Aita Menni errealitate birtualaren beste erabilera terapeutiko batzuk aztertzen ari da
Supermerkatura joan bertara joan beharrik gabe; naturaz gozatu aulkitik mugitu gabe; eguneroko bizitzako jardueretan (EBJ) trebatu modu ludiko batean. Eta abar, eta abar, arreta, memoria, funtzio exekutiboak, planifikazioa, denboraren orientazioa, trebetasunak… lantzeko. Errealitate birtualak aukera terapeutiko ugari eskaintzen ditu, horietatik batzuk aspalditik ezagunak Aita Menni Ospitalean, batez ere Kalte Zerebraleko Zerbitzuan, non duela zenbait urte erabiltzen baita teknologia aurreratua: robotika eta neurorrehabilitazio birtualeko programak (estimulazio kognitiboa, estimulazio motorra, komunikazio aumentatiboa, etab.).
Beste utilitate batzuk aurkezteko, Arrasateko gure ospitaleraino hurbildu ziren Oroi errealitate birtualeko kanaleko ordezkariak; kanala adinekoen aisialdian espezializatuta dago.
Oroi plataformak eguneroko egoerak simulatzen ditu, edo Aita Mennik adinekoentzat kudeatzen dituenak bezalako zentroetan bizi direnei disfrutatzea gustatuko litzaizkiekeenak. Errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, Oroik beste mundu batzuetara eramaten ditu horiek janzten dituztenak. Jorge Maylin eta Iñaki Aramburu garatzaileek eta Adriana Gomez neuropsikologoak azaldu zutenez, “360 graduko sistematik, xedea da garuna engainatzea, emozio eta estimulu positiboak sortzeko”.
360º-ko esperientzia, oso lan errealista
Teknologia asko aurreratu da, eta esperientziaren kalitatea ona da. Betaurrekoak erabiltzen diren bitartean (3 minutu inguru), erabiltzaileek dauden mundutik deskonektatzeko aukera dute, baserri batean daudela sentitzeko, abereen ondoan, laztantzeko gogoa izateraino ere; elurrez inguratuta Ordesako haranaren erdian, edo Donostiako Aquariumeko arrainei begira erlaxatu, adibide batzuk jartzearren. Erosketa egiteko ere entrenatu daitezke, memoria estimulatu edo eguneroko higienea egin. Baina, horrelako tresnak erabiltzearen gauzarik interesgarriena “ondoren datorrena” da. Adriana Gomezek azaldu zuenez, normalean apatiko egoten diren pertsonek, saioaren ondoren, beste kideekin eta terapeutekin interakzioan jardun ohi dute, esperientzia nola bizi izan duten kontatzeko.
Aita Mennin badakigu errealitate birtualak tratamenduarekiko atxikimendua hobetzen duela, horrelako terapiak oso gustura egiten direlako. Hainbat azterketatan oinarrituta, Oroin nabarmentzen dute beraienak bezalako errealitate birtualeko edukiek lagundu egiten dutela terapia laburragoak eta eraginkorragoak egiten -adinduen edo esklerosi anizkoitza edo desgaitasun intelektuala duten pertsonen zentro ugaritan erabiltzen ari dira-. Plataformaren beraren azterketa baten arabera, errealitate birtualeko betaurreko horiek erabiliz, eta mailak erabiltzailearen narriadura kognitibora eta erantzuteko gaitasunera egokituta, handitu egiten dira dementzia duten pertsonen ongizatea eta inplikazioa.
Esperientzia probatzeko aukera izan zuten Aita Menniko profesionalek interes handia erakutsi zuten hainbat edukiri buruz, esaterako, sintoma konduktualak eta psikologikoak arintzeko prozeduretan laguntzeko, eta Oroiri iradoki zioten bide segurtasunari zein etxeko istripuak prebenitzeari lotutako edukiak ere lantzeko.