Aita Menni Ospitaleko pazienteak eta langileak buru-belarri aritu dira lanean Frantziako Tourraren 110. edizioaren bigarren etapari ongietorria egiteko. Bi asteko lana izan da, zeinak muntaketa sortzaile eta dinamiko baten eszenaratzea izan duen fruitu. Txirrindulariek nola, halaxe mugiarazi zituzten, guztien artean, bizikleta hori handi baten gurpilak. Tourreko helikopterotik grabatu zuten irudia, eta hainbat komunikabidetan agertu zen. Xehetasun polit horrekin erakutsi genuen zer-nolako maitasuna diogun Frantziako birari, eta horixe ikusi zen jende guztiak ere.
2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapak, hilaren 2an, igandea, Gasteiztik Donostiarantz abiatu zenak, aztarna utzi du Aita Menni Ospitalean, hots, zaintza eta itxaropen leku batean. Eta litekeena da pazienteek eta langileek ekitaldi zirraragarri horri ongietorria egitean erakutsitako suhartasuna probaren protagonistengana ere iritsi izana.
Proportzioak aztertzea, kalkulatzea, pintatzea, mugimendua lortzea… Lana egin behar izan dute, bai, Amaia Bolumburu Errehabilitazio eta Gizarte Dinamizazio Zerbitzuko arduradunak kontatu digunez. «Sprintean» egin beharreko bi asteko lana izan da, baina merezi izan omen du, eta asko gainera. «Denbora horretan, gure instalazioetako kirol kantxan, Errehabilitazio Psikosozialeko taldeak, batez ere begiraleek, eta mantentze lanetako taldeak, behar bezala koordinatuta, bizikleta erraldoi bati forma eman diote, gure pazienteek, sokaz eta zabor poltsa horiz egindako gurpilak biratuz, txirrindulariei ongietorri beroa eman ahal izan diezaieten».
Harrotzeko motiboa
Argazkietan ikus daitekeen bezala, muntaketa berezi honetan buru-belarri aritu ziren lanean langileak eta pazienteak. Frantziako Tourreko parte hartzaileei laguntzen dien karabanak sortutako poz eta emozioarekin, jai giro paregabea sortu ahal izan zuten. Gure pazienteek, horiz jantzita, bizikleta sinbolikoaren gurpilak birarazten zituzten bitartean, ospitaleko beste jarraitzaile talde handi batek agur egin zion Tourrari, Gesalibarko errepidetik igaro zenean, goratze, ikurrina eta txaloen artean.
Ikusmin handia zegoen Arrasaten lasterketa iritsi zenean. Gure keinuari esker mundu mailako irismen handiko kirol ekitaldi baten parte izatea eta komunikabideek xehetasun horren berri ematea benetan pozgarria, atsegina eta harrotasunezkoa da etxeko denontzat.