta sozialak, antropologia kulturala eta espirituala, komunikatzeko trebetasunak, laguntasun teknikak, aholkularitza zaintzaile formalentzat eta informalentzat, gatazken bitartekaritza eta kudeaketa, galerari aurre egitea, dolua, gaixotasuna eta heriotza.
“Maletak ekipaje egokiarekin egiten” laguntzea
Jacinto Batiz graduondoaren batzorde akademikoko kidea eta Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendaria da, eta, aurkezpenean adierazi zuenez, sufrimenduaren esperientzia “unibertsala da eta areagotu egiten da bizitzaren amaierako mugetan”. Sufrimendu hori, profesionalei dagokienez, “erronka tekniko eta betebehar moral bat da, beste aldera ez begiratzea eskatzen duena”. Azaldu zuenez, “pertsonen sufrimenduak lau dimentsio ditu: fisikoa, emozionala, soziala eta espirituala”. Horrenbestez, kontuan hartu behar dugu bizitzaren amaieran gertatzen den sufrimendu horren zatirik handienak, min fisikoa eragiteaz gain, beste gai batzuekin ere baduela zerikusia, hala nola alde emozionalekin, sozialekin eta espiritualekin, baita ere bizitzaren galderarik sakonenei erantzuteko ezintasunarekin ere. Beharbada alderdi espirituala da medikuntzaren alderik ezezagunena, baina euren azken egunetan pazienteek gehien eskatzen dutena da”. Batizek esan zuenez, halaber, “bizitzaren amaieran espiritualtasunetik laguntasuna eskaintzea maletak ekipaje egokiarekin egiten laguntzea da, benetan garrantzitsua denarekin”.
Prestakuntzako ekimena 2019ko urritik 2020ko ekainera garatuko da, guztira derrigorrezko 30 krediturekin, eta aukera libreko beste 6 krediturekin. Gehienez ere 30 ikasle izango dira, eta Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean zein Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean garatuko dute prestakuntza.
Graduondoak bi ildo tematikotan prestatuko ditu ikasleak. Alde batetik, osasunaren humanizazioa egongo da, eta, bestetik, laguntasun espirituala, bai arlo sozialean (desgaitasuna duten pazienteak, etorkinak, kolektibo ahulak, indarkeria, tratu txar edo abandonuaren biktimak…), bai arlo sanitarioan (ospitaleak, osasun zentroak, etxeko arreta). Helburu horretarako, hainbat erakunde sozial eta sanitarioren lankidetza dago, horien artean egonik Bilboko Gotzaindegia —graduondo adituaren ekimena berari zor zaio—, Bilboko Elizbarrutiko Caritas eta Aita Menni Ospitalea (Ahizpa Ospitalariak).
Gizarte eta osasun arloko humanizazio eta laguntasun espiritualeko adituaren graduondoaren hartzaileak dira osasun arloko zein esku hartze sozialeko profesionalak, osasunaren pastoralaren eragileak, konfesio erlijiosoetako ministroak eta osasun eta gizarte arloko boluntarioak, besteak beste.