Doctora con estetoscopio y corazón de Hermanas Hospitalarias

Bioetika

Ahizpa Ospitalarioen zentroek Bioetikaren printzipioak eta balioak gehitzen dituzte erabaki asistentzialak hartzeko, asistentziaren zuzentasuna eta kalitatea hobetzeko.

Pertsonaren duintasunaren defentsak zentralizatzen ditu gure ahaleginak, osasun arrazoiengatik ahulago senti daitekeenean, zientzia eta humanizazioa uztartuz.

Jarduera osoan dimentsio etikoa gehitzen dugu, osasun laguntzatik gizarte  eta hezkuntza ekintzaraino, eta elkarrizketa bioetikoa sustatzen dugu, eguneroko praktikan printzipio eta irizpide komunen inplikazioa argitzeko.

Dimentsio etikoa asistentzia eta hezkuntza jarduera orotan

Etikak zentroen eguneroko zereginean planteatzen dituen galdera berriez jabetuta, gure balioen artean sartzen dugu; Hospitalitatea bera funtsezko esperientzia etikoa da, gure misioa barne hartzen duena, harrera jasotzen duen pertsonarekin egiten den jarduera ororen berezko dimentsio etikoa indartzen duena.
Etika Espainiako Probintziaren jarduera ospitalario osoaren parte da, eta bermatu egin behar da, bai xedeetan, bai edozein bitartekotan.

Gure asistentzia eta hezkuntza jardueran dimentsio etikoa garatzeko, Bioetika Batzordeak, Komisioak eta Taldeak ditugu.

Balio etikoen garapena asistentzia eta hezkuntza praktikan

Etikak erabakiak hartzen gidatzen gaitu, irizpide hauek erreferentziatzat hartuta:

  • Giza duintasunarekiko errespetua: pertsona orok merezi du tratu duina, eta, beraz, helburu gisa tratatua izatea, eta ez bitarteko huts gisa.
  • Giza bizitzaren defentsa: pertsonak erabat garatzeko aukera izan dezan. Lau printzipio etiko hartzen ditugu kontuan edozein erabaki hartzeko garaian: malefizentzia ezaren printzipioa, benefizentziaren printzipioa, autonomiaren printzipioa eta justiziaren printzipioa.

Eskubideen defentsa

Giza eskubideen eta norbanakoaren oinarrizko askatasunen errespetua gure zentro guztietan bermatu behar da. Gainera, gure gizarte erantzukizunetik, uste dugu ingurune komunitarioetan sustatu behar dela.

Horregatik, estigmaren aurkako borroka, normalean nahasmendu mentalak, desgaitasun intelektualak eta abar dituzten pertsonei lotuta, ez da aukera bat, konpromiso etiko bat baizik.

Asistentzia Etikorako Batzordea

Aita Menni Ospitaleak Asistentzia Etikorako Batzorde (AEB) bat dauka, eta bere zeregina da aholku eskatzen dutenei orientazioa ematea gaixoei laguntza ematean gerta daitezkeen gatazka etikoen aurrean. AEBk kalitate asistentziala eta laguntza ematen du arazo etikoak ebazteko, praktika asistentzialean erabakiak hartzeko orduan hainbat balio sartuz.

Bizitzaren amaieran, ohikoa da gatazka etikoak agertzea: sedazioa, tratamenduari uko egitea, eutanasia, esfortzu terapeutikoa egokitzea, mekanikoki lagundutako suizidioa, zainketa aringarriak… Sarritan, alderdi horiek eta beste askok analizatzea eta aztertzea behar dute. Eta analisi hori metodo bati jarraituz egiten da: Diego Graciaren metodo deliberatiboa da.

Zilegi da kontentzioa pazienteengan? Nola zaindu segurtasuna (norberarena eta pazientearena) erasotzen ari zaigun paziente bat kudeatzean? Familiak, legezko tutoreak izanik ere, uko egin diezaioke guk elikatzeko xiringa erabiltzeari, dementzia larria duten pertsonak elikatzeko bide gisa? Horrela izanez gero, gure betebeharra esku hartzea da? Medikuak ospitalera eraman behar du gogoz kontra bere pazientea, familiak horrela nahi duelako? Horrelako galderei erantzutea da gure Asistentzia Etikorako Batzordea-ren zeregina.

