Joan den astean, gaixotasun mentalen esparruko osasun arloko 400 profesional baino gehiago bildu ziren Gasteizen Psikiatriako XXV. Eguneratze Ikastaro Nazionalean parte hartzeko. Bertaratutakoek osasun mentalaren arloko zenbait esku-hartze eta ikerketa lerro azaldu eta eztabaidatu zituzten. Horrela, Iñaki Madariaga doktoreak, Aita Menni Ospitaleko Legezko Psikiatria Unitateko (LPU) arduraduna den mediku psikiatrak, zuzentzen duen zentroaren funtzionamenduari buruz hitz egin zuen. Estatuan aitzindaria izanda, LPUk arreta psikiatrikoko zerbitzu bat eskaintzen du beraien gaixotasun mentalarengatik egindako ekintzen ondorioz prozesu judizialen barruan dauden pazienteentzat.
Ireki zutenean LPUk bost ohe zituen hitzartuta Gipuzkoako Lurraldeko Osasun Zuzendaritzarekin, hala ere,Madariagak dioenaren arabera, hasieratik aurreikuspenek kopurua ez zela nahikoa adierazten zuten, eta hori dela eta berehala handitu zutela 10era. “Unitate honek ez zuen nahi Gipuzkoako esparrura bakarrik mugatzea; Euskal Autonomia Erkidegora eta hemendik hurbil dauden beste eremu geografiko batzuetara heldu nahi zuen. Izan ere, eskaeraren zati handia Bizkaiko lurraldetik dator gaur egun“, azaldu du doktoreak. Hiru urte geroago, 2016ko abuztuan, LPUk gaur egungo 20 plazak izateko egindako handitze-lanak amaitu zituen. Gaur egun, Unitate misto honen 18 plaza beteta daude (16 gizon eta 2 emakume), eta espero da hilabete bateko edo hilabete eta erdiko epean bi plazak beteta egotea.
LPUk gaixotasun mental larrien arreta-eskaerari erantzuten dio, delitu larri bat eginda eta epaituta egonda, oso segurtasun-maila handiak behar dituztelako, agindu judizial batek zentro batean itxita egotea eskatu duelako. Zerbitzu hau dagoenetik, “justizia terapeutiko edo leheneratzailearen” kontzeptuarekin lotuta dagoena, kartzela-zigorren ordez, barneratze-neurriak ezartzen dira, agintari judizialak onartzen duenean delitua egin duenak, delitua egindakoan bere egintzen erantzulea ez zela. Dagokion osasun mentaleko sailarekin koordinazioan barneratzen da.
“Egia esan, laguntza terapeutikoak justiziaren aplikazioaren ere eragiten duela onartzea da kontua, eta gurea bezalako gizarte aurreratu batean aho batez onartzen da hori, arlo judizialetik, osasun eta gizarte arlotik –azpimarratu du Madariagak-“. “Baina 20 oherekin eskaera horri erantzuten zaiola uste dugu. Horrenbestez, arrazoizkoena izango litzateke LPU egonkortzea. Hala ere, espero dugu honen moduko esperientzia aitzindariak hemendik urte batzuetara orokortzen joatea, duela 20 urte Suitzan, Frantzian edo Ingalaterran abian jarri ziren bezala“, esan du.
Bestalde, Legezko Psikiatriako koordinatzaileak jakinarazi digu Ospitalea Segurtasun Baxu-Ertaineko Unitate bat sortzeko proiektu bat prestatzen ari dela, segurtasun-eskaera txikiagoak edo LPUkoak bezain zorrotzak izan behar ez duten beste neurri batzuk dituzten paziente psikiatrikoen beharrak asetzeko.