Aita Menni Ospitaleak Hikvision konpainiako zenbait arduradun nagusiren bisita jaso zuen atzo, zeina, 2022az geroztik, Lege Psikiatriako Unitatean eta Desgaitasun Intelektual eta Jokabide Nahasmenduaren Unitatean dagoen bideosegurtasun sistemaren hornitzailea baita, horri esker, arrisku egoerak prebenitzeko eta gertatzen direnean azkar jardun ahal izateko.
Hikvision mundu mailako enpresa liderretako bat da segurtasunari aplikatutako irudiaren arloan, hainbat eremutan, tartean osasungintzan. Hu Yangzhong konpainiaren presidentea izan zen atzo Aita Menni Ospitalea bisitatu zuen ordezkaritzaren buru, eta, horrekin batera izan ziren Jason Yang eta Ethan Qu, Europarako eta Iberiar Penintsularako presidenteak, eta David Gomez, Hikvision Spaineko Salmenta zuzendaria.
Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen zuzendari kudeatzaile Mikel Tellaecherekin eta Informazioaren Teknologien arduradun Óscar Ortiz de Lejarazurekin batera, Gesalibarko zentro asistentzialeko instalazioak zeharkatu ahal izan zituzten, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten beren konpainiako produktuek Lege Psikiatriako eta Desgaitasun Intelektualeko Unitateetan duten erabilera,
Unitateetan horietan, bideo-analitikako sistema batek arrisku egoerak prebenitzen ditu, eta gertatzen direnean azkar jarduteko aukera ematen du. Sistemak bideogainbegiratzeko kamerak ditu, mugimenduari edo mugimendurik ezari buruzko patroi definituak detektatzen dituztenak, eta patroi horien bitartez ekintza jakin batzuk aktibatzen dira, esaterako, langileen komunikazio sistemetarako alarmak. Ohiko zaintza sistemek pantailetako irudien monitorizazioa eta arreta etengabea behar dute, eta soilik giza irizpidearen mende daude arriskua ekar lezakeen egoera baten aurrean. Aita Menni Ospitalean ezarritako sistemak, ordea, mugimendu edo patroi jakin batzuk identifikatzen ditu irudietan –lurrera erortzea, borrokan egitea, komunera joan eta ez itzultzea, oheko posizioa…–, eta abisuak aktibatzen ditu, ondorioz, giza erroreak murrizteko eta berehala erreakzionatzeko.
Segurtasun sistema hori ingeniaritza zerbitzuak egiten dituen Ondoan enpresaren eskutik ezarri da, eta Osasunberri ekimen kolaboratiboaren lanaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Hazitek laguntza ekonomikoei esker.
Hain zuzen ere, Aita Menni Ospitalean garatutako berrikuntza proiektu hori izan zen 2023ko ekainaren 21ean eta 22an Hikvision Villagen azaldu zen arrakasta kasuetako bat; konpainiak Madrilen antolatutako topaketa bat da hori, eta segurtasun teknologiei lotutako ekitaldi nazionalik handiena da.
Hikvisionen produktuen presentzia ez da Aita Menni Ospitalera mugatzen, izan ere, Ondoan-ek eta Hikvisionen banatzailea den Hommax enpresak, otsailaren 14an, bideozaintzako ekipo bat eman zuten dohaintzan, 4.000 €-koa, Monroviako (Liberia) Benito Menni Osasun Zentroko Osasun Mentaleko Unitaterako, non We Are Like You ekimena garatzen den, gipuzkoar zentroak bultzatuta.