Horretarako, profesionalei erabakiak hartzea erraztuko digun tresnarik garrantzitsuenetakoa izango da Erabakien edo Zainketen Aurretiazko Planifikazioa egitea. Borondatea aurrez zein den jakitea, tratamendu jakin batzuei buruzko usteak eta nahiak ezagutzea edo, aitzitik, nahi ez duena… horrek arindu egiten du erabakia hartu behar duenaren estualdia, izan familiarena, ordezkaria delako (idatziz uzten da), edo haren ordez diharduelako (horrela egingo lukeela ustez egiten da, aurrez zein zen borondatea jakin gabe).

Aita Menni Ospitalean Asistentzia Etikorako Batzordea eratu zen orain dela urte batzuk, hainbat profesionalek osatuta. Gaur egun, zentroak bultzada berria eman dio zerbitzuari, prozesu asistentzialean gerta daitezkeen arazo etikoei buruz edozein pertsona orientatzeko xede nagusiarekin, izan profesionala zein ez. Horrenbestez, “Gure abegikortasunak praktika etikoa indartzen du; Bioetika sustatzen dugu bere printzipio eta nortasun balioekin leialak izaten; Esparru eta erabaki guztietan etikoak izatea eskatzen diogu geure buruari: laguntzan, antolaketan eta kudeaketan”. (Cf. Ospitaleko balioak. Etika jarduera bakoitzean. Erakundearen nortasun esparrua, 38. zk.).

Eginkizunak eta helburuak

Batzordeak garatzen dituen zereginen artean dago asistentzia harremanean inplikaturiko pertsona oro aholkatzea, profesionala izan zein ez izan. Bere eginkizun nagusiak hauek dira:

  • Ahalik eta asistentzia ingurune gizatiarrena sustatzea.
  • Asistentzia harremanean esku hartzen duten pertsonen duintasuna errespetatzen dela zaintzea.
  • Gatazka etikoak sortzen diren egoeretan, erabakiak hartzeko prozesuan aholkuak ematea.
  • Ikuspegi etikotik aholkuak ematea.
  • Langile asistentzialen prestakuntza bioetikoan laguntzea.

Bere helburuak lortzeko:

  • Praktika asistentzialean erabakiak hartzeko garaian balioak sartzen ditu.
  • Gatazka orokorretan eta zehatzetan orientatzen du, asistentziaren kalitate handiagoa lortzeko.
  • Arlo hauen inguruko ezagutza handitzen du: adibidez, protokoloak, dokumentuak edo gidak landuz behin eta berriz agertzen diren gatazkei buruzko gomendioekin, eta bioetikaren gaineko prestakuntza emanez.

AEBren funtzioen artean ez dago osasun langileen jokabide etikoari buruzko judizioak egitea. Profesionalen eskumenekoak diren erabakietan ere ez ditu haiek ordezkatzen.

Osaera

Asistentzia Etikorako Batzordeak diziplina anitzeko osaera du: osasun langileak, legelariak, kide legoak eta bioetikako espezialistak. Euskadiko Sorospenerako Etika Batzordeak sortu eta kreditatzeari buruzko 143/1995 Dekretuaren, otsailaren 7koaren, arabera kreditatu eta araututa dago, Euskadiko gainerako ospitaleetan gertatzen den bezala, eta funtzionatzeko erregelamendu bat dauka.

Harremanetan jartzeko interesa dutenek mezu elektroniko bat idatzi dezakete helbide honetara: [email protected] . Halaber, AEB osatzen duten edozein kiderekin jarri daitezke harremanetan, edo 943 79 44 11 telefonora deituz.

AEBtik idatziz erantzuten zaio kontsulta egin duenari, erabateko konfidentzialtasunaren bermearekin. Kasuak guztiz konfidentzialak dira: aholkularitza eskatu duenak baino ezin du publiko egin, hala nahi badu. Kontsulta gehienak aholkularitza eskatzen duten profesionalengandik iristen dira.

AEBk prestatzen dituen txostenek gomendio izaera dute; ez dira derrigor bete beharrekoak.

AEB hilean behin elkartzen da. Batzordea osatzen duten lagunek euren borondatez eta kobratu gabe dihardute.