Argazkia: Tuterako UNED
Joan den irailaren 15ean eta 16an Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen XV. Urteko Bilera egin zen Tuteran (Nafarroa). Aurten, bilera Tuterako UNEDekin batera antolatu dute. Ekitaldiak Nafarroako eta Euskadiko osasun mentaleko 100 aditu baino gehiago elkartzen ditu urtero. Elkartu ziren psikiatriako adituek gaixotasun mentalen bat duten pertsonen gizarteratzea erreibindikatu zuten, eta lan merkaturako balio dutela azpimarratu zuten.
Gaixotasun mentala diagnostikatuta duten pertsonak gai dira lan aukera bati erantzuteko edo gizartean txertatzeko, laguntza maila egokiak baldin badituzte. Asko balio dute, eta gizarteak beraien urritasunei baino gehiago bertuteei erreparatu beharko lieke. Horrelako baieztapenak egin zituzten Aita Menni Ospitaleko zuzendari mediko Ignacio Quemada doktoreak moderatu zuen mahai inguruan.
Psikopatologia eta kultura
“Gaixotasun mentala: famili eta lan integrazioa” lema orokorraren pean, pazienteen gizarteratzea sakon aztertu zen, tratamenduen azken helburu gisa. Euskadiko eta Nafarroako Psikiatriako Elkarteko lehendakari Jorge Pla doktoreak hala baieztatu zuen: “Integrazioa.Gure pazienteetako batek gaixotasuna gainditu eta sendatzen denean, denon erronka da lortzea pertsona hori aurretik zuen bizitzara benetan bueltatzea.Familiara eta lanera bueltatzea, izan ere, familiako eta laneko bizitzara bueltatzeak egiten du benetan pazienteak estigrmarik ez edukitzea.
Gakoa da pazienteak sano dituen arloak bultzatzea, eta ez erreparatzea soilik haren gabeziei. Zentzu horretan, Blanca Yániz Igal Avanvidakoak, zeina psikologiako doktorea eta Tuterako QUEILES Errekuperazio Psikosozialerako Zentroko zuzendaria den, hau azaldu zuen: “Pertsonen ahalmenen garapenean zentratzen gara, eta ez hainbeste nahasmenduak dakartzan gabezietan”.
Bildutako adituek azpimarratu zutenez, gizartea ulerkorragoa eta integratzaileagoa izan behar da. Hain justu, psikopatologiaren eta kulturaren arteko harreman konplexua izan zen Cambridgeko Unibertsitateko Epistemologia Psikiatrikoko katedradun emeritu German Berriosek emandako inaugurazioko hitzaldiaren gaia.
Zaintzaileei arreta egitea
Ostiraleko jardunaldiak buruko gaixotasuna duten pertsonen errehabilitazioa pertsonengan zentratzen dela azaltzeko balio izan zuen. Gune horretan, Ikerketa Psikiatrikoen Erakundeko zuzendari Manuel Martin Carrasco doktoreak (Ahizpa Ospitalarioen M. Josefa Recio Fundazioa) EDUCA proiektua aurkeztu zuen. Programa psikohezitzaileek zaintzaileengan duten eraginkortasunari buruzko lehen azterketa esperimentala da, eta dementzia duten pazienteak zaintzeak eragiten duen gainkarga eta estresa prebenitzea du helburu.
“EDUCA Proiektua”-ren barruko EDUCA-III azterketak erakustera datorrenez, eskizofrenia duten pertsonen zaintzaile informalei programa psikohezitzaile bat aplikatuz gero, haien osasun egoera hobetuko da eta, zeharka, pazienteari ere mesede egingo dio.
Martin doktoreak esan zuenez, “zaintzaileak gaixoek duten estigma bera dute, eta gaixotasuna ezkutatzeko eta baztertuta sentitzeko halako joera dute”. Programa psikohezitzailea aplikatzean, osasun mentaleko profesionalek estresa kudeatzen erakusten diete zaintzaileei, ariketen eta entrenamenduaren bitartez, eta egunero agertzen zaizkien arazoak bideratzen erakusten diete.
Julian de Ajuriaguerra saria
Programa osatu zuten gainerako mahaiak gaixo dauden adineko pertsonen eta haur eta gazteen errehabilitazioaz eta gizarteratzeaz aritu ziren. Ostiral goizaren bukaeran, Julian de Ajuriaguerra saria entregatu zen, eta Nafarroako ANASAPS elkarteari egokitu zitzaion. Nafarroako eta Euskadiko psikiatrek ematen dute saria, eta gaixotasun mentala duten pertsonen zaintzan bereziki inplikatuta dauden pertsona eta erakundeentzat da.